Martxoaren 6an bilduko da Akitania-Euskadi-Nafarroa euroeskualde berria

Marian Elorzak esan du mugaz gaindiko lankidetzan «aro berri bat» hasi dela. Europa kanpo ekintzaren «erdigunean» jarriko du Jaurlaritzak

Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkaria, atzo. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2017ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Mugaz gaindiko lankidetza sendotzeko apustua egingo du Jaurlaritzak legealdi honetan; besteak beste, Akitania-Euskadi-Nafarroa euroeskualde berriari bultzada emanez. Martxoaren 6an bilduko da lehen aldiz euroeskualde berria, Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkariak jakinarazi duenez. Joan den urtean batu ziren Limousin eta Poitou-Charentes Akitania Berrira, eta euroeskualdeko kide egin zen ofizialki Nafarroa. Mugaz gaindiko lankidetzan «aro berri bat» abiatu dela nabarmendu du Elorzak, Eusko Legebitzarrean. Euroeskualdeko «biztanleen arazoei erantzuna ematea» izango da Jaurlaritzaren helburua datozen lau urteetan, eta, horretarako, lankidetza sustatuko du unibertsitate eta lanbide heziketa zentroen artean, kulturan, hizkuntzan eta mugikortasunean.

Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako idazkaritzaren lan ildoak azaldu ditu Elorzak Eusko Legebiltzarrean. Euroeskualdearekin ez ezik, Iparraldeko Euskal Elkargoarekin ere «lankidetza egonkorra» sortzea izango da Jaurlaritzaren lehentasuna. Elorzak uste du «aukera historikoa» dagoela mugaren bi aldeetako euskal lurraldeen artean harremanak egonkortzeko, eta nabarmendu du «lurralde gobernantza berri» baten oinarriak jartzeko lan egingo duela Jaurlaritzak, hainbat eragilerekin batera.

Basque Country marka

Horrez gain, datorren apirilean hiru urte beteko dira Eusko Jaurlaritzak Basque Country izenarekin ezaguna den Nazioartekotzeko Estrategia abian jarri zuenetik, eta egitasmo hori egoera berrira egokitzeko eta «eguneratzeko» garaia iritsi dela azaldu du Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak. Jaurlaritzak«pertsonak ardatz dituen» Europako Batasunean (EB) sinesten du, eta esan du haren jatorrizko balioak berreskuratzearen alde dagoela. Hori dela eta, Elorzak jakinarazi du aurrerantzean Europa gobernuaren kanpo ekintzaren «erdigunean» egongo dela.

Jaurlaritzak «Europako eraikuntzan zuzenean» parte hartu nahi du, batez ere autogobernuarekin zerikusia duten gaiak erabakitzen diren foroetan, eta, horretarako, ezinbestekotzat jo du Espainiako Gobernuarekin «aldebikotasun» harremanak berreskuratzea. Hori hala, Europako gaiak eta kanpo harremanak aztertzen dituen batzordea berriro biltzeko eskatuko dio Madrili —2010ean egin zuen azken batzarra—. Egun, Europako Kontseiluko lau batzordetan parte hartzen du Jaurlaritzak, baina beste hirutan egon nahi du legealdia amaitu aurretik: Lehiakortasunean, Ecofinen eta Justizian. «Aldarrikapen historikoa eta zilegia da; borondate politikoa baino ez da behar aurrera eramateko», esan du Elorzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.