Iñaki Diez Rubio. RTVEren EAEko zuzendaria

«Katalunian egiten dutena ezin dugu hemen egin»

Abuztuan izendatu zuten RTVEren EAEko zuzendari Diez Rubio. Azaldu du RNEn tituluak euskaraz ematen dituztela eta iritsi diren azken kazetariak euskaldunak direla.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
urtzi urkizu
2022ko urriaren 28a
00:00
Entzun
1985ean hasi zen RTVEn kazetari lanetan Iñaki Diez Rubio (Bilbo, 1963). RNEko albistegiak zuzendu zituen Bilbon, 1996tik 2006ra. Zortzi urtez RNEko berriemailea izan zen Erroman eta Vatikanoan. Gaztelaniaz erantzun ditu galderak.

Nola joan zaizkizu lehen hilabeteak RTVEren EAEko zuzendari moduan?

Kargu bat hartzen duzunean egokituz joan behar duzu, eta ikusi jendeak zer behar dituen. Zuzendaritzan zaudenean ikuspegia aldatu egiten da. Hala ere, lurreratze suabea izan da.

Radio Nacionalen bete izan dituzu ardura karguak. Zer moduz ardura honekin?

Ez zen buruan nuen zerbait. Duela bi urte berriemaile joateko aukera aipatu zen, baina, azkenean, hemen gelditu nintzen. Aurreko zuzendariak erretiroa hartu zuen, eta orduan jaso nuen proposamena. Lankideei zera esan diet: ikusten badute nire jokabideetan aldaketaren bat dudala, abisatu iezadazue. Zorionez, oraingoz dena ondo doa.

Hiru hirietako egoitzen artean zenbat langile zarete?

Irratikoen eta telebistakoen artean, ehun langile gara.

Telenorte-k bi albistegi ditu. TVErako ez duzue beste edukirik eskaintzen, ezta?

Telenorte-ren 14:00etako albistegiak 12 minutu irauten du. Ondotik, Telediario 1 amaitzen denean, 15:45ean Telenorte luzeago bat egiten dugu: 22 minutukoa. Horrez gain, zerbitzua eskaintzen diegu Madrilgo albistegi zerbitzu zentralei eta beste erkidego batzuetakoei. TVEko beste saio batzuentzat kolaborazioak ere egiten ditugu, baita Radio Nacionaleko irratsaioetarako ere.

Iazko abenduan, Euskarazko Ikus-entzunezkoen Aldeko Manifestua aurkeztu zuen Pantailak Euskaraz mugimenduak. TVEn albistegiak eta edukiak euskaraz eskatu zituzten. Zer aukera dago horretarako?

Radio Nacionalen Gaurkoak izeneko atal bat sortu dugu, eta bertan tituluak euskaraz ematen ditugu. Bere garaian atal hori izan genuen irratian. Azkenaldian, Radio Nacionaleko erredakziora kazetari elebidunak ari dira iristen. Denbora kontua da, baina nahi genukeen baino mantsoago doa. Ideala litzateke gaztelania eta euskara bateragarriakizatea gure eskaintzan, normaltasunez.

Nahiz eta Kataluniako TVErekin ezin den alderatu, aurrekontu handiagoarekin beste eskaintzarik egin al daiteke euskaraz?

Katalunian eta Kanaria uharteetan ekoizpen zentroak dituzte; askoz jende gehiago dute. Haien funtzionamenduan autonomoak dira, eta deskonexioak egiteko leiho gehiago dauzkate. Gaur egun, Katalunian egiten duguna ezin dugu hemen egin.

Jose Manuel Perez Tornero presidenteak dimititu ostean, Elena Sanchez jarri dute RTVEko behin-behineko presidente. Legea aldatu zuten Madrilen hari botere handiagoa emateko, eta protestak eragin ditu horrek. Nola bizi duzue egoera?

Sugar horien kea ere ez zaigu iristen Bilbora. Perez Tornero teoriko ona zen, ideia asko zituen, baina ez zegoen egunerokoan oso sartua. Sanchezen egoerari dagokionez, sindikatuen artean banaketa dago: batzuk protestan ari dira, eta beste batzuk, ez.

Europako iparraldean irrati-telebista publikoen zuzendaritza ez da unean uneko gobernuaren menpe egoten. RTVEren independentzia nola hobetu daiteke?

Jose Luis Rodriguez Zapatero [PSOE] 2006an saiatu zen, Espainiako Gobernuko presidente zela. Publizitatea kentzeaz gain, ezarri zen bi hereneko gehiengoak aukeratu behar zuela presidentea, eta sei urterako. Baina Mariano Rajoyk [PP] lege berri bat ezarri, eta hori aldatu zen. Nik ez dut alderdi politikoetatik deirik jaso kargu honetarako.

TVE bezalako telebista tradizionalek ba al dute etorkizunik?

Galdera hori egiten diot neure buruari egunero. Jendeak nahi duena ikusten du nahi duenean. Telebista jeneralistek hor egon beharko dute, baina jabetu behar dute beren ikusle kuota mugatua dela. Gure misioa zein den, horixe jakin behar dugu, eta zintzo jokatu.

Zer zerbitzu publiko eskaini behar du TVEk?

Euskadin kohesioa eskaini behar dugu, bizi garen tokiarekin identitatea, eta egiazkotasuna. Albisteak gertatzen ari diren tokitik eman behar ditugu, eta berehala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.