'Ur handitan' gaur amaituko da, alkoholismoaren gaiarekin

Saioak 34.000 ikusle izan ditu aurten batez beste. Zortzi gai landuko dituzte zortzi herrialdetan

Duela egun batzuk, Ur handitan saioak Kenyako homofobiari buruzko erreportaje bat grabatu du. ETB.
urtzi urkizu
2018ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
ETB1eko Ur handitan erreportaje saioak gaur amaituko du denboraldia, eta alkoholismoaren inguruan ariko dira 22:35etik aurrera. Alkoholismotik irteteko prozesua bizi duten hainbat euskaldunen lekukotzak jasoko dituzte. «Zaila egin zaigu aurpegia emango duten protagonistak lortzea», aitortu du Ane Rotaetxe saioaren zuzendariak. «Izan ere, beraien elkarteak markatzen duen arauetako bat anonimotasunean mantentzea da». Saioak erakutsiko du alkoholismoak mila aurpegi izan ditzakeela. «Esperantzarako ateak zabaldu dizkigute saio honetan parte hartu dutenek», gaineratu du Rotaetxek.

AGIPAD elkarteak Artikutzako basoan duen baserrira joango da Xabier Madariaga aurkezlea. Bertan egin du Jon Isasak errehabilitazioa, eta Nagore Oroz psikologoa elkarrizketatuko du Madariagak. Bestetik, alkoholismoa zer den ondo dakiten familia bereko hiru belaunaldirekin bilduko dira Elgoibarren (Gipuzkoa).

Ur handitan-ek 38 atal izan ditu denboraldi honetan, eta balantzea «ezin hobea» dela iruditzen zaio programaren zuzendariari. «Azken datuaren faltan, ikusle kuota %2,8koa izan da. Horrek esan nahi du asteartero 34.000 lagunek ikusi dutela saioa. Oso pozik egoteko moduko datua da». Daturik onenak izan zituen atala Motxiladun umeak izan zen: %7,8ko ikusle kuota. Rotaetxek nabarmendu du saioko publikoa gaztea dela: 13-45 urte arteko ikusleak dira gehien-gehienak.

Munduan barna

Denboraldia gaur amaituko den arren, uztailean lau atal berreskuratuko dituzte: transexualitatea, eraso sexistak, dolua eta heriotza duina. «Ikusle asko izan zituzten atal horiek, eta gainera oso ondo baloratu dituzte EITBk egindako inkestetan», esan du Rotaetxek. Ez dira errepikapen soilak izango, saioak gaiarekin lotutako hamabost minutu berri izango baititu aurretik.

Irailetik aurrera, bestalde, Ur handitan saioak eskaintza berezia egingo du: lantaldea munduko zortzi herrialdetan ibiliko da, zortzi gai aztertzeko. Lehen grabaketak Kenyan egin dituzte, eta homofobiaren gaia landu dute bertan. «Astebeteko bidaia egin dugu, eta esperientzia oso aberasgarria izan dugu», kontatu du Rotaetxek. Kenyan, gay, lesbiana, bisexual eta transgeneroek hamalau urte arteko espetxe zigorra jaso dezakete. «LGTB komunitatera gerturatu eta jazarpena nola bizi duten kontatu digute. Bizipen gogorrak jaso ditugu».

Saioak Palestinara eta Israelera egingo du bigarren bidaia; hirugarrena Ameriketako Estatu Batuetara, eta gero Mexikora eta Venezuelara joango dira. Bidaia guztietara ez dira lankide berberak joango. Edonola ere, zuzendariak iragarri du saioak kide eta arduradun batzuei eutsiko diela: «Hodei Zambranok eta Haizea Pastorrek errealizazioaren eta irudiaren ardurekin jarraituko dute». Ikasturte hasieran programa ezberdina izango den arren, Rotaetxek azaldu du marka mantenduko dutela: «Gai jakin bati helduko diogu herrialde bakoitzean. Horrenbestez, zortzi herrialde, zortzi gairi lotuak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.