Xabier Amurizarekin hasiko dute ETB1eko 'Biba zuek', astelehenean

Gai bati buruzko solasaldia egingo dute lehenbizi; gero, elkarrizketa bat pertsona ezagun bati

Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak aurkeztuko dute Biba zuek saioa, astelehenetik aurrera. JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2020ko irailaren 11
00:00
Entzun
Azkeneko urteetan, ETB1ek artxiboko saioz bete izan du 18:00etatik 20:00etarako tartea. Denboraldi honetan, ordea, apustu sendoa egingo du ordutegi horretan: zuzeneko magazin bat eskainiko du. Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak Biba zuek aurkeztuko dute datorren astetik aurrera, astelehenetik ostiralera. New Digital Mediak Miramongo (Donostia) estudio batean egingo du saioa.

Unai Etxabe da saioko zuzendaria —Gure kasa-ko zuzendaria eta zuzendariordea izan zen—. Iragarri duenez, programa bi zatitan banatuko da. «Lehen orduan, hiru gonbidatu izango ditugu, gai jakin baten inguruan aritzeko. Adibidez, lehen egunean, eskolarako itzulera izango da mintzagaia; asteartean, COVID-19a gainditu duten gazteak; familia eredu berriak landuko ditugu datorren astean. Bidelagun edo coach bat egongo da lehen parte horretan, aholkuak emateko eta gauzak beste modu batean ikusteko»

Bigarren zatian, elkarrizketa bat egingo dute —gehienetan, aurpegi ezagunak izango dira—. Aurreneko atalean, Xabier Amuriza elkarrizketatuko dute.

Gainera, kolaboratzaile ugari egongo dira bigarren partean: Agus Barandiaran musikariak Euskal Herriko abestien historia kontatuko du; Jon Artanok Euskal Herritik kanpo bizi diren euskaldunak elkarrizketatuko ditu webcam bidez; Ana Goitiak oroimin atal bat aurkeztuko du —gonbidatuaren jaiotze data aintzat hartu, eta gogoraraziko du garai hartan zer jantzi, zer musika eta zer telebista programa zeuden—; Marta Elvirak Euskaraldiaren tarte bat aurkeztuko du, eta kaleko aktualitatearen erradiografia bat egin; Mikel Markezek gonbidatuarekin lotutako hiru objektu eramango ditu gitarra funda batean; Iker Laurobak Euskal Herriko herriak bisitatuko ditu, eta, tokian tokiko hitzak lotuz, abestiak sortuko ditu; Jon Garate artxiboan murgilduko da; Mikel Elizegik aiton-amona «aktiboak» bisitatuko ditu, eta Ainhoa Vitoriak gonbidatuaren playlista eramango du.

Artzain bat ere egongo da saioan: Aritz Ganboa. «Nafarroako bere eremuan zer eguraldi duen azaldu, egunean zehar zer egin duen kontatu, eta artzain munduari buruzko erreportajeak aurkeztuko ditu. Gure konexioa izango da baserri munduarekin», azaldu du Etxabek.

Zuzeneko konexioak ere egingo dituzte, aktualitatea aztertzeko. Joseba Olagarai eta Izaskun Moyano arituko dira erreportari.

Etxabe itxaropentsu dagoMaddalen Arzallus eta Xabier Sukia aurkezleekin. «Oso apustu sendoa egin dugu aurkezleekin, eta uste dut asmatu dugula. Sekulako ezustekoa emango diete ikus-entzuleei. Etorkizuneko benetako bikotea osatzen dute». Abesten ere jarriko dituzte.

Etxabek aitortu du azken urteetan errepikapen asko eta saio berri gutxi egon direla ETB1en ordutegi horretan. «Ea ordutegi hori sendotu dezakegun hemendik abendura bitartean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.