Kopako finala, EITBn eta BERRIAn

ETB1ek Realaren eta Athleticen arteko lehia emango du larunbatean, 21:30ean. BERRIAk gehigarri berezi bat argitaratuko du bihar

Realaren eta Athleticen arteko partida bat, iazko otsailean. JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
2021eko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Realak eta Athleticek Espainiako Kopako finala jokatuko dute larunbat gauean, eta egunotan euskal komunikabideek askotariko edukiak emango dituzte argitara partida horren bueltan. Finala bera ETB1ek emango du, 21:30ean. Kontakizuna Jon Balentziaga kazetariak egingo du;Realeko jokalari ohi Imanol Agirretxe eta Athleticeko jokalari ohi Gorka Iraizoz izango ditu alboan. Euskadi Irratian, berriz, Maitane Urbietak, Haritz Gallastegik eta Rafa Mungiak egingo dute kontakizuna, eta, haiekin batera, Angel Garitano Ondarru, Juanan Larrañaga eta Iñaki Eskisabel arituko dira.

BERRIAk ere partidaren kontakizun berezia egingo du, Internet bidez. Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak saio berezia aurkeztuko du, 21:15etik aurrera. Bi talde finalisten zale bana partida komentatzen arituko dira saio horretan: Realaren aldetik, Amaia Puertas telebistako kolaboratzailea, eta Athleticen aldetik, Alex Sardui Gatibu taldeko kantaria. Idatziz ere partidaren inguruko gakoak irakurri ahalko dira, BERRIAren webgunean zein Twitterreko kontuan. Hain zuzen ere, Imanol Magro BERRIAko kazetaria Sevillako (Espainia) Cartuja estadioan egongo da partidaren berri ematen. Magrok egingo dituen erreportajeak eta bideoak zabalduko ditu kazetak egunotan. BERRIAk traola hau erabiliko du larunbatean Interneteko sare sozialetan: #Finalbatbatera.

Aste honetan finalaren gaineko zenbait artikulu eta elkarrizketa argitaratzen ari da BERRIA. Bihar, berriz, gehigarri berezi bat argitaratuko du egunkariak, finalaren atariko gisa —zortzi orrialde izango ditu—. Datozen egunetan, gainera, Interneteko sare sozialetan zaleak finala nola bizitzen ari diren bilduko du BERRIAk.

EITBren talde osoa finalarekin lotutako programazio berezia eskaintzen ari da egunotan, Geurea bai edo bai! lelopean. Atzo gauean, ETB1ek Aurten kopa geurea da! saioa eman zuen, Pedro Mari Goikoetxeak aurkeztuta —nahieran zerbitzuan dago ikusgai—. ETB2k Cara y cruz de la Copa saioa emango du gaur, 22:30ean. Bertan, Sara Gandarak Realeko hiru jokalariren eta Athleticeko beste hiru jokalariren sentimenduak eta kezkak bilduko ditu. Zenbait pertsonaia ospetsuk ere parte hartuko dute saioan.

Euskadi Irratiak, berriz, gaur Hiru Erregeen Mahaia berezia emango du, 19:00etan. Partidarekin lotutako edukiak eta Haritz Gallastegiren eta Maitane Urbietaren Sevillako konexioak tartekatuko dituzte. Finalaren egunean, larunbatean, Euskadi Irratiak bi euskal taldeen arteko norgehiagokari eskainiko dio Hiru Erregeen Mahaia osoa, 16:00etan hasi eta gauerdira arte.

ETBko albistegietan, bestalde, kirol tarteak Sevillatik aurkeztuko dituzte Jon Balentziagak eta Jose Ituartek larunbatean. Sevillako giroaren ingurukoak Aner Muruak kontatuko ditu.

ETB2k, halaber, saio berezi bat prestatu du larunbat arratsalderako. Xabier Lapitzek Geurea bai edo bai! saioa aurkeztuko du etzi, 18:30etik 21:00etara. Gonbidatu bereziak, kazetari adituak eta jokalari ohiak izango dituzte programan, eta hainbat konexio egingo dituzte zaleekin etxetik, teknologia berrien bitartez.

Finalaren atariko saioa Sara Gandarak aurkeztuko du ETB1en, 20:20an hasita. Janire Fraguak eta Asier Arangurenek bi euskal taldeen azken orduaren berri emango dute. Programa horrek jarraipena izango du partida amaitu ostean.

EITBk, halaber, eitb.eus/kopa webgune berezia prestatu du. Sare sozialetan #KoparenBila traolarekin erabiltzaileek zabaldutako eduki guztiak ikusi ahal izango dira horretarako garatuko den modulu berezi batean.

ETB1 kateak ez ezik, Tele5 kate pribatuak ere Espainiako Kopako finala emango du zuzenean. Mediaset taldearen Mitele.es webgunean ere emango dute lehia. Bi aste barru, Tele5k emango du Athleticek Bartzelonaren aurka jokatu duen finala.

Larunbateko partidaren ostean, askotariko kronikak iritsiko dira. BERRIAkoa webgunean zein igandeko paperezko edizioan irakurri ahalko da. Irutxuloko Hitza-k ere partidaren kronika argitaratuko du webgunean larunbat gauean.

Igande gauean ETB2k beste saio bat emango du, finalean gertatutakoa errepasatzeko. Julian Iantzik aurkeztuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.