Albistea entzun

Durangoko 57. Azoka. Talaia

Liburugintza diglosiko bat

Euskaraz argitaratzen diren liburuen datuak aletu dituzte Xabier Eizagirrek, Iratxe Retolazak eta Hedoi Etxartek. Kultura gutxitu baten isla direla adierazi dute.
Xabier Eizagirre, Iratxe Retolaza eta Hedoi Etxarte, atzo, Landako guneko Talaia aretoan.
Xabier Eizagirre, Iratxe Retolaza eta Hedoi Etxarte, atzo, Landako guneko Talaia aretoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2022ko abenduak 9 - Durango

Parisen soziologia ikasketak burutu, eta Euskal Herriratzean ekin zion Joan Mari Torrealdaik euskal liburugintzaren zenbakiak biltzeari. 1976an ekin eta 2017ra arte, urtero, helburu birekin: katalogoa bera sortu eta horren gaineko azterketa egin. «Literaturaren soziologiatik abiatu zen, eta pixkanaka liburuaren soziologiara pasatu», kokatu du Jakin-eko kide Xabier Eizagirrek. Bazuen hipotesi bat Torrealdaik: liburuaren munduak islatzen duela gizartea, eta gizartea interpretatzeko modu bat izan daitekeela, beraz, bertako liburugintzaren azterketa. Gaurko zenbakiek uzten duten gizartearen argazkiaz aritu ziren, hala, Eizagirre, Iratxe Retolaza eta Hedoi Etxarte, atzo, Landakoko Talaian, Euskal liburugintza: bilakaera eta oraina mahai inguruan.

Datuak eman zituen, lehenik, Eizagirrek: 1976an, euskarazko 95 liburu argitaratu ziren; 1986an, 636 —«salto dezentea»—; 1996an, 1.097 —«oraindik gorago»—, 2006an, 2.173 liburu; 2016an, 2.259; eta 2021ean, azkenik, 2.243. Azken hamabost urteetan, beraz, 2.000 ale pasaren bueltan egonkortu da euskarazko liburuaren urteko tamaina. Kopuruak xehatzen hasita, ordea, ohartarazi zuen kopuru osoaren bi herenak haur eta gazteentzakoak direla —heren bat irakaskuntzako materiala, eta beste heren bat haur eta gazte literaturakoa—. «Badaramatzagu 40 urte normalizazio prozesu batekin, baina oraindik jarraitzen dugu batik bat haur eta gazteentzat ekoizten. Eta aisiako liburuak ez dira ehun liburura iristen urtean». Beste horrenbeste gizarte zientziei loturiko liburuetan; kopuru osoaren %13 dira. «Eta hor daude hezkuntza, psikologia, soziologia, politika, ekonomia, artea, historia...». Torrealdairen hitzak ekarrita, zenbakiak «egoera diglosikoaren» isla garbia direla azpimarratu zuen.

Torrealdaik abiatutako ikerketa lerroaren garrantzia ekarri zuen gogora Retolazak —«halako ariketa gutxi daude modu iraunkorrean egin direnak»—, baina hura aberasteko beste ertz batzuk ere proposatu zituen. Hasteko, haur literatura eta gazte literatura beti zaku berean ez sartzea, «irudi desitxuratu bat» sortzen duelakoan. «Barakaldon [Bizkaia] egin duten ariketa batean, adibidez, atera da gazteentzat euskara haur hizkuntza bat dela; eta gaztaroa lotzen dutela beste hizkuntza eta kultura batzuekin». Euskaraz dagoen haur literatura «zoragarritzat» jo zuen, baina uste du gazte literaturan oraindik badela zer landu.

Adin tarte horretan aintzat hartzeko beste puntu batez ere ohartarazi zuen: testuliburuen urritzea irakaskuntzan, batik bat, Hego Euskal Herrian. «Testuliburuak bizirik irauteko helduleku bat izan dira argitaletxe batzuentzat, eta hor aldaketa dator. Apustu izugarria egiten ari da ordenagailuen alde, eta horrek liburuaren kulturan ere eragingo du».

