'Goa!zen' Basakabitik at ere ibiliko da

ETB1 ostiralean hasiko da telesailaren atal berriak ematen. Lehen aldiz, gazteen apartamentu bateko gorabeherak jasoko ditu

Go!azen-eko aktore gazteak, herenegun, Iruñeko Baluarte jauregian egindako aurrestreinaldian. IDOIA ZABALETA/ FOKU.
urtzi urkizu
2022ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Aurreko denboraldian inoizko ikusle daturik onenak lortu zituen ETBko Go!azen telesailak: %6,2ko ikusle kuota Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Azkeneko asteetan, aurrestreinaldi jendetsuak egin dituzte Barakaldon (Bizkaia), Arrasaten (Gipuzkoa), Donostian, Bilbon eta Iruñean. Eta ostiral honi begira, neska-mutiko ugari Basakabiko abentura berriak ikusteko gogoz daude. Egun gutxi falta dira ETB1en Go!azen 9.0 hasteko. Denboraldiak otsailaren 3ra arte iraungo du.

Baina, aurten, abentura guztiak ez dituzte Basakabiko udalekuan girotuko. «Lehen aldiz, gazteen apartamentu batean gertatuko dira istorio batzuk», iragarri du Xabi Zabaleta telesaileko ekoizle eragileak. Eli (Ainhoa Larrañaga), Ane (Miren Arrieta), Zuri (Maria Redondo) eta Enara (Aitziber Errazkin) elkarrekin bizi dira etxe batean. «Lau pertsonaiak oso indartsuak dira, lehendik Basakabin ibilitakoak. Gurasoen etxetik kanpo bizitzea nola den erakutsiko dugu haien bitartez».

Basakabin bertan, berriz, izango dira aldaketak. Batetik, hiru ikasle berri iritsiko dira: Mikele Arizkorretak, Kimetz Etxabek eta Eleder Iglesias aktoreek jokatuko dituzte rol berriak. Bestetik, Basakabik zuzendari berria izango du, gaizto samarra. Andoni Agirregomezkorta aktoreak (Vaya semanita) egingo du zuzendariarena.Pausokarentzat makina bat lan egin izan ditu Agirregomezkortak. «Gogo handia genuen harekin berriro lan egiteko», azaldu du Zabaletak. Alazne Etxeberria ere aktoreen artean egongo da.

Basakabiko ikasleen artean neska-mutikoek lehendik ezagutzen dituzten aktoreak topatuko dituzte: Danae Riaño, Nerea Elizalde, Malen Azpirotz, Julen Castillo, Joanes Etxebeste eta Iñaki Mujika.

Kontzertuak, abendutik

Telesailaren emanaldiaz gain, askotariko eskaintzak egiten ditu Pausokaren proiektuak. Zabaletak nabarmendu du beti izan dutela buruan telebistaz harago joatea: «Go!azen telesail bat baino gehiago da, eta, hasieratik, garrantzia eman diogu telesailaren inguruan dagoenari». Hemendik gutxira hasiko dira kontzertu birarekin: abenduaren 3an, Azpeitian (Gipuzkoa); hurrengo egunean, Gasteizen; eta abenduaren 8an eta 9an, Donostian.

Durangoko Azokarako, liburu bat argitaratuko dute. Gainera, paperezko aldizkaria «oso ondo» funtzionatzen ari da. Zenbaki bakoitzaren 4.500 ale saltzen dituzte, batez beste. «Apustu handia da gaur egun paperean argitaratzea. Baina ikastetxeetatik mezuak jasotzen ditugu, gai batzuk lantzeko oso ondo etortzen zaiela adieraziz».

Telesailaren gailu eramangarrietarako aplikazioan, berriz, zenbait aldaketa egiten ari dira. Lehiaketak egiteko asmoa dute. «Egunean Behin jokoaren tankerakoak prestatuko ditugu, telesailaren inguruko galderekin. Interakzioan sakontzeko ahaleginetan ari gara».

Sare sozialetan, halaber, ahalegin berezia egingo dute. Aurrestreinaldien bideo batzuk sareratu dituzte. Esanguratsua da Instagramen saioak duen arrakasta: 13.700 jarraitzaile ditu. Facebook, Twitter eta Tiktok sare sozialetan ere badu bere tokia Go!azen-ek. Fikzioaren unibertsoan sortutako liburu sorta EITB Podkast atarian entzuteko moduan dago, gainera.

Zabaletak, era berean, gogoratu du harrera beroa izan zutela Go!azen-en udako kantarekin egin zuten deialdian. Bizi alai kanta osatzeko, 552 neska-mutikok bidalitako proposamenak eta hitzak erabili zituzten. «Gustatzen zaigu haurrek parte hartzea».

EITB aurreko denboraldian hasi zen telesailaren atalak osorik Youtuben jartzen. Milaka ikustaldi dituzte. Eta horrekin ere pozik daude Pausokan. «Musika bideoen ikustaldi kopuruak oso handiak dira. Baina osotasuna begiratu behar da, eta hori indartsua dela iruditzen zaigu».

Denboraldi honetan, telesailak 11 atal izango ditu —kapitulu berezia izango da Eguberrietan emango dutena—. Eta Go!azen amaituta, neska-mutikoak ez dira geldituko umezurtz; izan ere, otsailaren 10ean Irabazi arte telesailaren bigarren denboraldia hasiko da ETB1en. Nesken futbol talde baten gorabeherak kontatzen ditu fikzioak, eta hori ere Pausokak ekoizten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.