Koronabirusa

Baldintza duinak galdetzeko greba egin dute osasun langileek Baionan

Medikuntza eta gizarte langileak Segur erreformatik «kanpo gelditu» dira. Baionako ospitaleko sendagileek greba hasi dute

Medikuntza eta gizarte arloko langileen protesta atzo, Baionan. G.FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2021eko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
«Nekatuak gara: ezin dugu gehiago. Lan baldintza duinak behar ditugu, artatzen ditugunak duintasunez artatu ahal izateko». Cindy Guerin medikuntza eta psikologia laguntzailearen hitzak dira. Azken urteetan, medikuntza eta gizarte arloko langileak «arrunt utziak» izan direla pentsatzen du. Osasun langile «guztien» lan baldintzen hobetzea eskatzeko, greba eguna antolatua zuen CGT sindikatuak atzo, eta 50 bat osasun langile bildu ziren Baionako merkatu plazan.

COVID—19ak sortutako egoera sanitarioak «aspaldiko egiturazko arazoak azaleratu» ditu, Gaelle Clerc gizarte hezitzailearen eta CGTko kidearen ustez. Ospitaleetan sortutako egoera ikusirik, Frantziako Gobernuak Segur osasun erreforma abiatu zuen sindikatuekin negoziazioak eraman ondotik, iragan irailean. Besteak beste, lansariak «doi bat» emendatu zizkieten sektore publikoko zein pribatuko langileei, baina medikuntza eta gizarte arloko langileak «berriro ere kanpo» gelditu dira, Clercen arabera,«elkarte gisa funtzionatzen duten egituretakoak sustut». Harekin bat egin du Guerinek: «Lan bera egiten dugu, hein bereko diplomak ditugu baina erreforma horrek baztertzen gaitu arrunt». Bestalde, gainerako osasun langileek bezala COVID saria eskuratzeko «egiazko borroka bat» eraman behar izan zutela salatu zuten. «Zuzentasun falta da, argiki», Clercen ustez. Are gehiago, CGTko kideak esan zuen Segur erreforma «umiliazio» baten moduan bizi dutela: «Besteak bezala tratatuak izan nahi dugu».

Medikuak ere kexu

Medikuntza eta gizarte langileek ez ezik, Baionako ospitaleko medikuek ere protesta hasi zuten iragan astean. Haiek ere salatu dute Segur erreformak mediku zenbaiti kalte egiten diela. Izan ere, ospitale publikoan lan egitea erakargarriago egiteko, hasi berri diren medikuen lansaria emendatu du Frantziako Gobernuak, baina aitzinetik postua duten medikuek hozkak galdu dituzte lansarien mailakatzean.

Ipar Euskal Herriko osasun langileek bezala, Osakidetzako langileek ere hainbat protesta egin zituzten atzo, eta datorren astean greba eginen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.