UDAKO SERIEA. Gazteei begira (I) Demografia

Gazteriaren ilunabarra

Euskal Herria da Europan gazteen portzentajerik apalena duen herrialdea. Mendialdean handiagoa da galera. Ez dira une errazak gazteentzat, areago krisi aldian. Gazteen egoerari buruzko erreportaje sorta bat argitaratuko du asteon BERRIAk.

Gazteriaren ilunabarra.
Garikoitz Goikoetxea.
2015eko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Kezka kutsutan hitz egiten dute azken denboretan gazteei buruz. Aterabiderik gabe utzi dituela krisiak, eta nora ezean daudela. Etorkizunik gabe geratu direla. Gazteek bakarrik ez, ordea: gizarte osoak dauka geroa jokoan. Gazteen eskasia nabarmena da Euskal Herrian: biztanleen %14,2 dira 14-29 urte bitartekoak. Europako Batasunean ez dago horren portzentaje eskasa duen herrialderik. Batasuneko batez bestekoa lau puntu handiagoa da. Arazoak eragin ditzake horrek; lan merkatuan, adibidez, belaunaldi ordezkapenerako zailtasunak izan ditzakete. Oinarrian beste auzi bat dago, nolanahi ere: Euskal Herriak zer etorkizun daukan bere gazteei eskaintzeko.

Ez dira garai errazak gazteentzat, inoiz izan badira. Gazteriaren egoera hizpide izango du BERRIAk asteon, erreportaje sorta batekin. Adituen eta gazteen euren iritziekin, dituzten ezinak aztertuko ditu, eta dauzkaten erronkak.

Gazteen egoerak, halere, gizarte osoan du eragina. «Oso kezkagarria da gazte falta. Giza kapitala galtzen ari gara». Teodoro Hernandez de Frutos soziologoarena da oharra; NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea da, eta Nafarroako Soziologia Elkarteko presidentea. Lan merkatuari begira mintzo da. Datozen urteetan aldaketa handiak izango direla diote azterlan batzuek: erretiroa hartuko du biztanle multzo handi batek —baby boom garaikoek—, eta ez da aski gazte egongo haien postuak betetzeko. «Arrisku hori badaukagu, bai», dio soziologoak.

Mendialdeko galera

Ezinegona sortzen dute horrelako iragarpenek. «Gehiegizko alarma», Marta Luxan soziologoaren esanetan; EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da. Uste du ez direla datuak alde bakar batetik begiratu behar. Adibidea jarri du gazteei buruz: «Egia da beste garai batzuetan baino gazte gutxiago dagoela, baina beste aldi batzuetan baino askoz bizi itxaropen luzeagoa dute». Egoera ikusteko bi molde, aurrez aurre: batetik, alde ekonomikoa ardatz duena; bestetik, alde humanistagoa.

Bat edo beste dela ere, bistakoa da gazteen galera datuetan; bereziki, mendialdeko eskualdeetan —Arabako mendialdean eta Pirinio bazterreko ibarretan—. Finean, biztanleriaren joera orokorra da: trinkotzera jo du, hiriburuetara eta inguruko eskualdeetara. Mugimendu hori batez ere gazteen artean gertatu da. Eragina bikoitza da, beraz: leku batzuetan, igo egin da biztanleria, eta gazteen portzentajea handiagoa da —Iruñerrian eta Lapurdiko kostaldean, adibidez—; beste batzuetan, jaitsi egin da herritarren kopurua, eta batez ere gazteak galdu dituzte —Pirinio inguruko eskualdeetan—.

Aukera faltarekin, etorkizunik ez ikustearekin dago lotuta herritik alde egiteko erabakia askotan. Kontua da aukerarik eza Euskal Herri osora ari ote den hedatzen. Hor ikusten du hutsune handiena Hernandez de Frutosek: gazteen mailara egokitutako aterabiderik ez dagoela merkatuan. Nafarroako talaiatik erreparatu dio: «Ez da sortzen gaitasun intelektual handiko posturik. Hipermerkatuak ari dira irekitzen, eta alde hori ari da indartzen». Horrek eragin du «desoreka», soziologoaren ustez. «Nafarroan hiru unibertsitate ditugu, eta inoizko heziketarik onena. Suziri baten eran joan beharko genuke, baina ez da hala». Irtenbiderik ez dute aurkitzen gazteek. Porrota da hori gizartearentzat, NUPeko irakaslearen esanetan: «Inbertitutako guztia galtzea da».

Ez da egoera berria. Antzeko arazoak nabaritu izan dituzte Ipar Euskal Herrian. Lan merkatuko hutsuneaz gain, unibertsitatearena ere aintzat hartzekoa da: unibertsitate propiorik ez da, eta kanpora joaten dira urtero milaka gazte. Guztiak ez dira bueltatzen.

Aukerak sortu beharra

Hor egin du indar Luxanek: gazte kopuruari huts-hutsean begiratu beharrean, haiei zer etorkizun eskaintzen zaien aztertu behar dela. «Kezkatu behar gaituena da nolakoak diren bizi baldintzak. Gazte asko edukiko bagenitu ere, zer egingo genuke gazte horiekin?». Zeren, Luxanen iritziz, arazoa ez da gazte kopuru eskasa: «Mugak irekiko bagenitu, igoko litzateke gazteen kopurua. Hitz egiten denean kopuruei buruz arazo gisa, arrazoiak ezkutatu egiten dira».

Bizi baldintzak egoten baitira gehienetan mugimendu demografikoen azpian. Jaiotza tasaren beherakadaz ohartarazten dute azken urteetan. Gazteekin oso loturik dago. «Ume gehienak etxe batean bizi diren bikoteetan jaiotzen dira. Independizatzeko aukerarik ez izateak badu eragina», Luxanek ohartarazi duenez. Katea da hurrengo belaunaldientzat. Gazte gutxiago egoteak ume gutxiago izatea dakar, eta areago, dauden gazteen baldintzak ez badira onak. Etorkinek arindu dute egoera azken urteetan —gehienak gazteak dira—, baina krisi garaian eten egin da atzerritarren etorrera, eta alde egiten ere hasiak dira.

Gazteentzat aukerak sortzea da erronka, Hernandez de Frutosen arabera: «Politikariek kasu egin behar diote gaiari, eta ikerketan eta garapenean inbertitu». Adibidea jarri du Iruñean: «Industrian sektore indartsua dugu autogintzan, baina Volkswagenek ezagutza guztia Alemanian dauka. Hemen edukitzeak ate handiak zabalduko lizkiguke gazteentzat». Lan merkatuan bakarrik ez, alor guztietan sortu behar dira aukerak, Luxanen ustez: «Ez da gazte asko edo gutxi dauden, baizik eta zer baldintzatan dauden, zer espero dugun haiengandik, eta zer espero duten haiek gizartearengandik». Ilunabarra argitzeko zenbateko laguntza izango duten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.