Albistea entzun

Netflixek eta Amazonek edukiak euskaratzen jarraituko dute aurten

Netflixen 85 film eta telesail daude euskarazko audio edo/eta azpidatziekin; Amazonen, beste 71
<em>The Rings of Power</em> euskarazko azpidatziekin estreinatu zuten, irailaren 2an. Abenduaren 28an iritsi da bikoizketa.
The Rings of Power euskarazko azpidatziekin estreinatu zuten, irailaren 2an. Abenduaren 28an iritsi da bikoizketa. AMAZON Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2023ko urtarrilak 4

Euskararen larrialdiak streaming plataformen eskaintzan bere horretan jarraitzen du, baina azkeneko hilabeteetan zenbait plataformak aurrerapausoak eman dituzte. Netflixek eta Amazon Prime Videok BERRIAri ziurtatu diote aurten jarraituko dutela filmak eta telesailak euskarara, katalanera eta galegora bikoizten eta azpidazten.

Bi plataforma horiek dira jauzirik handiena eman dutenak: 2021eko irailean, Netflixen hiru film baino ez zeuden euskarazko audioarekin; Amazon Prime Videon, bi besterik ez. Zer Non Ikusi atariaren informazioaren arabera, egun Netflixen 85 film edo telesail ikus daitezke euskarazko audioarekin edo azpidatziekin; eta Amazon Prime Videon, beste 71 lan. Horien artean, Netflixeko 11 film eta lau telesail daude euskarazko audioarekin ikusgai; eta Amazon Prime Videon, 22 filmek eta lau telesailek dute euskarazko audioa.

Netflixek iazko martxoaren 15ean egin zuen iragarpena: urtean 200 ordu azpidatzi eta 20 ordu bikoiztuko zituela. Sasoi berean ekin zion Amazon Prime Videok euskarazko edukiak katalogoan txertatzeari. Netflixeko iturriek iragarri dute etorkizunean «etenik gabe» jarraituko dutela edukiak euskaraz, katalanez eta galegoz katalogoan txertatzen. Amazon Prime Videoko iturriek, ildo beretik, esan dute egunero ari direla lanean edukiak euskarazko azpidatziekin edo bikoizketarekin plataforman gaineratzeko. «Konpromisoa dugu Espainiako eduki original guztiak euskarara azpidatzita edo/eta bikoiztuta estreinatzeko», diote Amazon Prime Video España-ko ordezkariek. The Lord of the Rings: The Rings of Power telesaila irailaren 2an estreinatu zuten, euskarazko azpidatziekin. Euskarazko bikoizketa, ordea, ez da iritsi abenduaren 28ra arte.

Filmin plataforma da, hala ere, euskarazko eduki gehien dituena: 108. 2021eko irailean ere hala zen, baina 65 lan zeuden orduan euskaraz. Dokumentalak, animaziozko filmak, film laburrak, telesailak eta pelikulak ikus daitezke euskaraz Filminen.

Bestelakoa da Disney Plusen bidea: ez du eduki bakar bat ere euskaraz. Abenduaren 14an, Irabazi arte telesaila jarri zuten, euskaraz. Hurrengo egunean euskarazko bertsioa kendu zuten, eta gaztelaniazkoa baino ezin da ikusi orduz geroztik.

HBO Max zerbitzuan lau film daude euskarazko audioarekin.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bertsolariak koplatan, Azpeitiko taberna batean. ©GOTZON ARANBURU / FOKU

Giroa epeltzeko, bertsoak

Amaia Jimenez Larrea

Azpeitian ospatu da Bertso Eguna, bertsolarien eta bertsozaleen arteko topagunea. Berrikuntzak izan ditu aurten: arratsaldeko ekitaldiaren ordez, afaria eta saio nagusia izan dira Elikagunean.
 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Milioika gauza txar ekoizten dira, eta zenbait onak: hori da orain artisautza»

Amaia Igartua Aristondo

1857koa da Gorostiaga denda, eta bide gorabeheratsua izan du, Pirlaren arabera: 1920an, arrakasta; ondoren, gainbehera; sarri uholdeek erasan diote, eta, azkenaldian, ekoizpen industrialak.
Pamela Anderson Kanadako aktorea, <em>Pamela, a love story</em> dokumentalaren fotograma batean. ©NETFLIX

Andersonek hitza hartu du

Urtzi Urkizu

Netflixek 'Pamela, a love story' dokumentala estreinatuko du asteartean. Lan horretan, Pamela Anderson aktoreak bere bizitzaren errepasoa egiten du. Memorien liburu bat ere idatzi du.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...