'Abiapuntua' saioaren bigarren denboraldia bihar hasiko da, ETB1en

Zortzi atal emango dituzte, bakoitza gai bati buruzkoa. Gorputz ez-normatiboez ariko dira bihar

Abiapuntua saioan parte hartuko duten gazteetako batzuk, Xabier Madariaga aurkezlearekin. ETB.
urtzi urkizu
2023ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Lehen denboraldian bezala, aurreiritziak kolokan jarri eta horiek apurtzen laguntzeko xedea du ETB1eko Abiapuntua saioak. Baina, oraingoan, berrikuntza batekin dator saioa: astero, sei gazte ezberdin izango dira protagonistak —aurreko denboraldi osoan sei gazte izan ziren atal guztietako parte hartzaileak—.

Binaka, zenbait gairekin lotutako errealitateak ezagutuko dituzte gazteek; eta, jakin gabe norekin topo egingo duten, galdera sorta bat erantzungo dute, gaiari buruz dituzten aurreiritziak eta pentsamoldeak azaleratzeko. Errealitate horietan murgildu ostean, sei gazteak Xabier Madariagarekin elkartuko dira, eta aukera izango dute bizi izan duten esperientzia ikusteko, aztertzeko eta eztabaidatzeko. Bertan jakingo dute ikus-entzuleek gazteen iritziak eta pentsamenduak aldatu diren ala ez. Bihar hasiko da ETB1 bigarren denboraldia ematen, 22:30ean.

Unai Iparragirre ETBko zuzendariak zera nabarmendu du: «Denboraldi honek saioaren mamiari eta espirituari eusten dio: gazteekerrealitate diferenteak bizitzea da funtsa, eta, ondoren, hausnarketa egitea. Horretan dago, gainera, saioaren arrakastaren gakoa».

David Castaño Abiapuntua-ko zuzendariak iragarri duenez, landuko dituzten gaien artean hauek daude: gorputz ez-normatiboak, maitasuna, arrazakeria, bizitzeko ereduak, sare sozialak, genero berdintasuna, genero identitateak eta animaliak.

Esperimentuak

Denboraldi berriko lehen atalean, gorputz ez-normatiboak dituzten hainbat pertsonaren errealitatearen berri izango dute. Horretarako, Madariagak sei gazte gonbidatuko ditu pertsona horiek jasaten dituzten aurreiritzien eta oztopoen inguruan hausnartzeko.

Akondroplasia duen 29 urteko gazte baten errealitatea gertutik ikusiko dute gazteek, eta loditasunagatik bizitzako hainbat esparrutan epaituta sentitu den 25 urteko emakume baten testigantzak ere ezagutuko dituzte. Horrez gain, ezkerreko besoa ondo garatu ez zitzaiolako hura ebaki behar izan zioten 30 urteko gazte batekin egongo dira. Esperimentu baten bitartez, gainera, sei gazteek beren larruan biziko dute zer den itxura fisikoagatik epaitua izatea.

Castañok azaldu duenez, esperimentuek tarte garrantzitsua beteko dute bigarren denboraldian: «Herritarren jokabideak eta aurreiritziak azaleratuko dira. Ondorio batzuk harrigarriak egin zaizkigu». Esperimentu horiek EITBren webgunean ere ikusi ahalko dira, zatika.

Programako zuzendariak aipatu du errealitate desberdinen aurreiritziak apurtu egin nahi dituztela. «Saioaren helburua da gure aurrean ispilu bat jartzea». Era berean, Castañok azaldu du Madariaga gazteekin elkartzen denean «hausnartzeko gune bat» sortuko dela. «Iritzi trukean arituko dira gazteak saioan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.