Are aitzindariagoa bihurtzeko

Homosexualitatea kartzelarekin zigortzen da Tunisian. Munir Baatur da mundu arabiarreko lehen presidentegai ageriki homosexuala, eta lege hori kendu nahi du.
Munir Baatur Tunisiako Alderdi Liberaleko hautagaia, bere bulegoan, Tunis hirburuan. 97 presidentegai aurkeztu dira irailaren 6ko bozetarako.
Munir Baatur Tunisiako Alderdi Liberaleko hautagaia, bere bulegoan, Tunis hirburuan. 97 presidentegai aurkeztu dira irailaren 6ko bozetarako. RICARD GONZALEZ

Ricard Gonzalez -

2019ko abuztuak 28
Berriz ere, Tunisia bidea zabaltzen ari da mundu arabiarrean: lehenbiziko aldiz mundu arabiarrean, ageriki homosexuala den presidentegai bat aurkeztuko da hauteskundeetara. Dena dela, horrek ez du esan nahi herrialdea bereziki tolerantea denik gutxiengo sexualekin. Indarrean den lege baten arabera, hiru urteko espetxealdiarekin zigortzen da homosexualitatea, eta, hain zuzen, lege hori ezeztatzea du lehentasunetako bat presidentegai horrek, Munir Baaturrek, irailaren 15eko hauteskundeetarako. Dena den, Hauteskunde Batzordeak hautagaitza bertan behera utzi zuen abuztu erdialdean, argudiatuz arazoak daudela Baaturrek hautagaitzarako aurkeztutako sinadurekin. Helegitea jarri zuen, eta batzordea larunbat honetan da ebazpen bat ematekoa.

Homosexuala izatea nabarmendu dio gehien nazioarteko prentsak, baina Baaturrek nahiago du hori aldarri ez bihurtu. «Nire sexu orientazioa ez da kontu garrantzizkoa. Beste hautagaiei ez diete ezer galdetzen horretaz. Ez zait inporta komunikabideek aipatzea, baina uste dut alderdi bateko hautagaia naizela, ez besterik», komentatu du, bere bulegoan eserita. Tunisiako Alderdi Liberalekoa da: alderdi txiki bat da, 2011n sortua, eta Baatur bera da burua. Gutxiengoen eskubideak dira haren programaren ardatza, eta arlo publikoan erlijioa eta politika argi eta garbi bereizi beharra defendatzen du.

Baatur abokatua da, 48 urtekoa, eta hauteskundeetan lehiatuko diren 97 hautagaietako bat da. Dena dela, gehienek nabarmendu besterik ez dute egin nahi, ez baitute betetzen legeak eskatutako baldintzetako bat bera ere: ez dituzte 10.000 herritar baino gehiagoren sinadurak, ez dute 40 alkateren edo hamar diputaturen babesa gutxienez. Seguru asko, lehenbiziko galbahea pasatutakoan, 30 bat hautagai bakarrik geratuko dira. Inkestetan faboritoa da komunikazio munduko magnate Nabil Karoui, baina joan den astetik espetxean dute, zerga iruzurra eta dirua zuritzea leporatuta. Hauteskundeak azaroan ziren egitekoak, baina aurreratu egin behar izan dituzte, udan zendu baita orain arteko presidentea, Beji Caid Essebsi, 92 urterekin.

Baatur hautagai liberala buruzagia da LGBTI komunitatearen eskubideen aldeko elkarte borrokalarienean, Xams taldean, eta horregatik da ezaguna batez ere. Komunikabideetan egiten dizkioten elkarrizketetan, Tunisiako ekonomia ahula sendotzeko neurriak azpimarratu ditu nagusiki, ekonomia baita tunisiarren kezkarik handiena. Nolanahi ere, programan ez ditu ahaztu gutxiengo sexualen aldeko lege aldaketak: «Lehenbizi, indarrik gabe utzi behar da homosexualitatea krimentzat jotzen duen artikulua, 230.a. Gero, zuzenketa bat egin behar zaio zigor kodeari, homosexualen kontrako indarkeria larrigarritzat joko duena. Azkenik, eskubidea eman behar zaie transexualei beren egoera zibila aldatzeko, ebakuntza egin beharrik izan gabe ere».

2011tik, Zine el-Abidine ben Aliren diktadura itogarria eroriz geroztik, homosexualitatea ez da tabua jadanik, eta Tunisiako eztabaida publikoaren parte da. Demokraziarako trantsizioak modua eman du LGBTI elkarteak sortzeko: herrialde arabiar gehienetan debekatuak daude, eta homosexualitea jazarria da guzti-guztietan. Dena dela, Tunisiako zabalkunde horrek ez du ekarri laxoago aplikatzea 230. artikulu hainbeste kritikatua, zeina frantsesen kolonizazioaren garaian ezarri baitzuten zigor kodean, hain zuzen. «Hau hondamena da. Gero eta homosexual gehiago atxilotzen ari dira, hori da joera. Iaz, 130 atzeman zituzten», salatu du Baaturrek. Bera ere egon zen kartzelan, hiru hilabete, lege zapaltzaile horren ondorioz.

Tunisiarrek, eta batez ere agintariek, gogoko dute herrialde ireki eta tolerantearen irudia ematea, baina oso pentsaera kontsebadorea dute gutxiengo sexualen eskubideen gaian. BBC kateak berriki eginiko inkesta batean, tunisiarren %7ri bakarrik iruditzen zaie «onargarria» homosexualitatea, eta ehuneko hori txikixeagoa da kontserbadoreagotzat jotzen diren herrialde batzuetakoa baino, hala nola Aljeriakoa (%26), Marokokoa (%21) eta Sudangoa (%17).

Datu horiek gorabehera, homosexualitatea zigorgabetzeko eskatuko dio Baaturrek hurrengo parlamentuari. 1950eko urteetako egoerarekin konparatu du oraingoa, orduan legez kanpokotzat jo baitzen poligamia: «Orduan ere, gehienak kontsebadoreak ziren, aldaketa sakon haren kontrakoak, eta, hala ere, gizarteak ondo hartu zuen aldaketa». Auzitegi Konstituzionalaren epai baten bitartez ere indargabetu dezakete 230. artikulua. Nolanahi ere, auzitegi hori sortzea onartu eta bost urtera, oraindik ez da eratu, alderdi politikoak ez direlako ados jarri zer magistratu izendatu.

LGTBI komunitatean

Baatur ausarta da, baina ez da denen gogokoa Tunisiako LGTBI komunitatean. LGTBI komunitatearen eskubideen aldeko taldeen artean, gobernuz kanpoko elkarte batek baino gehiagok manifestu bat sinatu dute haren hautagaitzaren kontra. Besteak beste, hauxe leporatzen diote: «Behin baino gehiagotan bortxatu du inoren bizitza pribatua, argitara emanez LGBTQ jendearen informazio pertsonala, zegokionaren baimenik gabe, komunikabideen arreta bereganatu nahian». Baatur nagusitzea kimera bat izan da beti, eta, desadostasun garratz horiek ikusirik, zaila izango du baita emaitza ona eskuratzea ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna