Telefono erotikoa, bai esan?

Uxue Amonarrizek, Aitor Altunak eta Uxue Bereziartuak umorezko websail bat sortu dute: 'Belarri bero, bai esan?'. Olatz Beobide, Nerea Arriola, Olaia Gil eta Dorleta Urretabizkaia dira aktoreak

Uxue Amonarriz, Aitor Altuna eta Uxue Bereziartua, Belarri bero, bai esan? websailaren sortzaileak. GORKA RUBIO / FOKU.
urtzi urkizu
Hernani
2021eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Belarri bero telefono linea erotikoak diru arazoak ditu. Axunek, negozioaren nagusiak, isilpean darama afera, Ines, Garazi eta Eider langileei ezer kontatu gabe. Hala ere, lehenago edo beranduago, mahaiaren bueltan bildu eta aurre egin beharko diote errealitateari. Umorea eta sexualitatea ikuspegi feministatik lantzen ditu Belarri bero, bai esan? websailak. Larunbatean aurrestreinaldia egingo dute Hernanin (Gipuzkoa). Sortzaileek herriz herri proiekzioak egin nahiko lituzkete datozen hilabeteetan. Datorren urteko udaberrian Interneten izango dira ikusgai sei atalak —15 minutukoa da bakoitza—.



Uxue Amonarriz, Aitor Altuna eta Uxue Bereziartua dira websailaren sortzaileak. Zehar Kablea taldea sortu zuten, eta duela bi urte Hernaniko Udalaren sormen bekaren deialdira aurkeztu zuten proiektua. «Ideia ero bat piztu zitzaigun, eta handik bi hilabetera sormen bekarena ikusi genuen», azaldu du Amonarrizek. «Esperantza handirik gabe aurkeztu ginen 2019ko abenduan. Gero, dena atzeratu zen pandemiarekin». Konfinamendua amaitu ostean jarri zen udala sortzaile gazteekin. «Proiektua stand by egoeran zegoen, baina, beka lortu genuela jakin genuenean, berriro jarri ginen websailean lanean».

Bekaren lehen irabazlea Nagore Legarreta izan zen, Urumea ibaiari buruzko dokumental baten proiektuarekin —atzo estreinatu zuten—. Bereziartuak azaldu duenez, bigarren gelditzeak diru gutxiago zekarren. «Baina aurrera egitea erabaki genuen. Zaila izango zen proiektuari beste momentu batean heltzea».

Hiru sortzaileek ez dute profesionalki ikus-entzunezkoetan lan egiten. Bilbon ikasten zeudela, bizikideak ziren. «Beti izan dugu kimika halako ideiak elkarrekin aurrera eramateko», aipatu du Amonarrizek.

Bekako deialdira proiektua aurkezteko, lehen bi atalen gidoiak idatzi zituzten. Altunak azaldu du beka lortu ostean ekin ziotela gidoi guztiak idazteari. «Kanpoko begirada bilatu dugu: euskara aldetik hitzekin jolasteko, gidoigintza teknikorako eta feminismoarekin lotutako edukiei begira, zenbait pertsonarekin harremanetan egon ginen gidoiak osatzeko. Ekarpenak bildu genituen, gidoien azken bertsioa osatu arte».

Grabaketak, Andoainen

Websaileko lau aktore protagonistak, berriz, Olatz Beobide, Nerea Arriola, Olaia Gil eta Dorleta Urretabizkaia dira. Rol txikiagoetan ageri dira Aitziber Garmendia, Kepa Errasti, Iñake Irastorza eta Asier Hernandez ere, besteak beste.

Grabaketak Andoainen (Gipuzkoa) egin zituzten, martxoan, Martin Ugalde kultur parkean. Atal bakoitza egun bakar batean grabatu zuten. Lantalde tekniko bat izan zuten lagun. «Grabaketen prozesua oso intentsoa eta polita izan zen», oroitu dute hiruek. Amonarrizek azaldu du «ilusio handiarekin» zeudela. «Giro polita sortu zen. Bigarren egunerako asmatu genuen nola jardun; gozatu genuen». Bereziartuaren iritziz, grabazioetan ondo moldatu ziren, «esperientziarik gabe» joan zirela aintzat hartuta. Edizioan aritu da Bereziartua, eta haren ahizpa Miren Bereziartua soinuaren edizioaz arduratu da.

Erabilitako umoreari dagokionez, Altunak uste du sexuarekin sarri umore «berde» eta «nazkagarria» egin ohi dela. Bereziartuak nabarmendu du telefono erotikoak testuinguru bat ematen duela, eta begirada feministatik «filtro asko» pasatzen saiatu direla. Altunak zehaztu du pertsonaien egunerokotasunean oinarrituko dela umorea. «Telefono erotikoarena aitzakia bat da zeharkatzen gaituzten gaiez hitz egiteko», esan du Bereziartuak.

Websailaren proiekzioak antolatu nahi dituztenek helbide elektroniko honetara idatz dezakete: [email protected].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.