'La casa de las flores'-en bigarren denboraldia, urriaren 18an Netflixen

Pertsonaia homosexualak, bisexualak eta transexualak naturaltasunez jorratzen ditu telesailak

La casa de las flores telesaileko aktoreak eta arduradunak, atzo, Gasteizen. FESTVAL.
urtzi urkizu
2019ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Mexikon zeresan handia ematen ari da Netflix plataformako La casa de las flores telesaila, batik bat pertsonaia homosexualak, bisexualak eta transexualak naturaltasunez lantzeagatik. Alde horretatik, Mexikon egin izan diren ohiko folletoien begirada gaurkotua ematen du ekoizpenak. Manolo Caro zinemagileak sortu du fikzioa; bera da zuzendaria, eta atzo Gasteizko FesTVal jaialdian izan zen bigarren denboraldia aurkezten, aktoreekin —berrien artean, Maria Leon dago—. Urriaren 18an estreinatuko ditu plataformak atal berriak.

Carok nabarmendu duenez, melodrama gaur egungo garaietara ekarri du La casa de las flores-ek. «Gizarteko gutxiengoak lehen ez ziren gure pantailara iristen, zentsurarengatik. Mexikon telesailak izan duen harrera sekulakoa izan da, oso aberatsa izan da ikustea publikoak gertuko gaiak jaso nahi dituela, eta ez dituela horrelako gaiak eta pertsonaiak modu karikaturizatuan ikusi nahi». Carok gogoratu du urte luzez Mexikon pertsonaia homosexualak telesaileko barregarria izan behar zuela. «Edo buruko arazoak zituena».

La casa de las flores-en, Maria Jose pertsonaia transexuala (Paco Leonek interpretatzen du) abokatu prestigiotsua da. Aipagarria da hori, zuzendariaren aburuz.

Pertsonaien beste gorabehera batzuek ere eman dute zer esana; esate baterako, protagonistetako batek botikak hartzen ditu ondo sentitzeko, eta psikologoaren terapiara joaten da maiz.

«Iruditzen zait ikusleek beren burua islatuta ikus dezaketela modu desberdinetan La casa de las flores-en», gaineratu du Carok. «Zorionez, erabateko askatasuna izan dut gidoiak lantzeko. Komediatik asko du telesailak, eta, genero horretan ez baduzu askatasunez jokatzen, ez du zentzurik».

Umorea eta drama batera ageri dira telesailean, «bizitza halakoa baita: itzalez eta argiz betea».

Bigarren denboraldiko hainbat eszena Madrilen grabatu dituzte.«Pozik gaude fikzioak Espainian izan duen harrera beroarekin».

Dagoeneko Carok iragarri du hirugarren denboraldia grabatuko dutela, eta horrekin amaituko dela telesaila. «Netflixen kontsumoa asko hazi da Mexikon, eta guk egokitu egin behar dugu».

'Elite'-ren itzulera, gaur

Espainiako Elite telesailaren bigarren denboraldia, bestalde, gaurtik aurrera izango da ikusgai Netflixen katalogoan. Las Encinas ikastetxeko ikasleen itzulera ez da erraza izango: Marinaren heriotzaren ostean, sekretu ilunak mantentzea karga gogorra izango da gazteetako batzuentzat.

Aktore berrien artean, Georgina Amoros, Claudia Salas eta Jorge Lopez daude. Halaber, lehen ataletako aktore gehienek jarraituko egingo dute; haien artean La casa de papel-eko lanarengatik arrakasta lortu duten Jaime Lorente eta Miguel Herran daude. Elite-ren lehen denboraldia hogei milioi etxetan baino gehiagotan ikusi zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.