Albistea entzun

Bestaldekoak? Han, bertan

DK irratiaren jendaurreko saio berezian ondorioztatu dute «bestalde» ugari daudela eta Ramon Saizarbitoriaren 'Egunero hasten delako' eleberria gaur-gaurkoa dela.

Beñat Sarasola, Iratxe Retolaza, Lourdes Oñederra eta Itxaro Borda, herenegun; atzean, Ion Olano.
Beñat Sarasola, Iratxe Retolaza, Lourdes Oñederra eta Itxaro Borda, herenegun; atzean, Ion Olano. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2019ko azaroak 20 - Donostia

Irratian, esatarientzat, bestaldean daudenak entzuleak izan daitezke, idazleentzat irakurleak bezala. Ion Olano Carlos Donostia Kultura irratiko esatariak aurrez aurre izan zituen entzuleak astelehen iluntzean, Donostiako Viktoria Eugenia klubean egindako Bestalde saio berezian.

 

Esatariaren definizioen arabera, A aldean Egunero hasten delako eleberriaren inguruko solasaldi bat egiten ari dira —Literaktum jaialdiko ekitaldi bat, eta eleberriaren 50. urteurreneko programazioaren barnekoa ere bai—. Ramon Saizarbitoriaren liburuaz hizketan, berriz, Iratxe Retolaza literatur kritikari eta irakaslea, Lourdes Oñederra hizkuntzalari eta idazlea eta Itxaro Borda «postari ohia» eta idazlea jarri dituzte, Beñat Sarasola idazle eta irakaslea gidari dela. B aldean, bestalde, Harkaitz Cano idazlea eta Maite Larburu musikaria, Olanorekin dabiltza «bestaldeak» mikro aurrean azaleratzen.

Entzuleak, adi, irratsaioa ikusten. Haietako batek hitz egin du: Mikel Hernandez Abaitua idazle eta Euskal Filologiako doktoreak —Ramon Saizarbitoriaren lehen eleberrigintzaz egin zuen doktore tesia—. Izan ere, solaskideek Egunero hasten delako-ren modernitatea aipatu dute maiz, eta Hernandez Abaituak gogorarazi du idazlearen aitaren herriko emakume batek bere buruaz beste egin zuela haurdun gelditu zelako. «Gaztetan hunkitu zuen gai bat zen». Hala ere, abortuaren gaiari heltzeko hartu zuen bidea garai hartarako «aurrerakoia» izan zela nabarmendu du Retolazak, entzuleari erantzunez. Eskuetan, oharrak ditu Retolazak. Saizarbitoriaren liburua dute Oñederrak eta Bordak. «Eleberria gaur egun argitaratuko balitz, egitura aldetik berritzailea litzateke», azaldu du Retolazak. Oñederrak adierazi du asko ikasten duela Retolazak esaten dituenekin. Umore onez amaitu dute.

Olerki bat letonieraz

Eleberriaren inguruko solasaldia bukatu denean, sofak kendu dituzte paretik. Irrati esatariaren mahaira gerturatu dira Larburu eta Cano. Larburu bere bizipenetik ari da: «Nik beti uste nuen bestaldea atzerria zela, baina hamabost urtez Herbehereetan bizitzen egon nintzen, eta bestaldera etorri naiz orain. Bestaldea ez da existitzen: bestaldea ni naiz». Olanok iradoki du matrioxka bat egon ohi dela: «Bestalde ugari, batzuk besteen barnean». Eta Canok gogoratu du matrioxkaren bukaeran beti dagoela amona bat «zatikatu ezin dena».

Bestaldearen bestaldeak izenburuko solasaldia olerkiekin, kantekin eta pasadizo bereziekin tartekatzen ari dira musikaria, idazlea eta esataria. Cano Asian egindako bidaia batetik iritsi berria da, eta bestaldea «Asiako tigrearen eztarria» dela iruditzen zaio orain bertan. Bat-batean, entzule-ikusleak zur eta lur gelditu dira. Bozgorailutik hizkuntza arrotz batean errezitatutako olerki bat entzuten da. Inga Gaile Rigako idazlearen olerki bat da, letonieraz. Canok euskarara itzulia du, eta ea errezitatuko duen galdetu dio publikoari. Baiezkoak entzun dira soilik. Gure buruari sekula egiten ez dizkiogun 30 galdera. Azken galdera: «Zertan ari gara elkarrekin hemen?». Azken galderak entzuten diren bitartean, Larburu biolina jotzen hasi da. Eta kantuan: «Ura sartu patrikan / haizea harrapatu, zertarako?».

Kulturazaleen irratsaio mutantea da Bestalde magazina —Altza auzoan egiten du Olanok, urritik, Casares irratia DK irratia bilakatu zenetik—. Esatariak gogoratu du Literaktum jaialdiko podcast guztiak irratiko webgunean daudela entzungai.

Irratsaioa amaitzen ari dela ematen du. Larburuk Bestaldea abestia jo du —hori ez dago Hezurren azpian diskoan, baina lehenago kantatu du diskoan dagoen Hori—.

Esatariaren esker hitzek bukaera iradoki dute. Baina aretoko entzule-ikusleak «Beste bat, beste bat!» eskatzen hasi dira. Izan da beste bat: Canoren, Larbururen eta Olanoren artean, Homeroren Troiako zaldiaren istorioaren irakurketa dramatizatu bat egin dute, irrati nobela gisa. Eta klimaxa iritsi da: Larburuk Itoizen As noites da Radio Lisboa kantaren bertsio indartsu bat interpretatu du. «Ni naiz Ulises / planeten hautsak haizeak...». Entzule-ikusleen arteko begiradak argi utzi dute klimax boteretsua eskaini diela musikariak. Ez da Radio Lisboan izan, DK Irratian baizik. Bestalde kulturazaleak egunero uhineratzen dituen irrati berrian.

Saioa entzuteko:

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Hemeretzigarren Glisseguna aroak mugatu badu ere, surf egin ahal izan dute goizean, Iban Iturbiderekin. ©GUILLAUME FAUVEAU

Glisseguna, urak atzemana

Ainize Madariaga

Seaskak eta Miarritzeko eta Angeluko ikastolek antolaturiko hemeretzigarren Glisseguna aroari moldatu behar izan zaio: giro baikorrean, goizean surfean bakarrik aritu ahal izan dira.
 ©MAIALEN ANDRES / FOKU

«Ikusten ikastea da margolaritza»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Erretiroa hartu du Telleriak: margo denda itxi du, eta eskolak emateari utzi dio. Baina margotzeari, ez. 'Arimaren margolariak' telebista saioan egin zen ezaguna, baina 50 urteko ibilia darama jada artearen munduan. «Esperimentatzen» jarraitu nahi du.
Iñigo Vicens eta Lur Errekondo, <em>Naufragoak</em> saioko aurkezleak, Gazteizko FesTVal jaialdian. ©EITB

'Naufragoak' abentura saio berria, Karibeko uharte galduetatik ETB1era

Olatz Silva Rodrigo

Asteartean estreinatuko dute 'reality'-a. Lur Errekondok eta Iñigo Vicensek aurkeztuko dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...