Albistea entzun

Euskara euskaraz artatzeko

Hizkuntza arazoak dituzten haur euskaldunak artatzeko, hizkuntza gaitasuna neurtzeko tresna bat sortu dute Ipar Euskal Herrian. 'Higa' du izena, eta ontze bidean da.
Haur bat liburu bat irakurtzen, artxiboko irudi batean.
Haur bat liburu bat irakurtzen, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU Tamaina handiagoan ikusi

Oihana Teyseyre Koskarat -

2022ko urtarrilak 6 - Baiona

Mota askotakoak izan daitezke hizkuntza patologiak: afasia, dislexia, hitz jario motela, ulermenerako edota ekoizpenerako zailtasunak... Hain zuzen, horiek artatzeko lanetan aritzen dira logopeda edo ortofonistak. Lehenik, pazientearen hizkuntza garapena neurtzen dute, eta, ondotik, ariketa bereziak egiten dituzte patologia artatzeko. Ipar Euskal Herrian, ordea, material gehiena frantsesezkoa da. Hain zuzen, egoera iraultzeko, ortofonista euskaldunek talde bat osatu dute, haur euskaldunak artatzeko materiala sortzeko helburuarekin.

«Hasieran, elebitasunaren inguruan interesa zuten profesional batzuk bildu ginen, eta emeki-emeki ohartu ginen ortofonistek euskarazko hizkuntza maila aztertzeko tresna baten behar handia genuela», azaldu du Joana Itzaina ortofonistak. Bada, ikertzaile batzuekin elkarlanean, Higa tresna sortu dute: haur euskaldunen —elebakar zein elebidunen— hizkuntza garapena neurtzeko tresna bat da. Adin lagin bateko haurren hizkuntza maila neurtzeko balio du, eta horren bidez «batezbesteko maila» ezagutzea da helburua, ondotik hizkuntza arazoak dituzten haurrak eskala horretan kokatu ahal izateko, eta egoki artatzeko.

Itzaina: «Hizkuntza patologiak neurtzeko edo hizkuntza patologiarik baden ikusteko, badira anitz tresna, baina euskarazkorik ez genuen. Hutsetik abiatzen ginen, eta abiapuntu bat hautatu behar izan dugu». Hala, 4 eta 8 urte bitarteko haurren hizkuntza maila neurtzeko tresna bat sortzeko lanean aritu dira. Fonologia, lexikoa, eta gramatika eta morfosintaxia neurtzeko diseinatu dute; arlo bakoitzean, haurren ulermen eta ekoizpen mailak neurtu dituzte. Horretarako, eskola elebidunetan eta ikastoletan ibili dira ortofonistak, «batezbesteko» emaitza horiek lortu ahal izateko. Datuak bildurik, orain, hizkuntzalari batzuen esku utzi dituzte: Marie Pourquie Iker ikerketa zentrokoa eta Marijo Ezeizabarrena Elebilab laborategikoa ariko dira datuak aztertzen.

Oraingoz, Ezeizabarrenak azaldu du tresna bera aztertzen ari direla, eraginkorra den ikusteko. «Erabaki behar izan dugu zein irudi, zein hitz, zein grabaketa erabili. Osatu dugun materiala probatu dugu Iparraldeko eskoletan, eta, beraz, euskalkiekin ere adi ibili behar izan dugu. Tresnak ez du balio euskalki guztietarako, baina edozein lekutako umeentzat egingarria izan zitekeen materiala prestatzea izan da erronka». Adibide praktiko bat eman du: 4 urteko haur baten ulermena neurtzeko, hodei edo laino hitzetarik zein baliatu erabaki behar izan dute. «Guk haurrari galdetu behar diogu 'Zein da hodeiaren irudia?', edo galdetu behar diogu 'Zein da lainoaren irudia?', horrelako galderak izan ditugu, eta ahal bezain tresna egokia egiten saiatu gara», azaldu du.

