'Bada' sortu dute, gazteentzako komunikabide elebiduna

Facebooken, Instagramen eta webgunearen bidez hasiko dira. Astean bi eduki aterako dituzte

Bada hedabidearen sortzaileak, atzo, Baionako aurkezpen agerraldian. GUILLAUME FAUVEAU.
Alex Uriarte Atxikallende.
2021eko urriaren 20a
00:00
Entzun
Martxan da Bada Ipar Euskal Herriko gazteen hedabide berria. Iparraldeko tokian tokiko informazioa egungo kanal erabilienetatik eta gazteen interesetara egokiturik eskaintzea du jomuga jaio berri den komunikabide horrek.

Egitasmoaren nondik norakoak azaldu zituzten sortzaileek, atzo, Baionan. Lantalde horren parte da, hain zuzen ere, Lukas Hiriart. Hark azaldutakoaren arabera, Ipar Euskal Herrian «beharrizan oso handia dago» gazteentzako komunikabide «anitz eta garden» bat sortzeko. Bide hori urratzeko asmoz sortu dute, hain zuzen, Bada hedabidea: «Proiektuaren xedea tokian tokiko eta gazteen beharretara egokitutako informazio fidagarria eta orotarikoa eskaintzea da».

Lantaldea jakitun da informazio industriak daraman noranzkoaz, eta horri doitutako hedabide bat sortu nahi izan dute: «Gazteek gehien kontsumitzen dituzten komunikazio sistemetan kanpoko editoreak dira nagusi; horregatik abiatuko dugu egitasmoa sare sozialetatik».

Bada-k, hastapenean, Instagramen, Facebooken eta bada.eus atariaren bidez funtzionatuko du. Nolanahi ere, ez dute baztertzen aurrerago beste plataforma digital batzuk erabiltzea ere, hala nola Spotify, Twitter, Twitch eta Youtube. Eduki aldetik ere, «bilakabide progresiboa» izatea espero dute. Izan ere, astean bi eduki onduko dituzte: batetik, egunerokoarekin lotutako gai bat, eta, bestetik, asteko gertakari nagusiak laburbiltzen dituen emanaldi bat.

Urrunagora begira, buruan dute «bestelako informazio jardueretan murgiltzea», hots, irratsaioak, podcastak eta idatzizko artikuluak egitea, besteak beste.

Hedabide elebiduna

Hiriartek nabarmendu duenez, Bada «euskaratik eta euskaraz» errotutako proiektua da. Dena dela, proiektuaren sortzaileak kontziente dira euskaraz komunikatzeko gaitasun nahikoa ez dutenei ere «merezi duten zerbitzu informatibo berbera» eskaini behar dietela; beraz, Bada hedabide elebiduna izatea erabaki dute.

Antolatzaileek argi dute «Iparraldeko hiru probintzien inguruko testuinguru oro» landu beharko dutela. Hortaz, Hego Euskal Herriko, Frantziako, Espainiako eta mundu mailako «errealitateak» ere ekarriko dituzte.

Ildo editoriala, bestalde, gazteen beharrizanetara moldatuko dute, ikuspuntu argi batekin: «Feminismoa, euskaltzaletasuna, antirrazismoa, gardentasuna eta ekologismoa dira proiektuaren zutabeak». Era berean, «gazteentzako informazioa gazteek gehien erabiltzen dituzten kontsumo bideetatik» ematea izango da lanerako bide nagusia.

Lantaldeak iragarri du Hego Euskal Herriko komunikabideren batekin «saretzen» hasiak direla, baina oraindik ez dute jauzi egingo Hegoaldera. «Behintzat, epe laburrera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.