Artearen lekuak. Zumetaren Usurbilgo murala

Bizitzaren luzapenik bada

Zumetaren hizkuntza plastikoaren ezaugarririk behinenak biltzen ditu Usurbilen 1973an jarritako muralak: kolore bizi-biziak eta beti bide bat zabalik uzten duen abstrakzioa.

Mikel Laboa plazaren aurrean dago Zumetaren murala, Usurbil erdigunean; 11 metro zabal eta bedeatzi metro luze da. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
itziar ugarte irizar
Usurbil
2020ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Atxagak esan zuen irratian: «Bideak zabaltzen direnean, abia zaitezte Usurbilera». Eta abiatu zara, uztaileko astelehen lau batez, maskarapean muturra izerditan. Hitzordua duzu Maialen Unanue udaleko komunikazio arduradunarekin, Zumetaren muralean eta Zumetaren muralaren arrazoipean. Galdetu nahi diozu zer den ia 150 metro koadroko mural hori herrian, baina paseoan eramango zaitu, esanez bezala, «hitz egingo dugu honetaz, e, baina utzidazu lehenago ingurua erakusten».

Oraingoz zain zaude, bisitan lagun egingo dizunaren zain. Farmaziako gurutze berdeak 32, 5 gradu markatzen ditu. Patinete hotsa heltzen da, baloiena,sakelakoen kantuena, oporrena. Urrunagotik, ordea, errepidea zulatzen ari diren langile belztuen makina hotsa ere badator. Usoen hegaldiek itzal mugikorrak marrazten dituzte zure oinen ondoan. Eta han zaude, harrizko banku batean jarrita, bero galdatan, Zumetaren muralari parez pare begira. Koadernoa poltsatik atera, eta gidaria etorri aurretik horman ikusten duzuna deskribatzen saiatzen zara. Nondik hasi... Zumeta da, eta koloreekin ea. Urdin argi batena da alderik alde behealdea, Karibeko edo Mediterraneoko urena halakoa. Tarte horretan dabiltza haren parean ibilian dabiltzan herritarrak; altuenak ere ez du urdinaren lerroa garaitzen. Goialdea, berriz, horirantz doa, hori-laranja elektriko bat da zehatzago esanda. Goraino luzatzen da, eta bere barruan hartzen ditu murala osatzen duten gainontzeko forma eta koloreak. Espresionismo abstraktuaren eta figurazioaren mugetan egin zuen bidea Zumetak, eta horren adierazle betea da murala. Baina lotzen zaitu ikusten duzunaz harago ikusi nahi batek, zer izan daitekeen irudiaren eskuineko aldea eta zer ezkerrekoa, ba ote dagoen halako ispilu jokorik bien artean. Barruratu zaizkizu begiak, eta makina baten tripak ikusten hasi zara orain figuren artean, nondik sartu, zer garraiatu, nora irten, zer den hondakin, zer mami. Azkengabea bihur liteke ariketa.

Deigarria da zeramikazkoa izatea; bere 11 metro zabal, eta bederatzi metro luze. Ideia bat azpimarratu duzu koadernoan: gainazal horrekin, lurraren luzapena dirudi, galtzada-harrizko lurra zutitu egin izan balitz bezala —balu behar luke?— eta koloretan bizitu. 1973. urtetik dago hemen, Usurbilgo herriaren erdian —egin artean, kikuka izaten zituen haurrak estudioko atean—. Eta gazte zein ez hain gazte, agerian da eguneroko paisaian ezin integratuago dutela bertakoek, inor gutxik begiratzen baitu pasaeran. Baina han dator bisitan lagun egingo dizuna. Eta harlauzen luzapenarena komentatu diozu, lilura puntuaz. «Ez zaizu iruditzen?».

