Artxiboko harribitxiekin 'Ez da posible!' saioa egingo du ETB1ek

Etzi estreinatuko dute programa, eta astelehenetik ostegunera izango da ikusgai, 21:15ean

Sebastian Lizaso bertsolaria, ETBko saio batean, 1994. urtean. Halako uneak berreskuratuko dituzte. ETB.
urtzi urkizu
Donostia
2021eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Datorren urtearen amaieran 40 urte beteko ditu ETBk. Urte horietan guztietan askotariko harribitxiak gorde dituzte artxiboan, eta momenturik onenak gaur egungo ikuspegitik begiratzeko ahalegina egin nahi du Ez da posible! saio berriak. ETB1ek etzi estreinatuko du: astelehenetik ostegunera emango dute, 21:15etik 21:30era. ETBren historia, euskal ospetsuen ibilbideak, debutak, famatuen haurtzaroko irudiak, azken lau hamarkadetako kontzertuak eta telebistako momenturik gogoangarrienak berreskuratuko dituzte, besteak beste.

New Media ekoiztetxeak egingo du programa. Ez du aurkezlerik izango. Off-eko ahotsa, berriz, Mikel Fernandezek jarriko du. Jon Garate da saioko zuzendaria, eta helburuen berri eman du: «Egunero ordu laurden batez atzera begiratu, eta ETBren azkeneko urteen errepaso bat egitea da asmoa, betiere irribarre batekin». Gure kasa saioan lanean ari zela ekin zion Garatek ETBko artxiboan arakatzeari. 2.000 bideo baino gehiago begiratu ditu, eta dozenaka orrialdeetan ditu oharrak hartuak. «Baina ezustekoak hartzen ditut oraindik. Irudi ikusgarriak topatu ditut, eta herritarrak harrituta geldituko dira zentzu askotan».

Edonola ere, zuzendariak argi du taldeak zer lortu nahi duen: «Ikus-entzuleak hamabost minutuan irribarre batekin uzteko saio bat da. Inoiz eman gabeko irudiak eta making off-ak ere ikusiko dira. Denetarik egongo da». Adibide gisa, Sebastian Lizaso bertsolaria, zaldi baten gainean, Mexikoko doinuak kantatzen; edo 1992ko Gabon zahar gaueko saioan Anne Igartiburuk eta Anjel Mari Peñagarikanok eman zuten musua; Iker Galarza aktorea, bestalde, haurra zeneko irudi batzuetan azalduko da, Jaime Otamendiri galderak erantzuten.

Atal bakoitzean gai bat landuko dute. Oraingoz, 48 atal izango dira, eta uztailaren 1era arte iraungo du programak.

«Familia osoan ikusteko izango da. Ikusi dituztenek gogoratzeko, eta ezagutu ez zituztenek,ikasteko», aipatu du Garatek. «Modu fresko batean eta bizkortasunarekin egiten saiatuko gara».

Ikus-entzuleen eskaerak

Era berean, ikus-entzuleek beraien eskaerak egiteko aukera izango dute. Duela urte batzuk ETBko saio batean azaldu badira edo senide zein lagun baten irudiak ematea nahi badute 665-3347 45 Whatsappeko zenbakian edo @ezdaposible_eitb Instagram kontuan egin beharko dute eskaera, bideo baten bidez. Eskaerak iritsi ahala, joango dira irudi horiek saioan emanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.