Hedabideen hizkuntzaren erabilera, emakumezko kazetarien begietatik

Antxeta irratiak 'Arduraz komunika dezagun' dokumentala egin du. Interneten ikusgai dago

Maider Galardi F. Agirre Berria FM podcastaren aurkezlea, dokumentalaren irudi batean. ANTXETA.
urtzi urkizu
2021eko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun

Berdintasunari eta feminismoari dagozkion gaiak eta hizkuntzaren erabilerak indarkeria matxistan duen eragina aztertu dituzte herri ekimeneko komunikabideetako zenbait kazetarik Arduraz komunika dezagun dokumentalean. Emakumezko kazetariak dira agertzen diren guztiak, eta, haiekin batera, alorreko aditu batzuk ere azaltzen dira: Kattalin Miner ekintzaile feminista, Amelia Barquin irakaslea eta Irene Arrarats Lizeaga BERRIAko euskara taldearen burua.

[YouTube]https://youtu.be/ta_fkocByxg[/YouTube]

Aitziber Zapirain Etxaniz Antxeta irratiko koordinatzaileak zuzendu du lana, Joseba Arozenaren laguntzarekin. Dokumentala ez da hutsetik sortu, Zapirainek azaldu duenez: «Antxeta irratian urtebete generamatzan indarkeria matxistaren aurkako proiektu bat garatzen; elkarrizketa sortak egin genituen. 2019an, barrura begira jartzea pentsatu genuen: Arrosa sareko hainbat irratirekin elkarrizketak egin genituen. Eta, iaz, pentsatu genuen ea zergatik ez genuen hori egiten euskarazko herri ekimeneko hedabideekin». Modu horretan hasi ziren dokumentalerako elkarrizketak egiten.

Askotariko hedabideetako kazetariak ageri dira hizketan: Bilbo Hiria, Hala Bedi irratia, Arrosa sarea, Antxeta irratia, Hamaika telebista, Argia astekaria, Gara egunkaria, Pikara Magazine, Irunero aldizkaria, Gaztezulo aldizkaria eta BERRIA egunkaria. Berria FM podcast feministaren gidari Maider Galardi F. Agirre eta BERRIAko Euskal Herria saileko koordinatzaile taldeko Maite Asensio Lozano ageri dira elkarrizketatuen artean. Euskarazkoak dira hitz solas guztiak.

Nahiz eta komunikabide oso desberdinak izan, kazetariek azaldu dute gaur egun erredakzioetan heltzen diotela gaiari. «Elkarrekin gogoetez eta proposamenez hitz egiteko gogoz daude denak», dio Zapirainek.

Dokumentalean egin diren hausnarketak entzunda, Antxetako koordinatzaileak ondorio hauek atera ditu: «Duela zenbait urte arte, erredakzio bakoitzean kazetari emakume feminista bat egoten zen, eta bere bizkar hartzen zituen horrelako gaiak. Lan bakarti gisa sentituko zuten zenbaitek. Baina geroztik, dokumentala egitean, sentsazioa izan dut hedabidea bera konprometitzen dela. Jada ez da emakume bakar baten ardura, baizik eta erredakzio osoarena». Lekukotasunak entzunda, halaber, Zapiraini iruditzen zaio emakume horiek «taldean» sentitzen direla eta erredakzio bileretan ez direla «arraro» sentitzen gauza batzuk planteatzeko orduan.

Euskarazko hedabideetan aurrerapausoak eman dira azkeneko urteetan, dokumentalaren egilearen ustez. «Lerroburu batzuk ez dira onartzen. Esaldi batzuk desagerraraziak ditugu gure hiztegietatik». Kattalin Minerrek dio nabari dela noiz den uneko hanka sartze bat, nahi gabe egindakoa, eta noiz den nahita egina, behin eta berriz. Minerrek hau gaineratu du: «Begiratu alboetara, eta ez dago dudarik eskaintzen den edukian eta trataeran. Herri ekimeneko euskal hedabideak hobeto daude».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.