Zorrak kitatzeko ordua

Bi erakundek Kenyako Gobernuaren aurka jo dute, eta NDFrekin hitzartutako azken mailegua indargabetzeko eskatu, zor publikoaren mugak gainditzen dituela iritzita.

Nairobi hiriburuan errepide berriak eraikitzen. OSKAR EPELDE.
Oskar Epelde Juldain.
Nairobi
2021eko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Mugimendu sozialen izenean, zuzenbide bulego batek EAC Afrika Ekialdeko Komunitatearen auzitegiari eskatu dio Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) Kenyako Gobernuarekin adostu duen azken mailegua indargabetzeko. Mailegu hori Kenyaren zor publikoak BPG barne produktu gordinaren %60 gainditu ondoren adostu zelarik, abokatuek eskaeran dioteEACren ituna eta protokoloak urratu dituztela, komunitatearen moneta batasunaren protokoloan ezartzen baita zor publikoa ezin dela izan BPGaren %50 baino gehiagokoa.

«Auzi honek kenyarren bizitzari eragiten dio, baina baita Afrika ekialdeko beste herrialde guztiei ere; auzitegiaren epaiak ebatziko baitu hemendik aurrera Uganda, Ruanda eta beste herrialdeetako gobernuek ez ote dioten Kenyaren ildo berari jarraituko mailegu-goseari dagokionez», dio Emily Osiemo abokatu gazteak.

Gobernuak mailegu gehiago eskuratu ahal izan zitzan, parlamentuak eta senatuak Finantza Publikoen Legearen zuzenketa bat onartu zuten joan den irailean: zor publikoaren goiko muga bederatzi bilioi txelinetan finkatu zuten, eta, aldi berean, legearen testutik ezabatu zuten BPGaren %50eko muga lehenagotik ezarrita zegoen. Horregatik eta azken maileguarekin komunitatearen legea urratu dutelako jo dute abokatuek egoitza Arushan duen auzitegira, auzitegi horrek baitu EACren tratatu eratzailearen eta komunitate legeen xedapenen interpretazio eta aplikazioaren eskuduntza. Salaketaren ondoren, bi hilabeteko epemuga ezartzen da auzi eskea onartu edo ez ebazteko, eta, horregatik, azken mailegua aurkaratu ahal izan dute bakarrik.

Salaketarekin batera aurkeztu dituzten dokumentu ofizialen arabera, Kenyako Banku Zentralak eta Altxor Publikoak 2020an aitortu zuen zorrak BPGaren %60 gainditu duela, zorra 7'6 bilioira iritsi zela esanez. Apirilaren 2an iragarritako azken mailegua sinatu aurretik, NDFk ere bazuen egoeraren berri. Gainera, urte hasieran, iparraldeko hartzekodunak ordezkatzen dituen Parisko Klubak onartu egin zion Kenyako Gobernuari ordainketak sei hilabetez atzeratzea, koronabirusaren ondorioz zorrak eta interesak ezin zituelako ordaindu. Gerora, Pariseko Klubaren kide NDFk adierazi zuen 2022aren amaierarako zorra %70era iritsiko dela. Are gehiago, abokatuen arabera, Kenyako Altxor Publikoak zorraren sabaia bederatzi bilioitik hamabira igo nahi du.

Interes publikoa duen gaia dela dio abokatu bulego bereko kide Christopher Ayiekok: «Azkenean, zergadunak dira mailegu hauek ordaindu behar dituztenak, eta gobernuak mailegu gehiago eskatzen jarraitzen du zorrak eta zorren interesak ordaintzeko».

Ondorioak

Kenyako kontu ikuskari nagusiak berriki esan du gobernuak zorra ordaintzera zuzentzen duen diru kopurua honezkero beste gastu publiko guztien batuketa baino handiagoa dela. Mombasako portuaren jabetza Txinako mailegu baten berme gisa baliatu dutela ere jakin zen urte hasieran. Era berean, NDFk, hartzekodunen interesak bermatzeko, estatuaren administrazioan murrizketak ezarri ditu azken maileguaren baldintzetan, besteak beste, BEZ zerga igotzea.

Azken hilabeteetan, gobernuz kanpoko eragileek protesta ozenak egin dituzte, bai sare sozialetan, baita komunikabideetan ere. Txinak emandako maileguekin Nairobin errepideak eraikitzen ari badira ere, osasun eta hezkuntza zerbitzuak oso kaskartzat jotzen dituzte hiritarrek. Salatzen dute osasun zentroetan sendagaiak falta dituztela, eskola publikoetan ikasgela berriak behar dituztela, eta bizitza garestituz doala; gobernuari, berriz, leporatzen diote ez duela erantzukizunez eta gardentasunez jokatzen mailegatutako diruaren kudeaketan.

«1.200 dolarreko [988 euro] zorra zamatzen du Kenyako ume bakoitzak, jaio orduko», dio Sidi Otienok, KPL-Kenyako nekazarien ligako idazkariak. Probonus bulegoko abokatuek egin duten salaketaren bultzatzaileetako bat da KPL; bestea Kenyako Zorren Aboliziorako Sarea da. Horien esanetan, gobernuak maileguak eskatzen jarraitu du mailegatutako baliabideak zuhurki erabiltzen direla ziurtatzen duen neurririk hartu gabe. Salatzaileek argudiatzen dute maileguek ez dutela sortzen zorrak kitatzeko behar liratekeen kanpo merkataritza negoziorik, ez dietela laguntzen enpresa txikiei ere, eta, beraz, pobrezia areagotzen dutela.

Osiemoren esanetan, euren helburua zera da, Kenyako Gobernuak NDFrekin izan duen jokaera «legez kanpokoa» dela berretsiko duen deklarazio bat lortzea, EACrekiko ituna bortxatu duela adieraziko duena, baita Afrikaren Batasun Ekonomikoaren Tratatua ere, «komunitate ezberdinek batasunaren helburuaren atzean elkarrekin lan egiteko eskatzen duelako».

Estatuaren abokatu nagusia eta EACren idazkari nagusia dira bi akusatuak. Lehena, legezko betebeharren aurrean gobernuak egindako hutsegiteengatik, eta bigarrena, EACren kontseiluak duen ikuskaritzaren akatsengatik. Orain, erantzuleek 40 eguneko epea dute euren argudioak finkatzeko. Gaia berria da, eta, sententziak, batera edo bestera joko balu ere, aurrekari garrantzitsu bat sor lezake Afrikan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.