UDAKO SERIEA. Naziogintza eta estatugintza (III) Nazio sentimenduak

Txikitasunean plural

Euskal Herrian naziotasun sentimendu ezberdinak biltzen dira. Nagusiak: euskalduna, espainiarra eta frantziarra. Eta immigrazioak eragindako aniztasuna gehitu behar zaio horri. Nola kudeatu hori guztia?

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2014ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Zer sentitzen zara?». Orotariko erantzunak bil daitezke Euskal Herrian bizi direnei galdera hori eginez gero. Inkesta askoren aztergaia ere bada. Izan ere, nazio sentimendu ezberdinak biltzen ditu Euskal Herriak. Frantziak eta Espainiak hedatutako naziotasunari aurre egiteko, euskal nazionalismoa euskal naziotasuna zabaltzeko lanetan aritu da. Horiek dira hiru nazio nortasun nagusiak. Eta errealitate horri immigrazioaren eragina ere gehitu behar zaio. Aniztasun horren kudeaketa eztabaidagai izan da maiz. Elkarbizitza edota integrazio hitzak erabili ohi dira gaiaz aritzeko. Lurralde txikia izan arren, naziotasun sentimenduei dagokienez, askotarikoa da Euskal Herria. Hain justu, txikitasun hori du alde, Asier Blas EHUko Zientzia Politikoetako irakaslearen arabera. Izan ere, haren hitzetan, eskala txikia errazagoa da aniztasuna kudeatzeko: «Ordezkatuaren eta ordezkatzen zaituenaren arteko distantzia gero eta txikiagoa izan, orduan eta demokrazia dentsitate handiagoa dago. Aniztasuna kudeatzeko, eskala txikia askoz ere gizatiarragoa da».

Identitateen gaia konplexua da, Blasen arabera: «Herritarren parte batek pentsatzen du Euskal Herria nazioa dela, eta beste batzuek uste dute erregioa dela». Frantzia eta Espainiak, estatu gisa, beren nazio nortasuna lantzeko bide eta tresnak izan dituzte, eta horixe izan da herritarren artean kohesioa lantzeko izan dituzten bideetariko bat. Horren inguruan, euskal nazionalismoa berea indartu eta hedatzeko lanetan aritu izan da, estatuak eskaintzen dituen tresna horiek gabe. Baina Euskal Herriak dituen erakundeek nazio sentimendua hedatzen lagundu dute, EHUko irakaslearen arabera: «Estatu egiturarik izan ez badugu ere, Hegoaldean erakunde indartsuak izan ditugu, lurraldearen ikuspegitik egituratu eta zatitu egin gaituztenak». Adierazi du estaturik ez duten nazio gehienek historikoki ez dutela izan erakundetzerik, eta Euskal Herriak, epe historiko batzuk kenduta, mantendu egin dituela aro modernotik hona. Erakundetze horrek, bertako herritarrak zeintzuk diren zehazteaz gain, horiei zerbitzuak eskaini eta zergak kobratzeko lana izan du, azpimarratu duenez.

Euskal nazionalismoari etnikoa izatea egotzi izan zaion arren, irakaslearen arabera ez da horrela izan: «Kuturak loturak egiten lagundu du, baina hemengo nazionalismoa politikoa izan da». Herrialde Katalanen adibidea jarri du Blasek konparazio gisa: «Herrialde Katalanen nazio egituraketa, adibidez, linguistikoa da. Hizkuntza izan da nazioa marrazteko ezaugarri nagusia. Eta Euskal Herria ez da euskararen mapa. Kontrakoa esan zaigun arren, gurea ez da hizkuntza edo etniaren mapa».

