Albistea entzun

Ikastolak, laguntza sarea iruten

Urtero Ikastolen Elkarteko familiek jarritako diruaren bidez, diruz laguntzen diete zailtasunik handienak dituzten ikastolei. Gaur erabakiko dute zer proiektu babestu.
Elkartasun Ikastolaren bidez Baionako Bernat Etxepare lizeoan egindako proiektua.
Elkartasun Ikastolaren bidez Baionako Bernat Etxepare lizeoan egindako proiektua. IKASTOLEN ELKARTEA Tamaina handiagoan ikusi

Irati Urdalleta Lete -

2021eko otsailak 25

Eman eta jaso. Jaso eta eman. Horixe da elkartasuna, eta helburu hori jarrita sortu zuten Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartea, 2012an. Honetan datza Elkartasun Ikastolen proiektua: Ikastolen Elkarteko familia bakoitzak diru kopuru bat jartzen du, eta gehien behar duten ikastolei laguntzeko erabiltzen dute bildutakoa. Elkartasun Ikastolen Batzar Nagusia dute gaur, eta han dira erabakitzekoak zer proiektu babestu.

Duela zortzi urte pasatxo jarri zuten martxan Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartea, baina Jose Luis Sukia Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, «solidaritate kontzeptua» aurretik dator. Hain zuzen ere, 1992an martxan jarritako ikastolen Elkartasun Kutxan ditu oinarriak. Ordutik, hemezortzi milioi eurotik gora banatu dituzte Euskal Herri osoko ikastolen artean, eta, egun, urtean 800.000 euro izaten dituzte banatzeko.

Diru hori «arazo koiunturalak» konpontzeko erabiltzen dute, eta ez «arazo estrukturaletarako», Sukiak nabarmendu duenez: «Arazoa estrukturala baldin bada, beste irtenbide batzuk bilatu behar ditugu, eta bideragarritasun planak egin behar dira». Hau da, laguntza ez dute ohiko funtzionamendu gastuetarako ematen, inbertsio edo proiektu berrietarako baizik. Beraz, ondo finkatua dute zertarako erabili behar den Elkartasun Kutxako dirua: ikastolak sortzen laguntzeko, «inbertsio estrategiko» berriei aurre egiteko, «aktibitate estrategiko» berriak martxan jartzeko eta garatzeko...

Eta Euskal Herri osoko ikastoletara bideratzen dute: «Helburua ez da ikastola berak urtero diru bat jasotzea; aldatzen joaten dira», azaldu du Sukiak. Halere, haren hitzetan, bereziki Iparraldeko eta eremu ez-euskalduneko ikastoletara bidaltzen dute dirua, baina baita Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait ikastola txikitara ere: «Normalean, Iparraldean ikastola berriak sortzeko izan da. Nafarroan, batez ere eremu ez-euskaldunean, Tuteran eta Lodosan, egin behar izan zituzten inbertsio handi batzuk, eta, txikiak izanik, mailegu horiek finantzatzen laguntzeko izan zen. EAEn ere, ikastola txiki batzuk badaude inbertsio handiak egin behar dituztenak. Ikastola guztien artean laguntzen diegu hori finantzatzen eta proiektua aurrera ateratzen».

Gaur bertan dute Elkartasun Ikastolen Batzar Nagusia, eta han aukeratuko dute zer proiektu babestu. Proposamen ugari dituzte: Argantzongo ikastolan (Trebiñu) itundu gabe dagoen gela bat finantzatzea; Tuterako (Nafarroa) Argia ikastolaren bideragarritasunari laguntzea; Berako (Nafarroa) Labiaga ikastolari mailegu bat ematea, obra batzuk egiteko mailegua lortzeko zailtasunak dituelako; Ibarrako (Gipuzkoa) Uzturpe ikastolako lur mugimenduek eragindako kalteak konpontzen laguntzea; Baionako Estitxu Robles kolegioko lanetarako laguntza ematea...

Elkartasuna helburu

Proiektu berri horiek sustatzearekin batera ikastolen arteko elkarlana ere bultzatzen dutela azpimarratu du Sukiak: «Azken finean, ikastola ez da bere herrian bakarrik dagoen ikastola bat, baizik eta talde gisa funtzionatu behar dugu, eta, talde guztietan bezala, batzuetan tokatzen zaizu zuk laguntzea, eta beste batzuetan zuk jasotzen duzu laguntza hori. Kontzeptu hori oso-oso errotuta dago ikastoletan, eta hori ari gara lantzen». Eta hori «oso garrantzitsua» iruditzen zaio: «Guretzat oso garrantzitsua da jakitea laguntza behar duzunean aldamenean beste bat dagoela zuri laguntzetako, eta hurrengo egunean zuk lagundu beharko duzula».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ertzaintzaren auto bat, artxiboko irudi batean. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Santurtzin hilik topatutako adingabe baten heriotza ikertzen ari da Ertzaintza

Jon O. Urain

Ostiralean zerraldo topatu zuten senideek. Ertzaintzak baieztatu du gorpuak kolpeak zituela eta litekeena dela horien ondorioz hil izana
 ©Andoni Lubaki / Foku

Suak zerua ilundu zuenekoa

Edurne Elizondo - Nafarroako Hitza

Suteek hagitz gogor jo dute Nafarroa, eta 14.500 hektarea inguru utzi dituzte kiskalita. San Martin Unx da suak inguratutako herrietako bat. Etxerik ez dute galdu, baina izua bazter uztea ez da erraza izaten ari herriko biztanleentzat. Suhiltzaileek, berriz, baliabiderik eza salatu dute.

Eva Isturiz, Nafarroako Berdintasun Institutuko zuzendaria, Iruñeko Sarasate pasealekuan. ©Idoia Zabaleta, FOKU

«Sexu erasoetan, biktimak bere buruari egotzi ohi dio errua»

Uxue Rey Gorraiz - Nafarroako Hitza

Festetako sexu erasoen kontrako aurtengo kanpaina aurkeztu du berriki Nafarroako Berdintasun Institutuak, Berridatz ditzagun jaiak lelopean. Erasoen gaineko aurreiritziak hautsi beharra nabarmendu du erakunde horretako zuzendari Eva Isturizek.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...