Musika, euria eta moskitoak

Duela bost aste hasi ziren 'Go!azen 10.0' grabatzen, eta lan erdiak egin dituzte dagoeneko. Bi musikal eta hainbat sekuentzia grabatzeko prest dira; euria ez da oztopo.

Go!azen-eko lantaldea Donostiako grabazio lanetan. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Igone Urtaza
Donostia
2023ko uztailaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Euritan dantzan hasi dute Go!azen telesaileko bosgarren asteko grabaketa eguna, Basakabi udalekuan. Euskal Telebistan oso ezaguna da telesaila, eta Donostiako Loiola auzotik gertu dagoen El Pinar erresidentzian grabatzen dute. Xabier Zabaleta Go!azen-eko produktore exekutibo eta gidoilariak azaldu du euriari aurre egitea tokatu zaiela: «Euskal Herrian grabatzeak euria ezin ahaztea dakar». Zabaletak adierazi duenez, eguraldi txarrak grabazioa ordu bat atzeratzera behartu ditu.


«Oraintxe hasiko gara!» oihua entzun, eta isiltasuna sortu da bigarren unitatea deritzoten eremuan. Bi aktorek antzeztu dute eszena, baina grabatzeko hamar bat pertsona behar izan dira. Argazkilaria, tripodearen arduraduna... bertan dira. Eszena grabatzen ari den eremutik hogeita hamar metro ingurura daude Jabi Elortegi zuzendaria eta Idoia Uranga aktore zuzendaria. Furgoneta baten atzeko aldean kokatutako estalpean babestu dira euritik. Pantaila txiki bati begira daude, kamerak grabatutakoa aztertzen.

Ez da ohikoena lehen hartualdiarekin geratzea. Bigarrenarekin ere ez. «Estatuaren isla nabari da, errepikatu egingo dugu!», azaldu dio lantaldeari Elortegik eszena berriz grabatu behar dutela ohartaraziz. Telesaileko dantzariak eta haien zuzendari Maite Orbegozo ere bertan dira. Hurrengo harraldian planoan sartzea tokatzen zaie. Kamera pizten den bakoitzean, haiek ere isilik geratzen dira. Beharko. Eskuko telefono baten jakinarazpen hots batek bertan behera utziko luke guztien ahalegina.

Maite Orbegozok azaldu duenez, euriak aldaketa batzuk egitera behartu ditu. Adibide gisa, grabatu berri duten musikala aipatu du. Azkenean, musikalari aterkiak gehitu behar izan dizkiote elementu osagarri gisa. Euritakoekin dantzatu dira.

Bigarren unitatea utzi eta aldapan gora «maki-pelua» dago, aktoreen terminologia erabiliz: aktoreak makillatzen eta janzten dituzten lekua. Han dira Lorea Intxausti eta Ander Lacalle aktoreak.

Telesailean parte hartu izan dute lehendik ere, eta eroso daude grabazio egunean. Ez da, ordea, aktore guztien egoera. Hainbatentzat lehen denboraldia da aurtengoa. Zazpi pertsonaia berri ditu aurten telesailak. Lorea Intxaustik aktore ohien falta sumatzen duela aitortu du. Nabarmendu du, ordea, berriek «energia freskoa» ekarri dutela. «Trama polit eta berri asko sartu dira, eta guk ere lagun berriak egin ditugu, pertsonaia eta aktore moduan», argitu du aktoreak.

Itziar Gomez zuzendariaren hitzetan, aktore berriak gogoz eta errespetu handiz hasten dira: «Martxan dagoen tren batera igotzea egokitzen zaie, eta zorrotzak dira euren buruarekin». Aipatu nahi izan du baliabide faltak baldintzak gogortzen dituela eta lanerako denbora mugatzen duela. Baldintza horiei aurre egin ahal izateko familia baten moduan lan egiten dutela dio zuzendariak: «Topiko bat izan liteke, baina Go!azen familia bat izan dadin saiatzen gara. Hala izango ez balitz, egiten duguna ezinezkoa izango litzateke».

Familiaren parte ere badira animaliak eta intsektizidak. El Pinar erresidentzia —telesailean Basakabi udalekua— zuhaitzez inguratua dago, eta moskitoak erakartzen ditu. Hori dela eta, moskitoek ez heltzeko, lantaldeko kideek espraiak dituzte. Animaliak gogoan, anekdota bat kontatu du Ander Lacalle aktoreak: behin triku bat aurkitu zuten igerilekuan. Algarak atera zaizkio kontatzean.

Umorea 10. edizioan

Go!azen telesailaren 10. urteurrena da aurtengoa. Itziar Gomez zuzendariak «poza» eta «harrotasuna» sentitzen du. «Euskal produktu batek horrelako ikusmina sortzea benetan txalotzekoa da; denon meritua». Globalizazioarekin eta plataformek eskaintzen duten eduki kantitate handiaren aurrean, euskal produktu batek Go!azen-ek duen arrakasta izatea ez da erraza. Hamargarren denboraldia den heinean, «zerbait gehiago» ematen saiatu direla azaldu du Gomezek: «Pertsonaia berriek freskotasuna eskaintzen diote telesailari, eta ahalegindu gara aurten komedia gehiago sartzen». Nerea Arriola Supertxope euskal youtuberrak izango du umorea jartzeko ardura. Irakasle berri baten rolean arituko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.