Netflixekin lehiatzera doaz

Amazonek Metro Goldwyn Mayer erosi du, 7.685 milioi euroren truke. HBO Maxek eta Discoveryk plataforma bakarra sortuko dute. Plataformen merkatuan aurrea hartu nahi dute.

Ann Sarnoff Warner Brothers konpainiako presidentea, HBO Max plataformaren aurkezpen batean. WARNER MEDIA / EFE.
urtzi urkizu
2022ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Handiak, gero eta handiago. Txikiak, hainbestean. Munduko streaming plataforma handiak sekulako inbertsioak, erosketak, bat egiteak eta akordioak egiten ari dira. Burbuila ez da lehertu merkatuan, oraingoz. Netflix da buru. Atzetik dauden konpainiak, berriz, gero eta indartsuago, Netflixen lidergoa auzitan jartzeko asmoz ari dira. Horren erakusgarri, Amazonek Metro Goldwyn Mayer estudio handia erosi du. HBO Max eta Discovery konpainiek, berriz, laster bat egingo dute: iragarri dutenez, epe ertainean streaming plataforma bakarra jaurtiko dute —oraingoz, bakoitzak berearekin jarraituko du—.

Netflixek azkeneko urteetan edukietan egin dituen inbertsioak ez dira nolanahikoak izan: 9.762 milioi euro gastatu zituen edukietan 2020an; 12.654 milioi 2021ean; eta aurten, 15.366 milioi inguru izango dira. Urte osorako, astean estreinaldi bat ziurtatua du Netflixek.

Hala eta guztiz ere, ez da Netflix aurten gehien inbertituko duena: Disneyk 20.200 milioi euro inbertituko ditu aurten edukietan. Zenbait film zinema aretoetara iritsiko dira, eta, ondotik, Disney Plus ordainpeko plataforman jarriko dituzte. Baina badira zuzenean Interneteko zerbitzuan estreinatuko direnak ere: esate baterako, Pixarren Turning Red animaziozko filma. Pixar estudioko sortzaileak kexu azaldu dira filma ez dutelako zinema aretoetan eman, berariaz pantaila handian gozatzeko delakoan. Disney Plus, edonola ere, zabaltze aroan da, eta horretan jarraituko dute.

Milaka ordu Prime Videon

Disney Plusen harpidedun kopurua handia da, nahiz eta oraindik urrun dagoen Netflixen eta Amazon Prime Videoren datuetatik. Prime Videoren harpidedunen datuek zalantza eragiten dute; izan ere, zerbitzua kontratatzen duenak ez du soilik ikus-entzunezko plataforma bat ikusteko aukera kontratatzen: produktuen erosketari eta banaketari dagozkion abantailak daude Prime Videoren barne, eta, hortaz, zalantzazkoa da bere harpidedun kopurua Netflixek, Disney Plusek edo HBO Maxek dutenarekin alderatzea.

Halere, argia da Amazonek Netflixekin lehiatu nahi duela. Datozen hilabeteetan izango du aukera lidergoa auzitan jartzeko: batetik, Metro Goldwyn Mayer estudioen 4.000 film baino gehiago sartu ahalko ditu katalogoan. Baita telebistako saioen eta telesailen 17.000 atal inguru ere, eta, bestetik, The lord of the rings telesail garestia estreinatuko du iraileko lehen astean. Jakin-min handia sortu du ekoizpen horrek, eta J.R.R. Tolkienen fikziozko unibertsoen zale ugari harrapatuko ditu.

MGMren film gehienak, bestalde, Hego Euskal Herrian beste plataforma batean ikus daitezke: Filminen. Plataforma horrek, dena den, soilik Hego Euskal Herrian, Galizian, Herrialde Katalanetan eta Espainian funtzionatzen du.

Bat egiteak eta iragarkiak

Iazko maiatzean, AT & T telekomunikazio operadoreak —liderra da AEBetan— iragarri zuen bat egingo duela Discoveryrekin. Azken konpainia horretako finantza zuzendari Gunnar Wiedenfelsek berriki esan du HBO Max eta Discovery Plus plataformek bat egingo dutela. Plataforma bakarra ez da berehala sortuko; aintzat hartu behar da Warner Media taldea ere tartean dela. «Ez da urte askoren kontua izango, baina bai hilabete batzuetakoa», adierazi du Discoveryko buruak. Talde berekoa da CNN, eta kate horrek hilaren 29an jarriko du martxan CNN Plus zerbitzua. Plataforma bakarra sortzen dutenean, erabiltzaileek iragarkirik gabeko harpidetza edo iragarkiak dituena —merkeagoa— kontratatu ahalko dute.

Disney Plusek ere duela egun gutxi iragarri du asmoa duela harpidetza merkeago bat eskaintzeko, iragarkiekin. Netflixek ez du halakorik azaldu, oraingoz.

Merkatuan badira plataforma gehiago, eta ezin da baztertu datozen hilabeteetan bat egite gehiago iristea. Paramount Plusek akordioak egin ditu Showtime katearekin eta Sky taldearekin, eta Frantziako Canal Plusen eskutik Europan zabaltzeko bidea hartuko du aurten.

Ahaztu gabe, Txinako plataformak hasiak dira nazioarteko bidea urratzen. Euskal Herrian 2020ko udatik ikus daiteke Txinako iQiyi plataforma.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.