'Go!azen 7.0', gaurtik aurrera ETBn

Downen sindromea duen aktore batek parte hartuko du aurreneko aldiz: Endika Zamalloak. Gailu eramangarrien aplikazioa berritu dute

Aitziber Errazkin, Nerea Elizalde eta Ander Lacalle dira Go!azen-eko aktore berrietako batzuk. ETB.
urtzi urkizu
Donostia
2020ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Iritsi da Euskal Herriko neska-mutiko ugarik maite duten telesailaren denboraldi berria. Hainbat aktore berri izango ditu Go!azen-ek zazpigarren denboraldian, eta, ohiko moduan, ETB1ek ostiraletan emango du, 21:00etan. Gaurtik aurrera, pertsonaia berriak eta lehenagotik ezagunak direnak topatuko dituzte telesailaren ikus-entzuleek.

[YouTube]https://youtu.be/jCOG9bFkFoI[/YouTube]

Aktore gazte berrien artean, Aitziber Errazkin —Enararen rola jokatuko du—, Nerea Elizalde —Garazirena egingo du— eta Ander Lacalle —Lukenen pertsonaia interpretatuko du— egongo dira. Atzo, aktore batzuek koreografia bat dantzatu zuten Miramongo egoitzan, eta haien artean zegoen Lacalle. Harentzat, lehen esperientzia da aktore profesional moduan: «Telebistak duen erritmoa oso bizkorra da. Zaila izan da horretara ohitzea, baina, aurrera egin ahala, gustura aritu naiz». Iragarri du Luken mutil «bihurria» dela.

Aurreko denboraldian parte hartu zuten zenbait aktorek ere jarraituko dute: Esti Lopezek, Lorea Intxaustik, Maria Redondok, Markel Sanzek, Xanti Korkostegik, Nikola Zalduegik eta Danae Riañok. Azken horrek Maddiren rola jokatzen du, eta nabarmendu du aurten erosoago sentitu dela grabaketetan: «Iaz, mundu berri batean sartu nintzen; dena berria zen; ez nekien antzezten. Aurten, neure tokia aurkitu dut. Konfiantza handiagoarekin eta beste lasaitasun batekin aritu naiz».

Aktore berrien artean azalduko da Endika Zamalloa ere, Downen sindromedun lehen aktorea Go!azen-en. Lacallek eta Riañok esan dute lan «izugarria» egin duela Zamalloak. «Downen sindromea duten beste haur batzuentzat oso polita izan daiteke. Identifikatuta senti daitezke, eta ikus dezakete antzezle izan daitezkeela etorkizunean», gaineratu du Riañok.

Asier Burguete aktorea Markelen pertsonaiarekin itzuliko da Basakabira, baina, oraingoan, bekadun moduan. Maria Cruickshank aktoreak, berriz, ingeleseko irakasle berriarena egingo du.

Ohiko telebista emankizunez gain, Go!azen-en gailu eramangarrietako aplikazioa berritu egin dute. Pertsonaiek egiten dituzten argazkiak eta bideoak jaso ahalko dituzte aplikazioaren erabiltzaileek. Gainera, telesailean abestiak entzuten direnean, karaokeko hitzak jasoko dituzte sakelako telefonoan edo tabletan.

Telesailaren aldizkari ofiziala salgai dago jada Euskal Herriko kioskoetan. Aktoreekin eta lantaldeko zenbait arduradunekin egindako elkarrizketak topa daitezke han. Denbora-pasa jostagarriak ere baditu.

Kontzertuak, hilaren 29tik

Denboraldi honetan, koronabirusaren osasun larrialdiaren eraginez, ezin izan dute antzezlana prestatu. Horren ordez, kontzertuak emango dituzte telesaileko aktoreek. Lehen kontzertua Azpeitian (Gipuzkoa) emango dute, hilaren 29an. Eguberrietako egunetan, Andoainen (Gipuzkoa), Zornotzan (Bizkaian), Sestaon (Bizkaia), Lazkaon (Gipuzkoa), Mungian (Bizkaia) eta Ermuan (Bizkaia) kantatuko dute. Urtarriletik apirilera bitartean, beste makina bat herri eta hiritan emango dituzte kontzertuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.