Beste hari bat lizentzien katramilan

Eusko Jaurlaritza irrati lizentzien lehiaketako okerrak zuzentzen ari da. Behin-behineko adjudikazioak berrikusi egingo ditu

Info7 irratiaren irudi bat. Haren irrati oinordekoak emisioak hasi ditu jada; oraingoz, soilik musika. ISABELLE MIQUELESTORENA.
urtzi urkizu
2019ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 34 irrati frekuentzia adjudikatzeko lehiaketara deitu zuen Eusko Jaurlaritzak 2012. urtean —Patxi Lopez lehendakari zela—. Ia zazpi urte geroago, lehiaketaren adjudikazioetan aldaketa batzuk egon daitezke. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak baieztatu du administrazio prozeduran agerian geratutako okerrak zuzentzen ari dela. «Balorazio mahaiak berak ohartarazikoak dira», zehaztu dute saileko iturriek, teknikari juridikoekin kontsultatu ostean. Jaurlaritzak ez du argitu horrek nolako eragina izan dezakeen lehiaketara aurkeztu ziren hautagaiengan. Edonola ere, hainbat argibide eman ditu.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren eta Espainiako Auzitegi Gorenaren epaien arabera, lehiaketari uko egiteko akordioa erabat bertan behera uztea deklaratu zen. Hala diote Jaurlaritzaren iturriek. «Hortaz, atzera jo behar du espedienteak, uko egite akordioaren aurreko aldira. Horregatik ekin dio sailak uko egiteko aurreko aldira espedientea atzera eramateari, eta horrela behar duenez izan, okerrak daudela ziurtatuta, haiek zuzentzeari ekin zaio».

Behin-behineko lizentzia lortu eta helegiteak jartzen aritu ziren enpresei arrazoia eman zieten epaileek. Baina, Jaurlaritzak esan duenez, egoitza judizialean ebatzi ez diren lizentziak adjudikatzeko daude orain. «Gogora ekarri beharra dago lizentzien adjudikazio prozesuari uko egitea erabaki zenean, ordurako behin-behineko adjudikazio bat zegoela 34 frekuentzientzat. Behin-behineko jakinarazpenaren ondoren, balorazio mahaiak berak ohartarazi zuen okerrak zeudela balorazioan; hortaz, behin-behineko adjudikazioa berrikustea eta oker horiek zuzentzea erabaki zuen bere azkeneko bileran».

Egoera horrek epaitegietako katramila are gehiago luza dezake, enpresek auzitara jotzea erabakitzen baldin badute.

Info7ren oinordekoa, berdin

Jaurlaritza okerrak zuzentzen ari den arren, lizentzia jaso zuten irrati batzuk emititzen ari dira: esate baterako, Euskal Irrati Zerbitzuek —Gara egunkariaren taldekoa eta Info7ren oinordekoa— emititzeko zortzi lizentzia dituzte, zortzi eskualdetan. Xabier Abasolo Euskal Irrati Zerbitzuetako ordezkariak esan du ez dutela inolako informaziorik jaso. «Jaurlaritzak bertan behera utzi zuen lehiaketa, eta guk hasieratik esan genuen hori ezin zela egin. Auzitegiek hirutan eman ziguten arrazoia, ordea. Guk ere esan genuen balorazioan okerrak zeudela, baina horrek guri ez digu eragiten. Eta, eraginez gero, ez digute jakinarazi».

Antxeta irratiak Donostia aldean emititzeko lizentzia lortu zuen, eta horretan ere ez dela eraginik izango argitu du Agus Hernan Antxetako lehendakariak: «Gure kasuan ez du inzidentziarik, Antxetak epaitegietako bidea hartu zuelako eta epaileak arrazoia eman zigulako».

Bestelakoa izan daiteke auzitara jo ez zuten irrati batzuen egoera: esate baterako, Gasteizko Hala Bedirena. Euskara hutsez emititzeko lizentzia bat lortu zuen 2012an. Baina Jaurlaritza berriak lehiaketari helegiteak jarri ostean, ez zuen auzitara jo, eta lizentziarik gabe gelditu zen —hala ere, Hala Bedi Bi jarri zuten martxan, Arabako euskarazko irrati bakarra—. Jaurlaritzaren ohar bat jaso zuen duela hilabete bat Hala Bedik, galdetuz ea lizentzia eskaera berresten zuen. Zein pauso eman aztertzen ari da orain irratia. Hala Bedik salatu izan du lehiaketak ez diela erantzun egokirik ematen irrati komunitarioei.

Bestalde, Info7ren oinordekoa izango den irratian lizentziak ezin direla mugitu esan du Abasolok: «Sinatuta daude, eta emititzen ari gara. Dena den, esan nahiko genuke Jaurlaritza helegitez helegite ibili zela temati lehiaketa bertan behera utzi nahi horretan baina auzitegiek behin eta berriz arrazoia eman zigutela». Abasoloren arabera, Jaurlaritza helegiteekin tematu zelako, euskarazko irrati handi baten sorrera ia zazpi urtez atzeratu da. «Orain ere, ez dizkigute erraztasunak ematen». Info7ren oinordekoa den irratia musika emititzen ari da gaur egun. «Behin probak egin ostean hasiko gara irratsaio batzuk sartzen. Korrika garai garrantzitsua izango da guretzat. Inplementazio urtea izango da 2019a, eta programazio osoa ez dugu izango udazkenera arte», iragarri du Abasolok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.