ETB1ek %1,2ko ikusle kuota izan du apirilean, inoizko txikiena

Aurreko urtearekin alderatuz, zortzi hamarren galdu ditu kateak. ETB2k %10,6ko kuota lortu du

Zuzeneko pilota partidarik ez emateak eragina izan du ETB1en batez besteko kuotaren beherakadan. GORKA RUBIO / FOKU.
urtzi urkizu
2020ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Telebista kateen ikusle datuak neurtzen dituztenetik ETB1ek inoiz bereganatu duen batez besteko ikusle kuotarik txikiena izan du apirilean: %1,2koa. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ikerketa soziologikoa egin eta gero zenbait herritarren etxeetan jarritako neurgailuek emandako datuak dira horiek; Kantar Media enpresarenak, alegia. Eta, neurketa horren arabera, iazko apiriletik hona zortzi hamarren galdu ditu euskarazko kateak. Aurreko hilabeteak, martxoak, joera hori erakutsi zuen: ETB1ek %1,3ko kuota izan zuen.

Zuzeneko kirol emanaldirik ez izateak eragin nabarmena izan du ETB1en beherakadan. BERRIAk 2016ko maiatzean argitaratu zituen datuen arabera, kirol emankizunek euskarazko katearen batezbestekoaren %57 osatzen dute. Orduz geroztik ez da askorik aldatu egoera. Pilota txapelketetako finalak egon diren hilabeteetan, ETB1en batezbestekoak gorantz egin du. Baita uda partean, Italiako Giroari, Frantziako Tourrari eta estropadei esker ere.

Martxoaren erdialdean koronabirusaren krisiak kirol txapelketak bertan behera utzi zituenean, ETB1en ikusle kuotak parte garrantzitsu bat galdu zuen. Hori da apirileko datuaren arrazoi nagusietako bat, baina ez bakarra.

ETB2 kateak gorantz egin du konfinamenduko asteotan: apirilean, %10,6ko ikusle kuota lortu du —2013ko urtarriletik izan duen batezbestekorik onena—. Teleberri-k gorantz egin du koronabirusaren krisia iritsi zenetik, eta %23,8ko kuota izan du apirilean.

Ikusle gehien dituzten kateen artean bigarrena da ETB2, Tele5ren (%13,9) atzetik. Antena3 eta La1 aurretik izan ditu azkeneko urteetan ETB2k, baina azkeneko bi hilabeteetan joera hori irauli egin da. %10etik behera daude egun bai Antena3, bai La1.

ETB3 kateak, bestetik, %0,3ko ikusle kuota izan du, martxoan baino hamarren bat gutxiago. ETB4k aurreko hileko datu bera errepikatu du: %0,6ko kuota.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, telebista kontsumoa inoiz baino handiagoa izan da apirilean: herritar bakoitzak lau ordu eta 56 minutu pasatu ditu egunean telebista tradizionalari begira. Datu horri streaming bidezko plataformek izan duten gorakada gehitu behar zaio.

Publizitatearen jaitsiera

Telebista kontsumoak gorakada handia izan du Hego Euskal Herrian eta Espainian. Publizitateko orduek, berriz, beherakada oso nabarmena izan dute martxoaren bigarren hastetik apirilaren bukaera bitartean. Hego Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Espainiako telebista kate guztiak aintzat hartuta, %50 jaitsi da publizitate orduen kopurua. Horrek eragin handia izango du telebista enpresen urte bukaerako fakturazioan.

Ordainpeko plataformei dagokienez, ETAren sorreran girotutako La línea invisible telesaila Movistar Plusen diferituan ikus-entzule gehien bildu dituen ekoizpena bilakatu da: 596.000.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.