Donostiako Nazioarteko 65. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA

Akatsei gorazarre

Angel Aldarondo.
2017ko irailaren 29a
00:00
Entzun

'The Disaster Artist'



Zuzendaria: James Franco. Aktoreak: James Franco, Dave Franco, Seth Rogen, Alison Brie, Zac Efron, Josh Hutcherson, Jacki Weaver, Ari Graynor, Jason Mantzoukas. Herrialdea: AEBak. Iraupena: 103 min.

Beste film baten sorrerari buruzko filma da The Disaster Artist, azken urteotan ikusle frikienek kultuzko bihurtu duten Tommy Wiseauren The Room filmarena, hain zuzen. Diotenez, historiako kaxkarrena da, Ed Wooden Plan 9 from Outer Space filmari txapela kendu diolarik. The Room etengabe ematen urteak daramatzate AEBetako areto askok, eta pixkanaka fenomeno mundiala bilakatu da —Donostiako Tabakaleran eman zuten duela pare bat aste— .

Bi protagonista bitxi ditugu filmean: Tommy Wiseau The Room-en zuzendari xelebrea, eta bere lagun bakarra, Greg antzezpen-ikaslea. Biak Hollywoodeko izar izateko ametsaren bila joango dira buddy comedy gisako istorio honetan. Ez dute esperotako arrakasta lortzen, eta beren filma egiteko erabakia hartzen dute, baina Wiseauren izaera naif eta absurdoari esker, filmaziorik zoroena biziko dute. Emaitza? Drama serioa nahi gabe komedia bihurtua, ustekabean arrakasta lortuz. Hau askotan gertatu izan da —Donostiako Zinemaldian bertan—, baina arrakastarik gabe.

Tim Burtonen Ed Wood filma izendatzea ezinbestekoa da James Francorenaz hitz egiterakoan, baina nahiz eta bi istorioek erabateko paralelotasuna izan, ez dugu plagioaren arrastorik aurkituko. Burtonek erabili zuen amets-irudiaren atmosfera lirikoa alde batera utzita, bi filmen asmoa eta arima berberak dira. Nahi gabeko hutsegitearen erakargarritasuna islatzen dute.

Gidoia parodia hutsetik harago doa, eta The Room aldez aurretik ikusi ez dutenek ere gozatuko dute filmarekin. James Francok errespetu handiz irudikatu duelako istorioa, zinismo aztarnarik gabe. Horrek ikusleoi modu ez ironikoan konektatzeko aukera ematen digu, hain barregarria den pertsonaiari maitasunez begiratu arte.

James Franco izar ospetsuak lan ikusgarria oparitu digu zinemazale guztioi. Bere Wiseauren antzezpena zoragarria da, eta primeran zuzendu du filma. Ez delako soilik making-of bat edo zinema zinemaren barruko kontaketa bat: egiazko artista izan nahi duten panpina-apurtuei buruzko ipuin bat da, eta benetako protagonista sortzaileen pasioa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.