iraia vieira gil

Netflixek euskarara bikoiztu du 'All the Light We Cannot See' telesaila

2023ko azaroaren 1a
00:00
Entzun

Izen bereko eleberrian oinarrituta sortu zuen Netflix plataformak All the Light We Cannot See saila. Bigarren Mundu Gerran inspiratu zen Anthony Doerr autorea liburua idazteko, eta 2015. urtean Pulitzer saria jaso zuen fikzio sailean. Steven Knightek idatzi du telesailaren ingelesezko gidoia, Shawn Levyren zuzendaritzapean. Aurten estreinatu dute; denboraldi bakarra du, lau atalez osatua, eta ez dute gehiagorik egingo. Netflixek euskaratu duen helduentzako lehenengo telesaila da; horren aurretik, harrentzako edukiak baino ez ditu euskarara bikoiztu.

Emakume itsua da Marie-Laure Leblanc —Aria Mia Loberti aktoreak interpretatzen du—, eta bera da telesaileko protagonista. Naziek okupatu dituzten Frantziako lurraldeetatik ihes egingo du aitarekin, gordetzea lortu duten diamantea ez dezaten naziek eskuratu. Gestapoko jeneral batek harrapatu egin nahiko ditu, ordea, eta aita-alabek kostako herri txiki batean ezkutatzea erabakiko dute. Marie-Laure Leblancek bizitza aldatuko dion gizona ezagutuko du han: Adolf Hitlerren armadarako lan egiten duen Werner Pfenning gaztea —Louis Hofmann da aktorearen izena—.

«Narrazioan gurutzatzen diren patuen arteko tentsioak harritu ninduen, eta, bestalde, gerraren suntsipena bizi dutenen errugabetasunaren istorioa gustatu zitzaidan», aitortu du Levyk berak Netflixek argitaratu duen elkarrizketa batean. «Telesaila sortzeko prozesua oso berezia izan da; bizitzan behin bakarrik bizi izaten diren horietakoa».

Marie-Laure Leblanc interpretatzeko aktore itsuak aurkitzea izan zen ekoizpeneko pausorik zailenetakoa. Levyk hasieratik izan zuen argi ikusmen arazoak zituen norbaitek jokatu behar zuela Leblancen rola, baina ez zekien nork. Orduan, Loberti ezagutu zuen castingetako batean, eta, asko pentsatu barik, hura hautatu. Lobertiren lehenengo interpretazio lana izan da.

Aski arrakastatsuak izan diren bestelako saioak ere zuzendu ditu Levyk: hala nola Stranger Things 80ko hamarkadan oinarritutako zientzia fikziozko saila, eta The Adam Project denboran bidaiatzen duen pilotu baten inguruko filma. Bestalde, nazioarteko hainbat lehiaketatan saridun izateko proposatu dute: Urrezko Globoetan, Emmy-etan eta Bafta sarietan, esaterako.

Steven Knightek, berriz, Peaky Blinders telesail ospetsuaren gidoia idatzi du. Hala ere, 2007. urtean estreinatu zuten film batek eman zion izen ona hasieran: Eastern Promises lanak, zehazki. Gainera, Knightek ere hainbat izendapen lortu ditu zinema sarietan: Bafta, EFA eta Oscar sarietan, hain zuzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.