SOSLAIA

Cyril Ramaphosa, Sowetotik Pretoriara

MIKE HUTCHINGSI / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Soweton jaiotakoa da Matamela Cyril Ramaphosa (Johannesburgo, Hegoafrika, 1952). Apartheid-aren kontra borrokaren gotorlekua zen auzo pobre hartan, 1976ko ekainaren 16an, gazte beltzak kalera atera ziren afrikanerren hizkuntza ezartzearen kontra. Poliziaren erantzuna itzela izan zen: 700 lagun hil zituzten. Sowetoko sarraskia esaten dioten gertaera. Ramaphosa, ordurako, kartzelan egondakoa zen, lau urtez, eta argi dago jaiolekuak markatu egin zuela haren bizitzak hartuko zuen norabidea.

ANC Afrikako Kongresu Nazionaleko kide egin eta bake elkarrizketetan negoziazio taldeko buru izan zen. Nelson Mandela kartzelatik ateratzeko lanean aritu zen ere, batzordeko eleduna baitzen, eta haren lekukoa hartuko zuela ere uste izan zuen. Mandela beraren kuttuna zela esaten zen, baina, lehen lerrotik baztertuta, 1997an, enpresari bihurtu zen, baita herrialdeko gizon aberatsenetakoa ere —360 milioi euroko fortuna dauka—. Bere negozioen interesen alde jokatu izana egotzi izan diote, baina hori ez da jaso duen kritikarik latzena. NUM Meatzarien Batasun Nazionala sindikatuko buruetako bat zela meatzarien manifestaziorik handiena gidatu bazuen ere, gerora, meatze baten jabe zenean, protestan ari ziren meatzariak tirokatzeko agindua eman zuen. Marikanako sarraskian, 2012an, 34 lagun hil zituzten.

Politikara egin zuen salto berriz. Diputatu gisa aritu da 2014tik, eta iazko abenduan ANCko presidente izendatu zuten. Atzo Hegoafrikako presidente bilakatu zen. Eta Pretoriako egoitzatik gobernatuko du, herrialdeko historia garaikidearen sinbolo den eraikinetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.