Euskal Herria Zuzenean

Piztu da EHZ festibaleko argia

EHZ jaialdiak laguntzaile gazte asko ditu aurten. Kontrara, rock zale adinduak izan dira Irisarriko karriketan. Elektrika joandurak Delirium Tremens eten du.

Laguntzaile oso gazteek hartu dute antolaketa, eta rock zale esperientziadunek, berriz, festibala: Delirium Tremens eta Sepultura zale amorratuek. GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
Irisarri
2022ko uztailaren 2a
00:00
Entzun

Piztu ditu sampler, looper eta mikroak oro Lumi taldeak, publiko fidelak lagundurik: lehertu da EHZ festibalaren 26. edizioa

EHZko txano berria buruan, hor dabil festibalean Julen Vrignon, laguntzaileen komisioko arduraduna, burua ontsa xut, begirada fierra lagun, egin beharreko lana ongi egiteak sortzen duen ongizate sentimenduz. Eta lasai. Hainbertzeraino non ez baitirudi Irisarrik (Nafarroa Beherea) milaka laguni harrera egin behar dionik. Alta, bizkarra zakuan, hasiak dira kanpinerako sarrerak kolorez josten, eta belar zatiak ttipituz doaz, emeki-emeki.

Aitzin lana ongi egina zuten EHZ festibaleko antolatzaileek: euskaraz ari diren lizeotatik pasa baitira primadera honetan, EHZ eta euskal kultura mintzagai. Eraginkorra izan da iniziatiba, Etxepare lizeotik, konparazione, gazte anitz jin baita laguntzera.

Orotara laurehun dira. «Helburua zen jakin-mina sortzea festibalaren inguruan, antzerki, musika eta arlo ezberdinetan. Eta ikus dezaten euskaraz estilo guziak egiten direla, hori askok ez zekiten. Sortzen zaie halako jakin min bat, eta helburua da haiek gero jitea hori deskubritzera. Asko jina dira», erran du Vrignonek.

Bera kolegioa eta lizeoaren artean hasi zen festibalaria izaten, aski fite laguntzaile bilakatu zen, eta orain komisio bateko arduraduna bilakatu da: «Aski hierarkizatua da, horri esker antolakuntza on bat lortzen da eta ongi pasatzen. Gazteak dira laguntzaileak, esperientzia bildu arau bilakatzen baikara arduradun. Inportantea da ikustea zer den laguntzaile izatea, gero arduradun zarelarik ulertzeko zer den haien lana eta zer bizitzen duten. Pixkanaka postu finko edo arduradun edo talde motorrean sartzen dira».

Eskertu ditu laguntzaile guziak, haien lana «sinplea» bada ere, «funtsezkoa» baita, eta ez baitituzte «orenak kontatzen». Gaineratu du, EHZn ez dela lan ordaindurik, eta horrek duela festibala egiten: «Polita da».

Binaka usu, laguntzaileek ongi dakite non eta zer egin behar duten, haiek ere lasai, estutasun bakarra: lehen aldikoz zerbait egiten denak sortzen duen hori, plazera ere eraginez: «12:00etatik 16:00etara zirkulazioan aritu gara lanean: hastapenean jenderik ez zen, baina gero bai, eta tentsio batzuk izan dira, beraz pixka bat estresatu gara. Batzuek erraten zuten hor bizi zirela, gezurretan. Baina ez gara poliziak», erran du Alaia Barrerek. Etxepare lizeokoa da, Laura Iturralderekin jina da, baxoa azterketa pasatu berri dute. «Nekez», bortxatu baitituzte ahozko osoa frantsesez egitea: «Kasik dena euskaraz ikasi dugu urte osoan, ikusiz iaz euskaraz pasa zutela. Azken momentuan hasi dira ebaluazioak frantsesez egiten, aldaketa bortitza izan da guretzat, oso zaila». Iturraldek nahi izan du adierazi molekula hori nitrogenoa zela, blokeaturik gelditu da, nitrogene erran du frantsesez, baina azote behar omen zuen.

Barrerek bigarren aldia du aurten, iaz hasi zen laguntzaile lanetan: «Bikaina da, sartzea urririk baituzu, apairu bat eskainirik eta aguntzaileen arteko giroa zinez goxoa zela». Horretarako etorri da, eta elkarlana sustatzera. Iturraldek, berriz, sare sozialetan ikusi zuen eta lagunei entzun zien EHZ «hiper familiarra» zela eta «kristoren giroa» bazela. Hiru egunetarako jin da, lanera. Ez dituzte hutseginen Sepultura, Xutik, Odei, Niko Etxart, kilimak eta Ezpalak.

Itzaletan sua musikaria, berriz, jina da bere alabak har ditzan ttipitatik EHZko «bibrazioak», eta baita ere musikaz gozatzera: Vult, Ezpalak eta Merina Gris. Baita bere musika taldea ere: Odei. Festibala arnasgune bat da beretzako: «Gure barnealde hau, gasna, ardiak eta behiak gustatzen bazaizkizu oso dibertigarria da, baina musika elektronikoaren zale bazara, ba ez hainbeste. Urtean behin parada daukagu halako aniztasun bat usaintzeko, eta hortarako etorri naiz, gerria dantzan jartzeko».

Haurren txokoan, Gernikatik (Bizkaia) heldu da Iban Vicente asteburu pasa; errotik metal zalea: Sepultura ez du hutseginen.

Plaza itxuraldatu da, jendeak hartu baitio gaina, lasai eta gogotsu dago. Ziminoa lepotik txilintxau duen rockeroa pasa da, Donostiatik jina den kataluniarra da, Aitor Minayak euskaraz azaldu du zertara jina den: «Delirium Tremens punk rock kontzertura, fana naiz, disko zaharren zalea. Berria ere oso ona da, baina ez dut hainbeste entzuna».

Kontzertura joan da, alta, arazo teknikoek eten dute tupustean ikuskizuna: elektrikak amore eman baitu. Oren erdi luzeko isiltasun astuna jabetu da pentzeaz, baina arra abiatu dute. Festibalak hatsa hartu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.