Azkura duelako egiten du hatz

Fernando Mikelarenak historialari anitzen babesa jaso du. Arturo del Burgok salaketa jarri dio, bere aitona 1936ko urrian Nafarroako erreketeen buru izan zela esateagatik.

Fernando Mikelarena historialaria, Iruñeko Alde Zaharrean, 2019ko abenduan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
edurne elizondo
Iruñea Nafarroako Hitza
2021eko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Liburu ausarta da; ez die biktimei erreparatzen, biktima horien hiltzaile izan ziren erantzule, laguntzaile eta gauzatzaileei baizik». Orreaga Oskotzenak dira hitzak Isidoro Egia Olaetxearen biloba da; aitatxi zuena eta haren hiru anaiak hil zizkioten, 1936ko altxamendu militarraren ondorioz; 2016an erran zituen, Fernando Mikelarenak Sin piedad. Limpieza política en Navarra, 1936. Responsables, colaboradores y ejecutores (Pamiela, 2015) argitaratu eta gero. Historialariak lan horrekin hasi zuen Muertes oscuras (Pamiela, 2017), eta La (des)memoria de los vencedores (Pamiela, 2019) liburuekin osatu duen trilogia, 1936ko garbiketa politikoari buruz. Duela bost urteko hitzak berretsi ditu Oskotzek orain, eta nabarmendu du gertatu denak erakutsi diola zuzen zela: Jaime del Burgo Torresen biloba Arturo del Burgok Fernando Mikelarena salatu du, bere aitona trilogian aipatzeagatik.

«Salaketa horrek erakusten du bide onetik ari dela Fernando [Mikelarena]», erran du Oskotzek; azkura duelako egin duela hatz Del Burgoren familiak, alegia. Irainengatik kereila kriminala aurkeztu aurretiko adiskidetze egintzara deitu zuten Mikelarena, hilaren 18an, Iruñeko Lehen Auzialdiko 5. Epaitegira. Arturo del Burgok bere eskaerari eutsi zion egun horretan: asmo zuen Mikelarenak onar zezala La (des)memoria de los vencedores liburuaren eta 2020ko urrian argitaratutako Saca de Tafalla-Monreal 21/10/1936 artikuluaren egilea dela, eta onar zezala ez duela inolako frogarik aurkitu Jaime del Burgo ezein hilketarekin lotzeko.

«Ez nuen horrelakorik espero», erran du Fernando Mikelarenak, lasaitasunez. Adiskidetzeari uko egin zion hilaren 18an; 1936. urteko garbiketa politikoari buruz aipatutako lanak idatzi dituela onartu zuen, noski, eta lan horietan errandakoa berretsi zuen: «Jaime del Burgo Torres Nafarroako erreketeen buruzagia izan zen». Esteban Ezkurrak izendatu zuen, behin-behinean. «Kargu horretan izan zen, gutxienez, 1936ko urriaren 18tik 27ra; halaxe jaso zuten garai hartan Pensamiento Navarro eta Diario de Navarra egunkariek».

Tafallako fusilatuak

Del Burgo erreketeen buruzagi zela gertatu zen, beraz, Tafallako ateratzea. Eta hori berretsi duMikelarenak. «Datuek diote Del Burgo zela erreketeen buruzagi egun horietan, eta horixe erran dut, ez bertzerik».

1936ko urriaren 21ean, Nafarroako Karlisten Gerra Batzorde Nagusiaren baimenarekin, Tafallako 64 errepublikazale herritik atera, eta hil egin zituzten Elon. Tafallako erreketeen buru Julian Castiella urriaren 18an hil zen,Siguenzako (Espainia) frontean, eta «zigor gisa» hil zituzten Tafallako herritarrak. Egun hartakoaz dauden lekukotzek ez dute Del Burgo Torres Tafallan edo Elon kokatzen. «Garai hartako lekukotzen eta datuen araberako informazioa eman dut nik; nire diskurtsoa kritikatzen ahal da, bainadatuekin egin behar da hori; eta datuen arabera argitaratu dudana ezin du inork ezeztatu», nabarmendu du Mikelarenak. Historialarien lana «mugatzeko» saiakerak kezkatzen du batez ere, eta garbi erran du epaileek ezin dutela lan historiografikoa berrikusi. «Historialarion lana da hori».

Mikelarena ez da hori uste duen bakarra. Historialari anitzen babesa jaso du egunotan; batetik, Basilio Lacort Ateneoko zenbait kidek gutuna idatzi eta zabaldu dute haren alde. Bestetik, Pamiela argitaletxeko kideen babesa ere jaso du Fernando Mikelarenak. «Haiei deitu nien, kereilaren berri jaso bezain pronto», oroitu du historialariak. Pamielako arduradun Txema Aranazek ere aitortu du Arturo del Burgok egindako urratsak «harritu» egin duela. «Ez genuen espero», berretsi du. «Are gutxiago kontuan hartuta asmo berean atzera egin behar izan zuela bere aita Jaime Ignacio del Burgok», erantsi du Aranazek.

Izan ere, antzeko kereila kriminala aurkezteko saiakera egin zuen UPN-PPko diputatu izandako Jaime Ignacio del Burgok 2016an, Jose Ramon Urtasun margolariaren aurka, Navarra1936Nafarroa izenburupean Nafarroako Parlamentuan egindako erakusketagatik. Orduan, orain bezala, agerian gelditu zen Zigor Kodeak ez duela hildakoen ohorearen defentsarako aukerarik ematen; saiatzekotan, bide zibiletik egin behar dela, alegia.

Lanean jarraitzeko gogo eta asmo sendoa agertu du Mikelarenak. Eta eskertu egin dio keinua Orreaga Oskotzek. «Historialari zintzoa da, eta senideenganako errespetu handiz egiten du lan», nabarmendu du. Oskotzek garbi du Del Burgoren bilobak «mahaian kolpea jo» nahi izan duela. «Fernandoren lanak min egiten dien seinale». Areka memoria elkarteko kidea da Oskotz. 1936ko garbiketa politikoan hildakoen eta errepresaliatuen bilobek eta ilobek osatzen dute. Elkarteak babesa eta elkartasuna agertu dizkio Mikelarenari. «Ez da zilegi mezularia isilaraztea jasotzaileak mezua gustukoa ez duenean».

Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollok ere haren lana babestu du : «Diskurtso negazionistek gora egiten duten garai honetan, ahanztura eta memoriarik eza bultzatzen diren honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da Mikelarenaren gisako historialariek egiten duten lana babestea».

Poloniako kasua

«Historialariak askatasunez egin behar du lan», berretsi du Mikelarenak. Euskal Herritik at gertatzen ari denari ere egin dio so, eta Polonian jazotakoa salatu du. Berriki, bi historialari zigortu dituzte herri horretan, eta 1.600 orrialdeko saiakera bateko paragrafo bat «zuzendu» eta «barkamena eskatu» beharko dute. Jan Grabowski eta Barbara Engelking dira egileak.Malinowo herriko alkateak emakume judu bat nazien esku utzi zuela eta zeukana lapurtu ziola kontatu zuten saiakeran. Alkatearen iloba batek salatu zituen, eta bere aldeko ebazpena jaso du. Poloniako Gobernuak ukatu du epaiketarekin zer ikusirik izatea. Prozesuak, halere, gobernuak bultzatutako lege bat du oinarri. «Horrelakorik ezin da onartu», erran du Mikelarenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.