Naturaltasun arrakastatsua

ETB1eko 'Biba zuek' saioa ikusle datu azpimarragarriak lortzen ari da arratsaldeetan. Gazteen artean nagusi da ordu tarte horretan

Biba Zuek!-eko lantaldearen bilera, Miramongo (Donostia) platoan bertan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
jakes goikoetxea
Donostia
2022ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Bidea urratzea egokitu zitzaien, eta bidea urratu dute. Datuei erreparatuz gero, gainera, ikusleak bidelagun dituzte: ikusleen %7 baino gehiago lortu dituzte hainbat egunetan —%5eko batez bestekoa denboraldi honetan—, eta euskaldunen %15etik gora —%19ra ere iritsi izan dira—. ETB1eko batez bestekoak baino nabarmen hobeak. Biba Zuek! arratsaldeko magazina sendotu da eta ikusleen babesa izan du bi denboraldietan.

Bada, gainera, Begoña Atin Arratibel ekoizle eragileak nabarmendu duen datu bat: 13 eta 24 urte arteko gazteek arratsaldean gehien ikusten duten programa da, ia arratsaldero.

Horiez guztiez gain, beste datu bati ere erreparatzen diote: ikusleen fideltasunari, hau da, ikus-leek zer neurritan jarraitzen duten saio bat, beste kate batzuetara aldatu gabe. «Fideltasunaren datua oso handia izaten da, eta horrek erakusten du ikuslea gustura dagoela», azaldu du Atinek, New Digital Media Euskadiko ekoizleak. Ekoiztetxe hori arduratzen da programa egiteaz.

18:00etatik 20:00etara izaten da Biba Zuek!, astegunetan. Garai horretako ikusle gehienak helduak dira, baina lortu dute tarte horretan telebistan ikusten duten gazteak erakartzea. Ez da gazteentzat propio egindako saio bat, «baina hor daude gurekin, eta sorpresa izan da».

Mito batzuk hautsi dituztela gehitu du Unai Etxabek, saioaren zuzendariak: telebista nagusiek soilik ikusten dutela, ETB1ek ez duela ezer eskaintzen, gazteentzat ezin dela produktu interesgarririk egin... «Publiko guztiarentzako programa bat egin dugu, Euskal Herriaren isla».

Alternatiba sortu beharra

2020ko irailean abiatu zuten lehen denboraldia. Programa prestatzen ari zirela, garbi zeukaten «alternatiba» bat eskaini behar zutela. Programaren ordu tartean Telecincoko Salvame izaten da nagusi Hego Euskal Herrian.

Alternatiba bat, arratsaldez eta euskaraz. Ordura arte erein gabeko lurra ETB1en. «Garbi geneukan ikusleek sentitu behar zutela programa euskalduna zela, ez euskaraz soilik», Atinen arabera. «Horretarako gaiek gureak izan behar zuten eta, unibertsalak izanda ere, gurera ekarriak». Gaiak aurkitzeko orduan, «belarriak zabalik» egoten dira, «jendeak hitz egiten dituen gaiak ekarri nahi baititugu programara».

Istorioak. Behin eta berriro aipatu du Atinek istorioak direla programaren oinarria: «Lehen pertsonan kontatutako istorioak. Jendeari gertatzen zaiona. Kaleko jendea ekartzen dugu, jende normala, bere istorioak kontatzera».

Batzuetan istorioak tristeak izaten dira, «baina betiere modu eraikitzailean eta positiboan landuak». «Haien esperientzia partekatzera etortzen dira, pentsatuz beste batzuentzat baliagarria izango dela», osatu du azalpena Nerea Navarro zuzendariordeak. Askotan gertatzen zaie programak eta gero gonbidatuentzako esker mezuak jasotzea. «Entretenimendu programa bat egiteaz gain, beste zerbaiterako ere balio du. Pozgarria da halako mezuak jasotzea, izugarria. Horrek ere indarra ematen digu».

300 programa baino gehiago egin dituzte. Mila gonbidatu baino gehiago. Horietako asko sortzaileak, haien lanaren berri emateko. Biba Zuek! bihurtu da haien erakusleiho bakarra ETB1en.

Egunean bertan albiste garrantzitsuren bat gertatu denean, heldu diote: Panpi Ladutxeren eta Pello Zabalaren heriotzak, uholdeak... «Zeinek egin behar zituen programa horiek ETB1en?», galdetu du Atinek. «Guk. Gure jendeak hori espero baitu, eta ezin baitiogu jendeari bizkarra eman», erantzun du.

Tonua, erritmoa eta giroa dira programaren ezaugarri nagusiak. Tonu goxoa, erritmo lasaia eta etxeko giroa. Bi orduko programa izanda, gainera, gonbidatuei beharrezko denbora eskaintzen diete. «Tonu horrek nortasun bat eman digu, eta nortasun bat edukitzea oso garrantzitsua da programa batentzat», Atinen arabera. «Jendeak jakitea zu zer zaren edo nolakoa zaren».

Aurkezleena apustu bat izan zen. Komunikabideetan eskarmentua bai, baina telebistan programarik aurkeztu ez zuten bi aurkezle hautatu zituzten: Maddalen Arzallus eta Xabier Sukia. Programaren aurpegi eta ikur bihurtu dira. «Programari ematen dioten naturaltasuna eta jatortasuna oso garrantzitsua da», Atinen iritziz. «Ez dira aurkezleak bakarrik, taldeko bi gehiago dira. Entzuten dute, gidoiaren zati bat prestatzen dute...».

Arzallusek eta Sukiak hainbat lankide dituzte ondoan. «Asmatu dugu, baina asmatze horren atzean lantalde baten lan izugarria dago», nabarmendu du Etxabek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.