Qatarko Munduko Kopa

Gerran jaio eta zelaian hazi

Xerdan Xaqiri Suitzako selekzioko izarretako bat da. Messi eta Cristiano Ronaldorekin batera, azken hiru Munduko Kopetan gola sartu duen jokalari bakarra da.

Xerdan Xaqiri Suitzako jokalaria, Serbiari sartutako goletako bat ospatzen. ROLAD WITTEK / EFE.
Iñigo Lasa Fresneda.
2022ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Munduko Kopa lau urtez behin jokatuta, futbolari gehienek aldi bakar batean lortzen dute euren onena ematea. Lau urte luze joaten dira, eta futbolak ez dio inori itxaroten. Baina kasu bereziak badira: hiru urte gerizpean eman, eta Munduko Kopa iristen denean eguzkipera ateratzen diren izarrak. Horietako bat da Xerdan Xaqirirena.

Cristiano Ronaldorekin eta Lionel Messirekin batera azken hiru aldietan gola sartu duen jokalari bakarra da Xaqiri. Azken gola aurreko ostiralean sartu zuen, Serbiaren aurkako hil edo biziko norgehiagokan. Bayern Municheko, Liverpooleko eta Milango Interreko jokalari ohiak partidako estreinako gola sartu zuen arrano zurien aurka. Suitzak 2-3 garaitu zuen Dragan Stojkovek zuzendutako taldea, eta, horri esker, gaur Portugalen aurka jokatuko ditu txapelketako final-zortzirenak.

Lau Munduko Kopatan parte hartu du aurrelari suitzarrak. Estreinakoa 2010ean izan zen, Hegoafrikan. Han apenas jokatu zuen, hamabi minutu eman zituen zelaian ligaxkako azken neurketan, Hondurasen kontra. Brasilgoan egin zuen eztanda, 2014an. Orduan Municheko Bayerneko jokalaria zenak hiru gol sartu zizkion Hondurasi berari. Xaqiriren hat trick-ak helvetiarrei final-zortzirenetara sailkatzeko balio izan zien. Han, baina, Lionel Messiren Argentinaren aurka galdu zuten lehiako luzapenean.

2018ko aldian, Errusian, aurten suertatu zaizkion ia talde berberak izan zituen lehiakide: Brasil, Serbia eta Costa Rica. Azken hori kenduta, Qatarren beste bi selekzioen aurka neurtu ditu indarrak Suitzak lehen fasean. Aurten bezalaxe, orduan ere, multzoko bigarren igaro ziren suitzarrak final-zortzirenetara, eta Xaqirik gola sartu zion aurkari gustukoenari: Serbiari

Suitza, Serbia eta Kosovo

Kaliningraden (Errusia) lehiatutako norgehiagoka hartan, Chigaco Fireko jokalariak garaitzeko gola sartu zuen 90. minutuan. 1-2 irabazi zuen Suitzak. Aurretik, neurketa horretan bertan Granit Xakak (izatez, Xhaka) sartu zuen banakoa Suitzarentzat. Bi jokalariek, golen ospakizunetan, eskuekin bi buruko arranoa irudikatu zuten, Albaniaren eta Kosovoren abertzaletasunaren ikur denari erreferentzia eginez. Izan ere, Xakak eta Xaqirik jatorri albanokosovoarra dute, eta ez dira batere ondo konpontzen serbiarrekin.

Errusian eginiko ospakizunengatik, zigorra ezarri zien FIFAk. Iragan berri den ostiraleko partidan, baina, golaren ospakizunean, MLSko izarrak Serbiako zaleei isiltzeko eskatu zien, hatz erakuslea ezpainera eramanez. Lehia aurretik ere nahiko bero zegoen; izan ere, Kosovo Serbiaren barne zegoen, eta Ez dugu amore emango idatzita agertzen zen bandera bat zintzilikatu zuten Serbiako jokalariek beraien aldagelan. Horiei ere diziplina espedientea ireki die FIFAk.

1.800 kilometrok banatzen dituzten Gnjilane (Kosovo) eta Augst (Suitza) herriak. Lehenengoa Balkanetako bihotzean dago, egun Kosovo izenaz ezagutzen den herrialdean. Bigarrena, berriz, Basilea Suitzako hiririk garrantzitsuenetako baten ondoan dagoen herrixka bat da. Biak batzen dituen zubia da Xaqiri.

1991n sortu zen Xaqiri Gnjilanen (orduko Jugoslavian). Baina, jaio eta urtebetera, Balkanetako gerraren ondorioz, Xerdan gaztea eta haren familia Alpeen magalera joatera behartuak izan ziren.

Jugoslavia, iraganean indar handiko herrialdea izan arren, zati txikitan banatzen ari zen, eta horrek gatazka erlijioso, etniko eta politikoak sortu zituen. Xerdan txikiaren familiak alde egin behar izan zuen, eta betidanik izan dira Saqiritarren etxean Kosovoren independentziaren aldekoak, serbiarren haserrerako.

Helvetiar herrialdean eman du bere bizi ia osoa Xaqirik. Han hezi zen, baita futbolean jokatzen hasi ere. 2001ean, Basileak fitxatu zuen harrobirako, eta 2009an egin zuen debuta lehen taldearekin. Denbora gutxian sona handia lortu zuen Suitzako ligan eta Txapeldunen Ligan. Horrek Bayernen jokatzeko ateak ireki zizkion. Bere kalitateak Liverpool eta Milango Inter bezalako talde handietan jokatzeko ere balio izan dio. Egun, Chicago Fireko izarra da, AEBetako ligan. Ez da garai batekoa, baina Suitzarekin beti ematen du zeresana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.