Geografia ere aipatu du nazio sentimenduen aniztasunaren faktoretzat. Uste du herrialde menditsua izateak nortasun ugaritasuna areagotzen duela: «20 mila kilometro karratu izan arren, oso paisaia ezberdinak ditu Euskal Herriak». Blasek dio horrek hiru nazio nortasunak ez ezik identitate erregionalak indartzen laguntzen duela. «Nola kudeatu genezake saltsa hori? Hiru sentimendu nazional eta azpisentimendu nazional ugari daude». Hizkuntzak jarri ditu adierazletzat. Euskara, gaztelania, frantsesa eta okzitaniera daude Euskal Herriko nazio lurraldean: «Lau hizkuntza propio eta endogeno. Eta horri euskalki guztiak gehitzen zaizkio». Pluraltasun hori Espainiatik edo Frantziatik kudeatzea oso zaila dela dio Blasek, estatuko diagnosiek errealitatea desitxuratu egiten dutelako: «Demagun Hego Euskal Herrian %50 euskaldunak direla eta %50 espainiarrak. Estatistika hori estatuan egiten baldin bada, ehunekoak aldatu egiten dira: %90 lirateke espainiarrak, eta euskaldunak, berriz, %1. Horrek itxuragabetu egiten du dagoen aniztasunaren errealitatea». Horregatik azpimarratu du Euskal Herriko aniztasuna bertatik kudeatzea dela egokiena. Azaldu duenez, zientzia politikoetan ere frogatuta dago estatu egituretan hobea dela demokraziaren dentsitatea.

Plurala eta deszentralizatua

Euskal estatuak, eraikiko balitz, plurala eta deszentralizatua izan beharko luke, irakaslearen arabera: «Nazio askotariko estatua osatu beharko genuke». Deszentralizazioa azaltzeko, hizkuntza izan du gogoan. Esan du estatu bakoitzak hizkuntza ofizial bat duela eta euskal estatuak eleaniztuna izan beharko lukeela, betiere hizkuntzen artean dauden desorekak aintzat hartuz: «Arazo bat dugu arlo horretan: gaztelaniak eta frantsesak badituzte esparru propioak, baina euskarak, ez». Eta, horregatik, eremu elebakarrak izatea beharrezkotzat jo du. Euskal Autonomia Erkidegoa, adibidez, eskualdeetan antolatua irudikatu du Blasek. Adierazi du EAE uniformeagoa dela, baina Nafarroan aniztasun handiagoa dagoela. Blas: «Aniztasuna zein den kontuan izanda, hori kudeatzeko formulak bilatu eta malguak nola izan gaitezkeen aztertu beharko genuke; erronka hori dago». Malgutasun horretan, garrantzia kendu dio euskaldun, espainiar edo frantziar sentitzeari: «Norbaitek herritartasun bikoitza nahiko baldin balu, garrantzitsua litzateke oztoporik ez jartzea». Uste du euskal estatuak malgutasunez jokatu eta integrazioa erraztu beharko lukeela.

Lehen esan bezala, ikerketa asko egin dira nazio sentimenduen inguruan. Euskobarometroa ikerketa taldearen arabera, 2012an EAEko %33 sentitzen ziren soilik euskal herritar; %19, euskal herritarrago espainiar baino; %4, espainiarrago euskal herritar baino; eta %6, soilik espainiar. Gainontzeko lurraldeetako datuak Eusko Ikaskuntzak 2006an egindako ikerketan jaso daitezke. Nafarroa, berriz, konplexuagoa da, nafartasun sentimendua gehitzen baitzaie aurrekoei: %38 gehienbat nafar sentitzen dira; %15, gehienbat euskal herritar; %10, nafar bezain euskal herritar; eta %19, nafar bezain espainiar. Ipar Euskal Herrian, berriz, %11 sentitzen dira soilik euskal herritar; %36 soilik frantziar; %52 frantziarrago euskal herritar baino. Datuak, 2006koak izan arren, Blasek aipatutako naziotasun sentimenduan dagoen aniztasunaren adierazle dira.

Etorritakoak barne

Dauden nazio sentimenduen artean, Euskal Herrira etorritako guztiak aintzat hartzea da nazionalismoak dituen erronketako bat. Immigrazioari dagokionez, ez da hutsetik hasten, Iker Iraola EHUko irakaslearen arabera. Hego Euskal Herriko nazionalismoaren eta immigrazioaren arteko lotura aztertu du. Eta, aurrera begirako hausnarketa eta proposamenak egiteko, beharrezko ikusten du abertzaletasunak gaiaren inguruan izan duen bilakaerari erreparatzea. Izan ere, euskal nazionalismoaren sorrera estuki lotuta dago etorkinen etorrerarekin. XIX. mende bukaeran Bizkaian gertaturiko industrializazioaren ondorioz iritsitako immigrazio uholdearen aurka Sabino Aranak hartutako jarrera defentsiboa aipatu du. Iraola: «Espainiatik etorri zen immigrazioaren testuinguruan garatu zen euskal nazionalismoa. Ofizialki, ez ziren etorkin kontsideratzen, baina nazionalismoarentzat gatazka sortu du». Espainiako langileen etorreraz ari da, Espainiatik etorriagatik etorkin ofizialtzat hartzen ez direnez: «Joan nahi duzun lurralde batetik etorritako jendea da. Eta horrek tentsioa sortzen du».

