'Go!azen'-en udako kanta 552 haurren laguntzarekin osatu dute

Denboraldi berriko grabaketak egiten ari dira egunotan, Bergaran. Ezustekoak iritsiko dira aurki

Go!azen-eko aktoreetako batzuk, Bizi alai bideokliparen grabaketan. EIDER URIBARRI / PAUSOKA.
urtzi urkizu
2022ko uztailaren 20a
00:00
Entzun

Aurreneko aldiz, ETBko Go!azen telesailaren udako kantaren hitzak neska-mutikoen ekarpenekin landu eta sortu dituzte. Bizi alai du izena kantak, eta bideoklipa estreinatu dute jada. Hogei ikastetxe baino gehiagoko LHko eta DBHko ikasleek eta zenbait musika eskolatako eta bertso eskolatako lagunek bidali dizkiete Pausoka ekoiztetxekoei abestia osatzeko proposamenak. Hartara, 552 gaztetxok parte hartu dute telesail arrakastatsuaren udako kanta sortzen.

 

Abestiaren musika Iker Laurobak sortu du, eta ez du lan erraza izan neska-mutikoen hitzei doinua jartzen. Xabier Zabaleta Go!azen-eko ekoizle eragileak nabarmendu du deialdiak harrera «ederra» izan duela Euskal Herriko haurren artean: «Prozesua polita izan da, baina zaila. Adin tarte oso zabalekoak aritu dira hitzak bidaltzen, eta haietako batzuk animatu dira audioak eta bideoak bidaltzera». Ahalik eta ideia gehien kantan txertatzen saiatu dira. «Proiektu bitxia izan da, orain arte egin ez duguna».

Abestiaren gai nagusia uda da, baita horrek dakarren poza eta alaitasuna ere. Tartean dira euskararekin lotutako ideiak, besarkaden eta musuen itzulera eta lurrarekiko maitasuna. Laurobak egin duen moldaketan, neska-mutikoek bidalitako gai eta ideien artean gehien errepikatutakoak islatzen saiatu dira, proposamenetatik zati laburrak erabiliz.

Kantaren bideoklipa grabatzea iritsi zen gero. Pasaian (Gipuzkoa), Urruñako Wow parkean (Lapurdi) eta Urumea ibaian egin zituzten grabaketak. Zabaletak oroitu du grabazioaren goizean bi aktore gaztek positibo eman zutela COVID-19an. «Gero, bi aktore horiekin grabatu genituen zati batzuk, eta ez da asko antzematen».

Honako aktore hauek parte hartu dute bideoklipean: Nerea Elizaldek, Danae Riañok, Lorea Intxaustik, Malen Azpirotzek, Julen Castillok, Joanes Etxebestek eta Iñaki Mujikak. Gainera, bederatzigarren denboraldiko ataletan Mikele Arizkorreta, Kimetz Etxabe eta Eleder Iglesias aktore berriek parte hartuko dute, eta horiek ere ageri dira bideoklipean.

Azaroan itzulera, ETB1en

Go!azen 9.0 telesailaren grabaketen laugarren astean dira egunotan, Bergaran (Gipuzkoa) —aurreko astean ere bertan grabatu zuten, Mariaren Lagundian—. Zabaletak iragarri duenez, datorren astean igerilekuko sekuentziak grabatzen arituko dira. «Aktore berriak pozik ari dira, eta maila polita daukagu aurten ere».

Telesaileko ekoizle eragileak, halaber, iragarri du aurten ezusteko batzuk iritsiko direla: «Udako kantaren bideoklipean agertzen ez diren aktore batzuk azalduko dira telesailean. Aurrerago argituko ditugu ezustekoak».

Azaroan, berriz, ETB1era bueltatuko da Pausokaren telesaila. Ohiko moduan, Go!azen-en aplikazioan eta sare sozialetan ere ikusi ahalko dira fikzioaren gorabehera guztiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.