EBZren gobernu kontseilua. Zor erosketen amaiera

Zer gertatuko da banku zentralak zorra erosteari uzten dionean?

Interes tasa errealak eta zorra poliki igotzen hasteak ekarri beharko luke EBZren iragarpenak

EBZren helburua da bere iragarpenek gorabehera txikiak eragitea finantza merkatuetan. MARISCAL / EFE.
Iker Aranburu.
2018ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Amaieraren hasiera iragarri zuen atzo Mario Draghik. Euroguneko ekonomia biziberritzeko eta zorraren krisia itzaltzeko abian jarritako diru politika ezohikoa bukatzeko lehen urratsak hartu zituen Europako Banku Zentralak.Ohi duen bezala, zein mugimendu egingo dituen aurretik telegrafiatu du Draghik, finantza merkatuetan ahalik eta dardaragutxien eragiteko.

Prozesu luzea izango da, gorabeherak izan daitezke, baina pentsatzekoa da hiru ondorio hauek izango dituela:

INTERES TASAK IGOKO DIRA



Atzoko iragarpenak berak eragin dezake interes tasa errealak igotzen hastea; ez banku zentralak finkatutakoak, horiek ez baitira 2019ko udara arte aldatuko, baizik eta horien espektatiben arabera banku komertzialek euren bezeroei kobratzen dizkietenak. Izan ere, QE quantitative easing programaren amaiera lehen urratsa da EBZk diru politika normalago batera itzultzeko. Eta politika normalago horrek interes tasa normalagoak behar ditu, eta ez azken urteetan indarrean izan den %0ko tasa.

Pentsatzekoa da interes tasen igoera lehenik bankuen arteko tratuetan gertatuko dela, eta horren atzetik etorriko dela finantza produktuen interesen igoera. Prozesu motela izan beharko luke, bankuek aldi luze baterako baitute diru merkea ziurtatuta.

Urtebeterako Euriborra 2016ko otsailean sartu zen zenbaki negatiboetan, eta hor egon da orduz gero. Aldaketak oso txikiak izan dira azken hilabeteetan, baina badirudi diruaren prezioak bere behea jada jo duela; azarotik maiatzera -%0,19an izan da, eta ekaineko batezbestekoa, oraingoz, -%0,181 da. Erritmo horretan, oraindik hilabeteak beharko dira tasa positiboak ikusteko. Berri ona da hori mailegu zaharrak dituztenentzat, diferentzial txikiak dituztelako —%0,5 eta %1 artekoak—, baina ez hainbeste mailegu berriagoak dituztenentzat, Euriborra hain txikia izanik, bankuek igo egin dituztelako mailegu aldakorrei ezartzen dizkieten interes tasa finkoak.

Enpresek, herritarrek eta erakunde publikoek ordaintzen dituzten interesak ez ezik, beren aurrezkien truke jasotzen dituzten interesek ere gorantz egin beharko lukete. Gordailuen errentagarritasuna oso apala izan da azkenaldian, eta hori da Alemaniaren kexu nagusia, haiena asko aurrezten duen gizarte bat baita.

ZORRA GARESTITUKO DA



EBZren programaren helburu nagusia izan da interes tasa errealak oso txikiak izatea, herritarrak, enpresak eta, batez ere, gobernuak merke finantzatu zitzaten beren buruak. Helburua lortu du, inolako zalantzarik gabe, eta euroaren iraunkortasunari buruzko zalantzak uxatzeaz gain, ekarri du gobernuek diru pixka bat aurreztu ahal izatea zorraren fakturan, beste gastu produktiboago edo sozialago batzuetan jartzeko.

Arazoa da dopina bukatzean zorrak hor jarraitzen duela eta hura finantzatzea gero eta garestiagoa izango dela, eta beste gastu batzuetara joan beharko lukeen dirua interesak ordaintzera joango dela.

Arazo handia Greziarentzat izango da, orain nahi duelako merkatuetara itzuli, 2018ko abuztuan erreskate programatik ateratzean. Bere BPGaren %178 zor du Greziak, Eurostaten azken datuen arabera.

Arazoa Italiarentzat, batez ere ikusita gobernu eurofobiko baten gertutasunak nola larritu dituen merkatuak eta nola igoarazi dioten arrisku saria. Azken hilabetean 132tik 290 puntura igo da, eta Finantza ministro berriak eurotik atera nahi ez duela iragarri duen arren, oraindik 235 punturen bueltan dago. Hau da, %2,7ko interesa eskatuko diotela inbertsiogileek zorraren truke. Horrek asko garestituko du euroguneko zorrik handienari aurre egitea—2,26 bilioi euro, edo BPGaren %131,8—

Eta arazoa Espainiarentzat ere, azken lau urteetan %3 inguruko hazkundea izanagatik jarraitzen duelako defizit handiarekin eta zorretik tiraka kontuak orekatzeko: 1,14 bilioi zor zituen 2017aren amaieraren, BPGaren %98,3.

EUROA INDARTUKO DA



AEBetako Erreserba Federala bere interes tasak igotzen hasi zenetik gora egin du dolarraren balioak, inbertsiogileak merkatu arriskutsuagoak utzi eta dolarretan salerosten diren aktibo errentagarri eta seguruak bilatzen hasi direlako. Horrek azaltzen du, besteak beste, Argentinako pesoaren eta Turkiako liraren amiltzea. Euroan ere izan du eragina: azken hilabeteetan bere balioaren %5 galdu du dolarrarekin, eta atzo ere beste zentimo bat kendu zion euroari (1,16 dolar). AEBetan ere interes tasak igotzen ari direnez —%2ra, herenegun—, baliteke euroak dolarrarekiko balioa galtzea oraindik ere aldi batez, baina interes tasa errealak igotzen diren heinean, logikoa litzateke eurotan salerosten diren aktiboak ere erakargarriagoak bihurtzea eta euroa indartzea. Gehiegi ez izatea espero du EBZk, esportazioei ez kalte egiteko 1,20 dolarreko trukea gogoko baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.