Immigrazio mugimendurik handiena 60-70eko hamarkadan gertatu zela azaldu du irakasleak. Garai horietan, planteamendu berriak agertu ziren nazionalismoaren barruan, eta esan du etorkinak euskal nazio sentimendura erakartzeko diskurtsoak garatu zirela. Tartean, Eusko Abertzale Ekintzak eta ETAk egindako proposamenak: «Jarrera irekia hartu zuen nazionalismoak. Euskal Herrian lan eta bizi eta Euskal Langile Herria kategoriekin, euskal herritartasunaren definizio berria ekarri zuen, eta etorkinak abertzaletasunean integratzea ahalbidetu zuen».

2000. urtetik aurrera bestelako immigrazio prozesua gertatu dela adierazi du Iraolak: «Estatutik kanpokoa da; etorkinak dira ofizialki. Gehienak, Hego Amerikako lurraldeetatik etorritakoak». Europako gainontzeko herrialdeei begiratuta edota Espainiako Estatuaren kopuruarekin alderatuta, oso apal gertatu da immigrazio hori Hego Euskal Herrian. Azpimarratu du gehienetan, immigrazioaz hitz egitean, ardatz kulturala azpimarratzen dela gaur egun eta multikulturalismoaren eztabaidaz hitz egiten dela: «Immigrazioa kulturarekin lotzeak interes politikoa ere badu. Beste ardatz batzuk ere har daitezke: klase soziala eta generoa, adibidez». Baina Iraolak adierazi du Euskal Herrian etorkin gutxi egonik burujabetza prozesuan ere gaiak garrantzi txikiagoa hartzen duela: «Gatazka sozialari lotuta agertzen da normalean, eta ez nazio gatazkaren diskurtsoetan».

Nor da herritar?

«Euskal Herrian, erreferenduma egingo balitz, nork bozkatuko luke?». Galdera horrek erantzunik ez duela adierazi du Iraolak. Ohiko hauteskundeetan botoa ematen ez duen etorkin asko dagoela dio, eta horiek eztabaida politikotik kanpo geratzea ekarriko lukeela: «Jatorri ezberdinak ditugu, baina hemen bizi gara guztiok, eta guztiok osatzen dugu gizarte hau. Denon artean erabaki beharko genuke gure etorkizunaren inguruan». Estatuari buruzko eztabaidan mahaiaren gainean jarriko diren eztabaidetako bat izango dela dio: «Herritarrak zeintzuk izango diren zehaztuko litzateke». Adierazi du eztabaida horrek immigrazioaren gaia lantzeko aukera emango duela eta, gainera, herritartasunari buruzko diskurtso berriak garatzeko bidea irekiko duela: «Nazionalismo aldarrikatzailetik, estatua izango duen eta botere posizio edo posizio hegemoniko batean egongo den mugimendua izango litzateke». Iraolak azpimarratu du estatuak, sortzen bada, Euskal Herrian bizi diren guztiek osatua izan behar duela, jatorriaren araberako inolako bereizketarik gabea. Orain artean euskal nazionalismoak immigrazioarekin izan duen bilakaera aintzat hartu eta gaia ikuspegi justutik landu; horiek Iraolak nabarmendutako ideiak.

Estatu egituren funtzioetakoa da hemengoa eta kanpokoa nor den zehaztea. Mugak zeharkatzeak berak bihurtzen du herritarra atzerritar. Baina, mugarik zeharkatu gabe ere, bada bere herrian atzerritar sentitzen denik. Bakoitzaren jatorri edota nazio nortasunari begiratu gabe, guztiak herritar sentitzea; horra estatua lortzeari begira dauden beste erronketako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.