Miamiko zesta-puntako jokalariak Gernikan arituko dira, ETBri esker

ETB1ek Jai Alai Winter Series txapelketa emango du hilaren 29tik aurrera, astelehen gauetan

ETBk Miamitik iritsitako zenbait zesta-puntako jokalariri egin zien harrera, atzo, Bilboko egoitzan. EITB.
urtzi urkizu
2022ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Miamiko Dania pilotalekuaren (AEB) itxiera mugarria izan da zesta-puntako jokalarientzat. Baina euskal jokalari profesional horiek ez dira lehiatu gabe geldituko: ETBren laguntzarekin bereziki, Jai Alai Winter Series txapelketa jokatuko dute Gernikan (Bizkaia), hilaren 29tik aurrera. ETB1ek astelehenetan emango ditu partidak, zuzenean, 22:00etan.

AEBetako zikloa itxi duten zesta-puntako jokalariei harrera egin zien atzo Joseba Urkiola EITB Mediako Kirol zuzendariak, Bilbon. Hala esan zien: «Miamin apurtutako ametsa eta utzitako arrasto garrantzitsua, denon artean Euskal Herrian berreskuratzen saiatuko gara». Baita hau ere: «EITBn ateak zabalik izango dituzue, etapa berri honetan bidelagun izango gaituzue».

Gernikako Jai Alai pilotalekuan jokatuko dituzte txapelketa berriko partida guztiak. Telebistako emankizunen gidaria Xabier Euzkitze izango da —esku pilotako emankizunen aurkezpenarekin jarraituko du—, eta Olatz Foruria kazetariaren laguntza izango du. Gainera, analisiak egiten arituko dira Antxon eta Ricardo Alberdi pilotari eta zesta-punta adituak.

Partidak ETB1en, EITBren webgunean eta ETB Basque kanalean emango dituzte. Kate hori euskal diasporako hainbat tokitan ikusten da, eta berariaz egin nahi dute eskaintza hori Euskal Herritik kanpoko euskaldunek zesta-puntako txapelketa ikus dezaten.

Txapelketak bederatzi jardunaldi izango ditu. Finala, berriz, martxoaren 20an jokatuko dute.

EITBk nabarmendu du zesta-puntak Euskal Herrian hasiko duen «ziklo berriaren aliatu eta sustatzailea» izango dela komunikazio taldea.

Txapelketan jokalari hauek parte hartuko dute: Barandika, Olharan, Etxeto, Goikoetxea, Lopez, Arbe, Beaskoetxea, Aldazabal, Erkiaga, Zabala, Lekerika eta Aldazabal. Bikoteak egin gabe daude, eta hilaren 20an aurkeztuko dute txapelketa.

Dokumental sorta bat

Txapelketari ekin aurretik, ETBk Jai Alai: Azken hegaldia dokumental sortaren lehen bi atalak emango ditu, hilaren 17an eta 24an. Datorren astelehen gauean, Daniako pilotalekuaren itxieraren ingurukoak jakin ahalko dituzte ikus-entzuleek. Halaber,Magic City kristalezko pilotalekuaren (Miami) gorabeherak kontatuko dituzte lehen atal horretan.

Daniako euskal jokalariak ditu protagonista dokumental sortak. ETB1eko ikus-entzuleek hurbiletik ezagutu ahalko dituzte zesta-puntako jokalari horiek.

Martxoaren 21ean, txapelketa amaitu eta hurrengo egunean, dokumental sortaren hirugarren atala emango dute.

Oier Plaza errealizadorea ari da dokumental horiek zuzentzen. Plazak Ur handitan saioaren lehen etapan egin zuen lan —Jaime Otamendi aurkezle zenekoa—, eta zenbait dokumental zuzendu ditu; Abel Arriolari buruzkoa, Joseba Urkiolarekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.