Generalitateak hizkuntz kuotak eskatu ditu plataformetarako

Laura Villagrak esan du Kataluniako Gobernuak katalana babesteko ekimena hartuko duela

Laura Villagra Kataluniako Generalitateko presidentetzako kontseilaria, artxiboko irudi batean. TONI ALBIR / EFE.
urtzi urkizu
2021eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Hurrengo belaunaldiei begira garrantzitsua izango da Espainiako Kongresuan onartuko duten ikus-entzunezko lege orokor berria, eta, hori dela eta, Laura Villagra presidentetzako kontseilariak iragarri du Kataluniako Generalitateak auzian parte hartuko duela. Kataluniako Parlamentuan, ERCren galdera bati erantzunda, Villagrak eskatu du lege berriak hizkuntz kuotak jaso ditzala ikus-entzunezko plataformetan. «Prest gaude ikus-entzunezko lege on bat defendatzeko eta horretan parte hartzeko, batez ere katalana eta katalan kultura babesteko».

Ez da Generalitatea kuotak eskatzen dituen lehena. Kataluniako Ikus-entzunezko Kontseiluak iazko udazkenean zenbait alegazio aurkeztu zizkion ikus-entzunezko lege aurreproiektuari, eta horien artean eskatu zuen streaming plataformak behartzea ekoizten dituzten edukien erdiak katalanez, galegoz eta euskaraz izatera. Generalitateko ordezkariak asteon eskatu du telebista edukietan ekoizpenen erdiak Europakoak izatea, eta horien artean %30 gorde daitezela gaztelania ez den beste hizkuntza ofizialentzat —katalanarentzat, euskararentzat eta galegoarentzat—. Espainiako lege berriak finantzaketaren diru sail bat Kataluniako irrati-telebista publikoarentzat gordetzeko ere eskatu du.

Parlamentuko galderan, ERCko Raquel Sansek gogorarazi zuen Netflixeko edukien %0,5 baino ez direla katalanez, eta HBO plataforman ez direla %0,1era iristen. Sansek eskatu du katalanezko bertsioa duten ikus-entzunezko lan guztiak plataformetan ikusgai izatea.

Euskalgintza ere kuota eske

Katalanak kexu dira plataformetan oso eskasa delako katalanaren presentzia. Are txikiagoa da euskarazko edukiak ikusteko aukera. Horretaz jabetuta, Euskalgintzaren Kontseiluak ere duela egun batzuk adierazi zuen euskararen erabilera bermatzeko kuotak ezarri behar direla. Espainiako Ikus-entzunezko Lege Orokor berriari proposamen bat aurkeztu dio Kontseiluak, eta horretan beste erakunde eta eragile batzuen sustengua eta ekarpenak jaso ditu: Hekimen, Behategia, Tokikom, Pantailak Euskaraz eta Euskaltzaleen Topagunea.

Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak zera ohartarazi du: «Kontuan hartuta zein egoera bizi duten hizkuntza gutxituek ikus-entzunezkoen eremuan, beharrezkoa iruditu zaigu legearen printzipioetan berariaz jasotzea». Bilbaoren arabera, azkenaldian «bolo-bolo» dabil ikus-entzunezkoak euskaraz egoteko aldarria. «Proposamen horren bidez, dinamikari ekarpena egin nahi izan diogu, babes juridikoa lortzeko».

Udazkenean du asmoa Espainiako Gobernuak legearen eztabaida Espainiako Kongresura eramateko. Bilbaoren arabera, orduan ikusiko da euskararen ikuspegitik egindako eskaerak onartuko ote dituzten. Datozen hilabeteetan alderdi politikoekin biltzekotan da Kontseilua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.