Giltzak atea ireki du

Netflixek 'Lock & Key' telesaila emango du gaurtik aurrera, Joe Hill gidoilariaren eta Gabriel Rodriguez marrazkilariaren komiki arrakastatsuaren egokitzapena.

BERRIA.
jakes goikoetxea
2020ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Giltzak dira Lock & Key komikietako istorietako funtsezko elementua. Komikiaren giltzek, ordea, urte askotan ezin izan dituzte ikus-entzunezko formatuetako ateak zabaldu. Ateak irekitzea lortuta ere, gero itxi egin dizkiete. Azkenean, ordea, giltzek ireki dute behin betiko atea: Netflixek Lock & Key telesaila emango du gaurtik aurrera.

Joe Hillek idatzi zituen jatorrizko komikiko istorioak —Stephen Kingen semea da—, eta Gabriel Rodriguezek marraztu. 2008ko otsailean kaleratu zuten lehen zenbakia, IDW argitaletxearen bidez. Arrakasta izan zuen. Komikiak 2008tik 2013ra arte iraun zuen, eta hainbat izendapen eta sari jaso zituen.

Beldurrezko komikia telesail bihurtzeko ahalegina luzea izan da. Komikiaren arrakastak zenbait ekoiztetxe erakarri zituen, zinemetan eta telebistan eskaintzeko eskubideak erosi zituzten, baina, gero, atzera egin zuten.

Aurrena Dimension Filmsek eskuratu zituen eskubideak, gero Dreamworksek, hurrena 20th Century Foxek... Horrek kapitulu pilotu bat grabatu ere egin zuen, baina 2011n erabaki zuen ez zuela telesailik egingo. Universal ekoiztetxea trilogia bat egitekotan egon zen, baina atzera egin zuen. Hulu plataformak kapitulu pilotua filmatu zuen, eta beste zazpi kapitulutako gidoiak ere idatzi zituen 2017an. Ez gehiago. Azkenean,Netflix izan da proiektua gauzatu duena, hutsetik hasita.

Erronka zaila da Hillek eta Rodriguezek komikietan sortutako beldurrezko giroa eta unibertsoa ikus-entzunezko bihurtzea. Jada telesaila ikusi duten gehienek esan dute telebistarako leundu egin dutela komikiaren izaera, jende gehiagorengana iristeko asmoz.

Sekretuz betetako etxea

Istorioak familia bat du protagonista. Tyler, Kinsey eta Bode Locke anai-arrebak etxe berri batera joango dira bizitzera, Nina amarekin. Giltzen Etxea izango dute bizileku, familiarena izandako etxe bat, Lovecraften (Massachusets, AEB). Atzean utzi nahi dute aitaren hilketa krudela. Etxea sekretuz betea dago. Giltza magikoak daude bertan, eta hainbat ahalmen dituzte: pertsonak mamu bihurtzea, oroitzapenak ezabatzea... Locketarrak ez dira giltzen botereen berri duten bakarrak: Dove izeneko izaki bat giltzen bila ari da, Ate Beltza irekitzeko, infernuko izakiak gizakien munduan sar daitezen.

Carlton Cuse (Lost, Bates Motel) eta Meredith Averill (The haunting of Hill House) dira lehen denboraldiaren arduradunak. Joe Hill komikiaren sortzailea da telesailaren ekoizleetako bat. Eta honako hauek aktore nagusiak: Darby Stanchfield (Scandal), Jackson Robert Scott (It), Connor Jessup (American Crime), Emilia Jones (Horrible Histories) eta Bill Heck (The Ballad of Buster Scruggs).

Ekoiztetxea eta gidoilariak bigarren denboraldian lanean ari dira, baina Netflixek oraindik ez du bigarren denboraldirik aipatu ere egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.