Nerea Reparaz eta Joseba Olagarai arituko dira ETB1eko 'Entzierroa'-n

ETB1ek goizero emango ditu sanferminetako entzierroak. Bihar dokumental bat emango dute

Nerea Reparazek eta Joseba Olagaraik aurkeztuko dute Entzierroa ETBn, hilaren 7tik 14ra. ETB.
urtzi urkizu
2022ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
RTVErekin lortutako elkarlan hitzarmen bati esker, ETB1ek Iruñeko sanferminetako entzierroak emango ditu aurten. Entzierroa saioa goizero egingo dute, uztailaren 7tik 14ra —07:45ean hasiko da emankizuna—. Nerea Reparaz eta Joseba Olagarai kazetariek aurkeztuko dute programa hori. Bestalde, Leire Martinez eta Albina Stardust kazetariak kaleko jai giroaren berri ematen eta herritarren iritziak biltzen arituko dira.

Hilaren 6an, ETB1en ikusi ahalko da sanferminetako txupinazoa ere; Martxelo Sotesek eta Ilaski Serranok aurkeztuko dute, eta Egoitz Txurruka arituko da kaleko giroaz.

Edozein herriko... gauetako saioa Iruñeko Baluarte inguruan jarritako plato batean egingo dute. Suak ere emango dituzte hilaren 9an, 10ean, 12an eta 13an. Eta, uztailaren 7an, Baluarte jauregian bertan egingo dituzteETBko albistegiak.

ETB1ek, bestalde, Zer ote ziren sanferminak? dokumentala estreinatuko du bihar, 22:15ean. Pablo Iraburu zinemagileak zuzendu du, eta lau ekoiztetxeren artean egin dute: Arena, Labrit, Calu Creative eta 601. Gaizka Arangurenek egin ditu aurkezle lanak. Dokumentalean, 140 herritarren lekukotza jaso dute: oroitzapen eta bizipenetan barna bidaiatuko du lanak, eta sanferminetako irudi eklektiko eta plurala eskaini. Atzo egin zuten dokumentalaren aurrestreinaldia, Iruñeko Golem zinema aretoetan.

Sanferminek presentzia nabarmena izango dute ETBko beste saio batzuetan ere: Biba Zuek! magazinean, En jake aktualitateko saioan eta Nos echamos a la calle arratsaldeko saioan.

EITBko irratien emanaldiak

Iruñeko jaietan murgilduko dira EITBko irratiak ere. Euskadi Irratiko Faktoria saioa, adibidez, Nafarroako hiriburuan egingo dute San Fermin egunean; Gazteako Dida saioak zuzeneko emanaldi berezia egingo du Gazteluko Plazatik txupinazoaren egunean, eta Radio Euskadiko Boulevard saioa ere hiriko kaleetan izango da uztailaren 6an: Udaletxe plazako Casa Seminario eraikinean egingo dute programa, 09:00etatik aurrera.

Emankizun horiek guztiak Internet bidez entzun ahalko dira, eta Eitb.eus atarian webgune berezi bat sortuko dute sanferminen inguruko edukiak biltzeko.

EITBk Lau Teilatu egitasmoa abiaraziko du, bestalde. Lehen ekitaldia Maialen Gurbindo musikariaren kontzertu bat izango da, uztailaren 10ean, Baluarte jauregian.

Iantzi La1ko entzierroetan

TVEn, berriz, Julian Iantzi, Ana Prada eta Teo Lazaro izango dira esatariak entzierroei buruzko saioan. 40 urte dira Espainiako telebista publikoa sanferminak ematen hasi zela. Lazaro korrikalariak entzierroen analisia egingo du La1 kateko emankizunean. Entzierroen ibilbidean, 32 kamera izango ditu TVEk; entzierroa hasi aurretik, drone bat ibiliko da zezenak dauden eskortan. Ehun langile arituko dira sanferminen berri ematen TVErentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.