Euskara eta kultura xede

Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak etorkizuneko ildoen berri eman du. «Euskarri digital berrien aurrean, euskarazko edukiak bermatu behar ditugu», esan du, Bilbon.

Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusia, atzo, Bilbon, EITB 2030 estrategia plana azaltzen. ARITZ LOIOLA / FOKU.
urtzi urkizu
Bilbo
2021eko urriaren 23a
00:00
Entzun
«Gure garaian, ikus-entzunezko produkziorik gabeko herrialde batek ez du errelatorik». Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiaren esaldia da. EITB 2030 estrategia planaren berri eman zuen atzo, Bilbon, Seriesland nazioarteko jaialdian, Basque Egunaren bigarren aldian. Nabarmendu zuen etorkizunean funtsezkoa izango dela «partekatzea», baita «elkarrizketak sortzea» ere. «Kontsumo berrien eta euskarri digital berrien aurrean, euskal eta euskarazko ikus-entzunezkoak bermatu behar ditugu. Eta horiek ez badaude presente, belaunaldi batzuek ez dute euskaraz kontsumitzeko aukerarik izango», azaldu zuen. Gazteekin «konektatu» beharra aipatu zuen betekizunen artean.

Orain, talde publikoa Nire EITB izeneko proiektuan ari da lanean. Horren bitartez, herritarrak erregistratu ahalko dira, izena emanda, eta behin erregistratzea nahikoa izango da komunitate digital horretakoa izateko.

Aldekoaren arabera, EITBrentzat garrantzitsua da jasangarritasun ekonomikoa. Baita egokitzapen teknologikoa, profesionaltasuna eta kalitatea ere, eta hurbiltasuna eta informazioa.

Europako ingurune mediatikoaren berri izateko, zenbait datu bildu ditu talde publikoak. Ikerketa asko eskatu dituzte, halaber, sektorearen egoera hobeto ezagutzeko. Dilema nagusia detektatzea funtsezkoa da, Aldekoaren aburuz. «Desafioa» honako hau dela uste du: «Digitalizazioaren eta globalizazioaren aroan eta Europako esparruaren barruan, zer esan nahi du herri txiki bateko ikus-entzunezko talde publiko izateak, berezko kultura eta hizkuntza gutxitua zaintzeko helburua edukita?». EITB taldearen nortasunak hauei erantzun behar die: «Euskara, kultura, Euskal frame-a eta zerbitzu publikoa».

Ildo nagusiak finkatuta, ekintza planari ekingo dio EITBk datozen urteetan. Lehentasunen artean, zuzendari nagusiak aipatu zuen konpromiso soziala dagoela. «EITBk euskal ikus-entzunezko talde erreferente moduan duen posizio soziala indartzea». Etorkizuneko telebista izateko asmoz, «frankiziak finkatu eta komunitate digitalak sortuko dituen estrategia digitala sustatzea» dira xede batzuk. Etorkizuneko irratiari dagokionez, irratia «digitalizatzea» eta EITBren «proiektu krosmediak» sustatzea daude asmoen artean.

Primeran plataforma

Maiatzaren 19an, Aldekoak Eusko Legebiltzarrean iragarri zuen «euskal Netflix bat» sortzeko asmoa duela EITBk. Primeran izena jarriko diote plataforma horri. Aldekoaren arabera, EITBko edukiak izango dira garrantzitsuenak plataforma berrian, «baina beste eduki batzuk ere egongo dira. Euskal Herriko ekoizpenentzat eta jaialdientzat leiho bat izatea nahiko genuke. Bideragarria izatea nahiko genuke, baita gazteentzat erakargarria ere». Eszenaren munduko edukiak etorkizunean sartzeko aukera aipatu zuen Aldekoak: «Kontzertuak; adibidez, Euskadiko Orkestrarenak».

Hedabide gisa, EITBren informazioarekiko konpromisoa indartzea da lehentasunetako bat. «Informazio digitalean eta media berrietan liderra izatea» ere bai. Aldekoak azaldu zuen «EITB agenda-ren» alde egingo dutela, «talde moduan indartzeko».

Kirolean erreferenteak izatea da beste jomuga bat. Zuzendari nagusiaren ustez, teknologia berriek aurrerapauso berriak emango dituzte kirol emankizunetan.

Aldekoak garrantzia ematen dio euskal ikus-entzunezko ekosistemarekin aliantzak egiteari ere. «Berrikuntza eta sormena indartuko dira Euskadiko ikus-entzunezko ekoizpenean». Horretarako, EITB Miramon Faktoria proiektua jarriko dute martxan Donostiako egoitzan. Miramongo egoitzako zuzendaria Maite Iturbe da EITBko zuzendari nagusia izan zen 2013tik 2020ra; taldean ari da 1984tik—.

Kudeaketa teknologiko berria behar dutela uste du Aldekoak. Halaber, EITBren egoitzak modernizatzeko plan bat izango dute.

«Bidea» hasteko proiektuen artean, Primeran plataforma eta EITB Miramon Faktoriaz gain, edukien politika berria egongo da —fikzioa sortzea eta bikoiztea, eta euskarazko produkzioen eskubideak babestea—.

Aliantzen eta nazioartekotzearen bideari ere ekingo diotela iragarri zuen Aldekoak. Zeregin horretan eta plataformekin izango dituzten harremanak lantzeko, Izaskun Ozerin iritsiko da BBCtik. Azaroan hasiko da lanean ETBn.

Aldekoak egitasmoa ekarpenei zabalik izango du epe batez, behin betiko testua oraindik ez baitago onartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.