Etxetik etxera egindako saioak amaitzen ari dira ETB1 katean

'Go!azen etxean' gaur bukatuko da. 'Herri txiki, infernu handi' kalera aterako da, bihartik aurrera

Go!azen etxean saioaren azkeneko atala emango du gaur gauean ETB1ek. ETB.
urtzi urkizu
Donostia
2020ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Koronabirusak eragindako derrigorrezko itxialdia dela eta, ETB1ek etxetik etxera egindako zenbait saio estreinatu zituen, eta beste formatu bat zutenek ere formula horri heldu zioten. Pixkanaka-pixkanaka, amaitzen ari dira halako programak euskarazko katean. Ur handitan erreportaje saioa etxetik kalera atera da dagoeneko —asteon bigarren erreportajea egin dute kaleko elkarrizketekin—.

Neska-mutikoei zuzendutako Go!azen etxean saioak, berriz, gaur izango du azkeneko atala (21:00). Martxoaren 25ean estreinatu zuten saioa, eta asteotan telesaileko aktoreak elkarren arteko bideo deiekin aritu dira jo eta su. Junek (Lorea Intxausti) joan den astean azaldu zuen moduan, azterketei heltzeko sasoia dute orain gazteek. Agur esan aurretik, Markel haserretu egingo da, neskek ez baitute berak nahi bezain serio hartzen mutila. Gainera, Zurik jakingo du Aimarrek eta Enekok ez dutela izena eman uda honetako udalekura joateko. Horregatik, Zurik biei deitu egingo die, Basakabira joateko asmoa duten jakin nahian. Igorrek, berriz, gogoko duen neskaren mezu bat jasoko du. Telesailaren hurrengo denboraldiaren grabaketei ekainaren 29an ekingo diete.

Etxekoak telesailaren azkeneko atala asteazkenean emango dute. Zortzi atal izan dira, aktoreek sortutako pertsonaien etxetik etxerako bideo deiekin.

Herri txiki, infernu handi saioak azkeneko bi hilabeteetan etxean egin behar izan ditu atalak. Bihar, berriz, kalera aterako da: Etxebarriko (Bizkaia) herritarrekin osatuko dute saioa (22:00).

Gure kasa-ko lantaldeak, halaber, etxetik egin zuen zenbait astez Zuen kasatik gure kasara. Baina herenegun hurrengo etapa hasi zuen, Miramongo estudioan.

ETB2ko saio gehienak, bestalde, platoan egiten aritu dira itxialdiko asteotan. Gainontzeko kateetan bezala, publikorik gabe egin dituzte programak, eta horrela ari dira gaur egun ere.

Kanaldude, etxetik

Euskarazko beste telebista kateetan pixkanaka ari dira etxetik ateratzen saioak eta erreportajeak egitera. Hamaika telebistako Kolpez kolpe, adibidez, Donostiako Doka kafe antzokian egiten dute joan den astetik.

Kanaldudek, berriz, erabaki du oraindik zenbait saiotan elkarrizketak etxetik etxera edo platotik etxeetara egitea. Konfinamenduan sortutako Har-eman elkarrizketa saioarekin jarraituko du Pantxika Maitiak. Kanaldudeko kideek uste dute emankizun horretan formatu egokia aurkitu dutela hainbat gai aipatzen segitzeko. Harri salda saioa ekainaren bukaera arte itxialdiko baldintzetan egiten jarraituko dute: hau da, Xan Idiart aurkezlea estudioan, eta kronikariak eta gonbidatuak bakoitza bere etxean. Irailetik aurrera, modu berean jarraituko du saio horrek. Kanalduden, era berean, pozik azaldu dira Etxetik sailean herritarrek egin dituzten askotariko ekarpenekin.

Gaur, halaber, bertso saio bat emango du Kanaldudek, eta bost bertsolariak etxetik arituko dira. 16:00etan hasiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.