Elebitasunaren erronka

Itzainak zehaztu du haur elebidunen kasuan hizkuntza azkarrena neurtzen dutela patologiarik baden ikusteko. «Gaur egun, haur euskaldun guziak goiz ala berant elebidunak bilakatzen dira. Beraz, tresna sortzean bi irizpide kontuan hartu behar genituen: batetik, euskarari egokitua zen tresna bat sortzea, eta, bestetik, elebitasuna kontuan hartzea». Azaldu du haur elebidun batek, berez, hizkuntza patologia bat izanez gero, bi hizkuntzak dituela kaltetuak. «Haatik, gertatzen ahal da hizkuntza bat gutxiago entzun izana. Adibidez, 4 urteko haur bat frantsesez mintzo bada familian, eta ikastolan sartzen bada hiru urtetan, frantsesa aise denbora gehiagoz entzun du. Segur aski, bere hizkuntza maila neurtuz gero, euskara maila apalagoa izanen du, baina horrek ez du baitezpada erran nahi patologia bat duenik».

Ezeizabarrenak, gainera, nabarmendu du elebitasuna «mota askotakoa» izan daitekeela: «Era askotako elebidunak dauzkagu, txikien artean ere bai. Kontuan izan beharko dugu, beraz, ezin direla balio edo emaitza berak lortu ingurune euskaldunetan eta ingurune erdaldunetan bizi diren umeen artean». Haren ustez, beraz, hau da hurrengo erronka: «Testuinguruen arabera egokitu beharko da Higa tresnarekin lortu dugun erreferentziala».

Proiektu hori garatzeko, Geroa fundazioaren eta Akitania Berriko Eskualdearen laguntza ekonomikoa izan du taldeak. Eskualdeak ikertzaileen postuak diruztatuko ditu epe batez, eta Geroa fundazioak 70.000 euroko laguntza eman dio proiektuari. Izan ere, Higa tresna sortu ondotik, bigarren urratsa hizkuntza patologiak artatzeko euskarazko ariketa bereziak sortzea izanen da. «Usaian, frantsesez jadanik prest diren ariketak eta tresnak baliatzen ditugu, itzulpena eginez. Sorrera prozesuan parte hartzea aberasgarria izan da, eta oraino anitz gauza ditugu garatzeko euskaraz», dio Itzainak.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©Jagoba Manterola, Foku

Mikel Arregi: «Ziurtasun juridikoa bermatuko duen lege bat behar dugu»

Ion Orzaiz

Nafarroako hizkuntza politika kudeatzen du Euskarabideak. Mikel Arregi zuzendariak argi du eskubideak bermatzetik «urrun» direla oraindik, baina «urratsak» nabarmendu ditu.

Salaberria eta Balda. ©Gorka Rubio, Foku

Ekintza solteetatik, apustu sendoetara

Oihane Puertas Ramirez

Lan mundua euskalduntzeko lanean ari dira Amaia Balda Emuneko koordinatzailea eta Aitziber Salaberria Elhuyarreko euskara planen arduraduna. Uste dute hizkuntza politika ausartagoak behar direla horretarako.

Dimako Errotazar zentral hidroelektrikoa. ©Aritz Loiola / FOKU

Gura baino gutxiago

Ibai Maruri Bilbao - Bizkaiko Hitza

Hamasei zentral hidroelektriko daude Bizkaian: handi bat eta hamabost txiki. Kontsumoaren %1 sortzen dute. Ibaien emari txikiagatik, energia ekoizpen hidraulikoak ez du hazteko aukera handirik. Jabeek laguntza eskatu dute.

 ©Josune Zarandona

«Adineko pertsonok asko daukagu esateko alor askotan»

Josune Zarandona - Gipuzkoako Hitza

Zahartzaro aktiboa aldarrikatzen eta praktikatzen duten pertsonen artean, adibide argia da Asun Ugarte Gipuzkoako Nagusilan Adin Nagusiko Giza Boluntariotza elkarteko lehendakariordea da eta Legazpiko ordezkaritzako koordinatzailea. Gero eta gehiago dira aktibo eta gizartean eragitea dute helburu nagusi.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...