1976an Basaurin eginiko ihes saioari buruzko telesail bat egingo du ETBk

ETBko fikzio arduradunak esan du aurten estreinatu nahi dutela, baina «zailtasunak» daudela. Pausoka ekoiztetxeak egingo du
Basauriko kartzela, artxiboko irudi batean.
Basauriko kartzela, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Urtzi Urkizu -

2019ko uztailak 24
Azkeneko hiru urteetan, ETBk ez du helduentzako euskarazko telesailik egin —berriki Puntu Koma websaila eman du ETB1ek—. Datozen hilabeteetan, ordea, ekoizpen berri bat iritsiko da euskarazko katera: 1976ko abenduan Basauriko (Bizkaia) espetxean egon zen ihesaldi saiakeran oinarrituta, telesail bat grabatuko du Pausoka ekoiztetxeak. Josu Bilbao ETBko fikzio arduradunak iragarri du helburua telesaila aurten estreinatzea dela, baina aitortu du «zailtasunak» daudela. «Gidoiak lantzen eta azkeneko ukituak ematen ari gara. Ekoiztetxeak aktoreen aurreneko planteamendua bidali digu, baina kontratua oraindik ez dago guztiz itxita», azaldu du Bilbaok. 2016ko udaberrian eman zuen ETB1ek helduentzako azken telesaila: Eskamak kentzen.

Basauriko kartzelako ihesaldi saiakera ETAko Patxi Aranak eta Iñaki Aramaiok, PCE(r)-ko Pedro Martinez de Ilarduiak, eta Santiago Marcos eta Jose Vicente Daroca preso komunek protagonizatu zuten. Azkeneko bi horiek, tailerretako pintura gelako murrutik eskalatuz, teilaturaino igo ziren; teila pare bat kendu eta egur pare bat urratuz, teilatu azpian erabat itsua zen ganbara zabal-zabal batera iritsi ziren. Iheserako beharrezko materiala bertara eraman zuten. Presoek soka luze bat utzi zuten teilatutik lurreraino zintzilik, ihes egin zutela irudikatuz, eta modu horretan, teilatu azpiko ganbaran gorde ziren bost presoak benetako ihesaldirako tunela egiteko. 52 egunez egon ziren ezkutatuta, Guardia Zibilak aurkitu zituen arte.

Josu Martinezek idatzitako Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak (Elkar) liburuan dago istorioa jasota; Aranaren lehen eskuko kontakizuna da. 52 egun kartzela barnean ihes eginda eman eta 875 zaku lur atera ostean, Basauritik aldendu zituzten bostak beste kartzela batzuetara. «Lehenago, ordea, zuzendariarekin batera, kartzelari baten bisita jaso zuen Aranak ziegan», irakur daiteke liburuan. «Kartzelariak Aranak egunero idatzitako papertxoak aurkitu zituen ezkutatuta, eta, haren lanarekin miretsita, esan zion gorde egingo zuela eta kartzelatik ateratzean itzuliko zizkiola». Hitza bete zuen. Aranak bere memoriak idatziak ditu, baina ez dira oraindik argitaratu. Telesaileko istorioan, ETAko presoen artean ihesaldiaren inguruan zeuden eztabaidek tartea izango dute. Benetako gertaeretan oinarrituta, fikzio berri bat osatuko du, edonola ere, Pausokak. 1969an, hamabost presoren beste ihesaldi bat egon zen Basauriko espetxean.

ETBk, udaberrian, deialdi bat zabaldu zuen ekoizpen etxeentzat, «gertuko istorioak» telesail bihur ditzaten. Lau atalez osatutako hiru telesail egitea da ETBren asmoa. Lehena Pausokarena izango da. Hurrengo biak zein izango diren ez dagoela erabakita esan du ETBko fikzio arduradunak. Nahiz eta historia garaikidea jasotzeko gogoa izan, ETBk ez du nahi telesail horiek gertaerak dokumentatzera mugatzea. «Telebistaren hizkuntzarekin narratuko diren istorioak behar ditugu, prime time-an emititzeko egokiak», gaineratu zuen ETBk. «Istorio indartsu eta hunkigarriak, ikusleekin enpatizatuko dutenak».

BECen, finalaren ostean

Ez dute argitu noiz hasiko diren grabatzen ETB1erako fikzio berria. Datorren astean, berriz, euskarazko websail bat grabatuko dute Barakaldon (Bizkaia), eta abendu partean estreinatuko dute EITBren webgunean. «Hamar minutuko zazpi atal izango dira; thriller bat izango da, tentsioko istorio bat», esan du Bilbaok. Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaren ostean BEC erakustazokan harrapatuta gelditu diren pertsona batzuen istorioa kontatuko du. Aktoreak Ainhoa Etxebarria, Erika Olaizola, Sambou Diaby, Iratxe Urkiaga, Juanen Saralegi eta Amaiur Epher izango dira. Hiru Damatxo ekoiztetxeari egindako enkargu bat da; gidoilariak Lander Arretxea, Nerea Ibarzabal eta Beñat Iturrioz izango dira, eta zuzendaria, Peru Isasi. Eusko Jaurlaritzaren kanpaina batekin lotuta egongo den arren, fikzio autonomo bat izango da. Arnasguneen eta bertako herritarren ahalduntzea eta balioa azpimarratzea izango du helburu kanpainak. Pertsonaiak arnasgune desberdinetakoak izango dira.