Diagnostikoa zorrozteko eta etorkizuneko estrategiak fintzeko, kontaketetan aintzat hartu beharreko beste aldagai batzuk ere aipatu zituen Retolazak —egileen generoa, lurraldetasuna, adina—, eta auzitan jarri zituen, besteak beste, euskal kulturan egiletzat hartua izateko liburu bat argitaratu behar izatea eta, horretara heltzeko, aurrez inguru bat behar izatea bera —«edo beka edo sari batek laguntzen dizu bidea egiten, edo bestela kazetaritzan edo beste kultur adierazpide batean aritzeak; ez dugu asmatu zirkuitua sortzen sarea ez duten eta idazketan aritzen direnentzat»—.

Hein batean ulergarritzat jo arren, «nobedadeen kulturaz» ere agertu zuen kezka, eta euskarazko lanen aldeko kuoten faltan —«ez daude, baina egon zitezkeen»—, liburutegietan esaterako, bistatik azkar desagertzen direla aipatu zuen. «Askoz laburragoa da euskarazko liburuaren bizialdia hizkuntza hegemonikoetako liburuena baino».

Ernaux, erdarentzat

Mahai inguruaren bezperan egindako esperimentu baten berri eman zuen Etxartek, azkenik. Annie Ernaux aurtengo Nobel sariduna sartu zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako liburutegien katalogoen bilatzailean, eta gaztelaniazko tituluak eta, are, titulu beraren edizio ezberdinak agertu zitzaizkion luze lehen emaitzetan. Euskarazkorik ez, nahiz eta Ernauxen bost lan dauden euskaraz. Kataluniako liburutegien katalogoan ere errepikatu zuen ariketa, eta han bai, azaldu zitzaizkion Ernauxen katalanezko itzulpenak. «Edozein erabiltzailek etxetik egin dezakeen ariketa da, eta subjektiboki jasotzen du seinale bat».

Orain arte hartu diren neurriek goia jo dutela iradoki zuen, eta testuinguru «kapitalista» globalarekin ere lotu zuen bere irakurketa: «Rosa Luxemburgek esan zuen erreformaren eta iraultzaren aldea ez dela indarra, nora zoazen baizik. Urte askoan pentsatu izan dugu aldaketa txiki askorekin iritsiko ginela kopuru batzuetara, baina ez gara iristen ari, eta zerikusia du kapitalismoak behar dituen arauekin. Hizkuntza bat izan dadin homologagarria beste batzuek duten prestigioarekin, behar ditu ezaugarri batzuk eta behar du merkatu bat».

Itzulia den literaturak euskal kultur zein hezkuntza sisteman duen presentzia urria ere esanguratsua eta kezkagarria dela ere nabarmendu zuen —«konbentzituta nago Ernauxen liburuetan gehien saldua baino gehiago saldu dela Susako poema liburu bat, eta hor bada zerbait»—, eta euskarazko haur literaturaren «osasun onaren» frogatzat jarri zuen, hain zuzen, beste literaturetan beste itzultzen eta irakurtzen dela. «Bestela, badugu erdara mundua ulertzeko eta euskara Euskal Herrian mugitzeko».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Rakel Esparza, Juan Mari Aburto, Fernando Perez eta Barbara Epalza, gaur goizean, Bilboko Azkuna Zentroan, urteko programazioa aurkezten. ©AZKUNA ZENTROA

Zortzi erakusketa hartuko ditu aurten Bilboko Azkuna zentroak

Olatz Enzunza Mallona

Erakusketez gainera, beste 200 jarduera baino gehiago programatu dituzte.

Asier Olabarrieta (erdian), Islabaten emanaldi batean, Gasteizen. ©NURIA GONZALEZ / ISLABAT

«Kontsumo ereduak kaleratzen den musika baldintzatzen du»

Iraia Vieira Gil

Islabat izenpean, bere burua onartzeko prozesuan oinarritutako rock diskoa kaleratu du Olabarrietak. «Lasaia» izan da diskoaren bidea; egungo abesti «azkarrak» ez bezala, poliki sortu du musikariak lana.
Maria Elorzaren eta Iñigo Salaberriaren 'Al borde del agua' filmeko irudi bat. ©Ikuspuntu jaialdia

Hamalau herrialdetako hemezortzi film ikusgai Ikuspuntu jaialdiko Sail Ofizialean

Andoni Imaz

Hamar film luzerekin eta zortzi laburrekin osatu dituzte lehiaketako hamar programak. Sei lan lehenengoz erakutsiko dituzte jendaurrean.

Testuaren zama

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...