1970eko urteen arrastoan

Apirila zen, itxialdi betea, eta hilaren hondarrean heldu zen berria: Jose Luis Zumeta hil da. Apenas irten zitekeen etxetik, eta horregatik zioen Atxagak, ahal zenean, abiatzeko Usurbilera. Unanuek ekarri dizu gogora; nola aritu zen txoriez idazlea, eta erakutsiko dizkizula horiek ere non dauden. Izan ere, hasieran ez duzu haietan arreta handirik jarri, baina koloretako hiru txori handi daude airean hegan muralaren ezkerraldean. Artistaren omenez jarri dituzte, Zumetak handik metro gutxira dagoen eraikin batean jarri zituen txorietan oinarrituta. Hara zoazte: Kale Nagusia, 10. Eraikin berezia da, Xabier Unzurrunzaga arkitektoak egina, eta lau ateren arteko ezkaratz zulotik gora so eginda, han dira hegan, freskuran eta isilpean, Zumetaren txoriak. Eta gogora dakarte Artze, Laboa, diskoen azalak, liburuenak, 1970eko hamarkada. Abangoardia eta tradizioa lotu zituen lengoaia eta belaunaldi hura. Baina artista garaikideei lotzen zaie oihartzuna, Irantzu Lekuerena baita eraikin atarian ageri den murala.

«Goazen». Errepidea gurutzatu, eta Askatasunaren plaza, figura distiratsuz betea. «Lehen zementu hutsa zen, hotz-hotza. Karlos Zabala herrikideari eskatu zioten irudiok egiteko». Eta hor dira Artze anaiak txalapartarekin, Zubeldia bizikletarekin, dantzariak, sagardoa... Bazoaz gidariaren urratsen ondotik, frontoia zeharkatu eta beste mural bateraino, dena metro gutxian. Judas Arrietarena hori, abendukoa, fluor kolorez egina. Baina haren albora joan zaizue arreta. «Hau inportantea da». Eskultura txiki bat, ezkerrean, Remigio Mendiburuk Udarregi bertsolariari egindako oroigarria. «Rikardo Arregik hitzaldi oso potente bat eman zuen hemen, eskultura ondotik, 1966an, euskal kultura hauspotzeko ideia zaharrekin hautsi behar zela aldarrikatuz». Gero ohartuko zara Atxagak ere egin zuela geldialdia hor, eta Oteizaren izpiritua bertan dela ohartarazi —«Ez duzue ikusiko, izpirituak transparenteak direlako, baina han dago. Oteiza izan baitzen arte modernoa herri kulturarekin lotu zuena, bertsolaritzarekin, txalapartarekin... Zinez, karrika zahar guztian bizi da haren izpiritua»—. Baina bidean aurrera, lau pauso eskasera, heldu gara berriro Zumetaren muralera. Eta Atxagaren esanetan, muga bat zeharkatzen du hor bisitariak, ohartu gabe: «Mural horretan ez dago Oteizaren izpiriturik. Zumetaren izpiritua dago, ez beste ezer».

Eta, halere, hain harena izanagatik ere, badirudi Zumetak arteari espazioak zabaltzeko izandako bulkadak ere zeharkatzen duela muralaren bueltako beste horma irudi eta eskulturen multzoa. Mural aurreko plaza bera ere hark berak diseinatu zuen, urte berean —lehen proiektua atzera bota zioten, «abangoardistegia» zelako—. Behinolako txirrista erraldoiaz gogoratzen da Unanue, umetan han hainbestetan ubeldutako belaunez. «Gero kendu egin zuten, segurtasun neurriak betetzen ez zirela eta». Izen berria du 2009az geroztik: Mikel Laboa plaza, Ikimilikiliklik eskultura barne. Batez ere, elkartzeko leku bat bihurtu dela dio, festetan, protestetan, iluntze lasaietan. «Guztiaren lekuko da». Aurrean joan-etorrian doan bizitzaren luzapen bat balitz bezala.

ZUMETAREN MURALA
Artista. Jose Luis Zumeta.
Urtea. 1973.
Lekua. Usurbilgo Mikel Laboa plazaren aurrean (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.