Hibai Arbide Aza.
LEKU-LEKUTAN

Ijitoen bizitzak

2021eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Nikos Sabanisek 18 urte zituen. Urriaren 22ko gauean auto batean zihoan, 14 eta 16 urteko bi lagunekin. Automobila lapurtua zen. 14 urtekoak, txikienak, gidatzen zuen. Errepidean gidatzen zuen lehen aldia. Poliziak gelditzeko agindu zien, eta urduri jarri zen. Ez zen gelditu. Hamalau polizia hasi ziren haien atzetik, zazpi mototan. Polizietako batek aginte zentroarekin hitz egin zuen, eta auto batean «hiru ijitori» jazartzen ari zitzaizkiela esan zuen. Ez hiru laguni. Ez hiru umeri. Hiru ijitori. Handik gutxira, poliziek jazarpena eteteko agindua jaso zuten. Zentroak esan zien ihes egiten saiatzen ari ziren autobiaren irteerak ziurtatzen ari zirela, eta, beraz, ez zela beharrezkoa jazarpenik egitea, inor arriskuan ez jartzeko. Elkarrizketa guztiak grabatuta geratu ziren. Hala ere, poliziek agindua ez betetzea erabaki zuten, eta haurren autoari jarraitu zioten, autobus batek blokeatu zuen arte. Orduan, ihesbiderik ez zutenean, poliziek 36 aldiz egin zuten tiro. Armarik gabeko haurren odol hotzeko exekuzioa izan zen. Nikos hil zuen, eta atzeko eserlekuan zihoan 16 urteko gaztea larri zauritu. Gidatzen ari zen haurra korrika atera zen, eta bizitza salbatu zuen, mendian bi egunez ezkutatuz. Lekukoek ikusi zuten poliziek, tiroketaren ondoren, motorrak autoaren aurrean jaurti zituztela, haurrak poliziak harrapatzen saiatu zirela irudikatzeko.

Nikos ijitoa izan ez balitz, haur baten exekuzioa eskandalu izugarria izango zen, baita Poliziaren indarkeriara eta zigorgabetasunera ohituta dagoen herrialde batean ere; hau da, Grezian ere. Polizien abokatuak telebistan esan zuen ijitoak gaitz bat direla. Barne ministroa epaitegietara joan zen poliziei animoak ematera, deklarazio judiziala egin aurretik. Nikosen hilketa ez zen egunkari nagusien azala izan hurrengo egunean. Ezta hurrengoan ere. Ezta bestean ere. Ehunka poliziak manifestazio bat egin zuten epaitegiaren aurrean, eta «heroiak!» oihukatu zieten beren kideei. Epaileak aske utzi zituen kautelazko neurririk gabe. Zigortutako polizia bakarra aginte-zentroko arduraduna izan zen, haurren autoari ez jazartzeko agindua eman zuena.

Nikosen familia Aspropyrgoseko txabola herrixka batean bizi da, Atenastik urrunen dagoen periferian. Ez haiek, ez auzokoek ez dute elektrizitaterik edo ur korronterik. Lehen bizi ziren herrixkatik bota zituzten, autobide bat eraikitzeko, eta birkokatzea aldi baterako zela esan zieten. Hori duela 35 urte izan zen. Aspropyrgoseko Udalak ez zien erroldatzen utzi, ez dituelako txabolak etxebizitzatzat hartzen. Hori dela eta, Nikos ezin izan dute lurperatu bizi zen herriko hilerrian. Ijitoak duela 1.000 urte baino gehiago iritsi ziren Greziara, baina askok ez dute nazionalitaterik. Ez grekorik, ez ezer; administrazioarentzat ez dira existitzen. Heldu gehienak analfabetoak dira. Ume asko ere bai, nahiz eta eskolara joan. Ez dute argirik, ezta etxeko lanak egiteko leku egokirik ere. Nikos Sabanisek, 18 urte besterik ez zituela, bi seme-alaba zituen, eta haren alarguna haurdun dago hirugarrenarekin. Haurren ezkontzak komunitatearen arazo handienetako bat dira, Vasilios Patntzos Greziako Ijitoen Federazioaren presidentearen arabera. Giannisek, Nikosen aitak, 55 urte ditu, baina agure bat dirudi: hamahiru birbiloba ditu. Ijitoen bizi itxaropenaren eta batezbesteko orokorraren arteko alderik handiena dagoen EBko herrialdea da Grezia. Europarren %51k 75 urte baino gehiago izango ditu. Greziako ijitoen %16 bakarrik iristen da adin horretara.

Sabaniak bizi diren herrixka, zalantzarik gabe, harrerarik onena izan dudan munduko lekuetako bat da. Pozik zeuden kazetari batekin hitz egiteko aukerarekin, zeren, Nikosen hilketaren ondoren, inor ez baitzen joan beraien gertaeren bertsioa galdetzera. Ez dut harropuzkeriagatik esaten, autokritika egiteko baizik. Ezagutzen ditudan errefuxiatu gune asko baino leku gogorragoa da. Nola liteke ume bat hil behar izana ni leku horretaz interesatzeko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.