Albistea entzun

ETBk 'Hitzokei' eta 'SOS kantuak arriskuan' saioak estreinatuko ditu

ETBko zuzendari Unai Iparragirrek esan du «emozioen bilgune» izan nahi dutela aurten. 'Mihiluze' lehiaketa astelehenean itzuliko da
Unai Iparragirre ETBko zuzendaria, atzo, Gasteizen egindako aurkezpenean.
Unai Iparragirre ETBko zuzendaria, atzo, Gasteizen egindako aurkezpenean. RAUL BOGAJO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2022ko irailak 9

Lau berrikuntza nagusi izango ditu denboraldi honetan ETB1ek: Mihiluze lehiaketaren itzulera, euskarazko Conquis gisa har daitekeen Naufragoak, Urko Aristiren Hitzokei saioa eta SOS kantak arriskuan programa berria. Gasteizko FesTVal jaialdiaren barne, ETBk 2022-2023 denboraldiko programazioa aurkeztu zuen atzo. Unai Iparragirre ETBko zuzendariak zera adierazi zuen: «Partekatu nahi ditugun emozioen bilgune izan nahi dugu. Denetariko emozioak eta denontzat». Iparragirrek nabarmendu zuen ETB1en iaz abian jarritako estrategiari eutsiko diotela. «Batez ere, denboraldi berri honetan, albistegiak, kultura eta entretenimendua bultzatzeko ahalegin berezia egingo dugu».

Mihiluze astelehenetik aurrera emango du ETB1ek, 21:30ean. Horrez gain, hilaren 27an Naufragoak abentura reality-a estreinatuko du kateak.

Baina badira berrikuntza gehiago: Urko Aristi kazetariak Hitzokei saio berria aurkeztuko du —Ahoz aho saioaren tokia beteko du—. Gogoetarako eta solasaldirako tarte bat zabalduko du Aristik. Kultura jakintza eta euskara izango ditu ardatz, eta tarte berezia eskainiko die euskararekin lotutako albisteei. Astelehenean estreinatuko dute saioa; ETB1ek astegunetan emango du, 15:45ean.

Gainera, SOS kantak arriskuan saio berria herriz herri ibiliko da, belaunaldiz belaunaldi transmititu baina erregistratu gabe dauden herri kanta «salbatzeko» asmoarekin. Gidariak Klara Mendizabal sopranoa eta Liher musika taldeko abeslari Lide Hernando izango dira, Iker Lauroba musikariarekin batera. Hilaren 18an estreinatuko dute, eta igandeetan ikusi ahalko da. Abestien jatorria eta historia ezagutzeko, eta ondoren bertsio eguneratu bat interpretatzeko, herri hauetara joango dira: Azkaine (Lapurdi), Deba (Gipuzkoa), Errenteria (Gipuzkoa), Hernani (Gipuzkoa), Itsasu (Lapurdi), Luzaide (Nafarroa), Oiartzun (Gipuzkoa), Ondarroa (Bizkaia), Oñati (Gipuzkoa) eta Otxandio (Bizkaia).

Programaziora itzuliko dira Biba zuek eta Hitzetik hortzera saioak, baita Piztu telebista eta Jateko modukoa ere. Artefaktua literatur saioa aurten Ilaski Serranok aurkeztuko du —Yolanda Mendiolak zuzendari jarraituko du—. Teknopolis eta EITB Kultura saioen denboraldi berria ere laster hasiko da.

Unai Iparragirrek BERRIAri azaldu dionez, albistegietan ahalegin berezia egingo dute. «Azkeneko urtean Gaur egun-ek gorakada nabarmena izan du, eta ez genuen espero. Platoa goitik behera aldatuko dugu, inbertsio handia eginda. Espazio handia izango da, pantaila erraldoi batekin». Astelehenean hasiko dira Gaur egun berrituarekin. 20:00etako euskarazko albistegia denboraldi honetan Nerea Reparazek aurkeztuko du. Berriemaileetan izango da aldaketarik: Yerai Diaz Ikaran izango da AEBetako berriemaile berria, eta Amaia Uribe Euskal Herrira itzuliko da.

Egun on, Euskadi saioa Odei Esnaolak eta Olatz Foruriak aurkeztuko dute, goizero.

Iparragirrek iragarri du abenduan beste berrikuntza bat iritsiko dela: Eta bihar zer? Gazteen inkesta handi baten tituluetatik abiatuta, elkarrizketak egingo dituzte profil desberdineko familiekin. Ondotik, eztabaida bat egongo da. Leire Palaciosek aurkeztuko du saioa.

Lau saio berri ETB2n

Kiroletan, ETBko zuzendariak nabarmendu du Winter Series zesta-punta txapelketa itzuliko dela. Astelehen gauetan emango du ETB1ek.

Zinemarik ezin izan da ikusi ETB1en azkeneko hilabeteetan. Baina denboraldi honetan ETB1ek iragarri du Akelarre, Ilargi guztiak eta Ane euskal filmak emango dituela. ETB2n La noche de... saioak 28. denboraldia hasiko du urriaren 4an.

ETB2 kateko berrikuntzei dagokienez, Necesito ayuda dokumental programa estreinatuko dute, prozesu psikologikoak eta erronka emozionalak lantzeko helburu duena. Mikel Santiago idazlearen eskutik, Los 7 pecados capitales saioa iritsiko da —Euskal Herriko hainbat krimen aztertuko dituzte—. Esto es una noche de rock & roll saioan adineko pertsonek rock talde bat osatuko dute. Javi Sierraren eskutik, gastronomia saio berri bat emango du ETB2k: Trío de ases. Pandemiaren osteko zailtasunak gainditu nahi dituzten jatetxeei aholkularitza ematea izango du helburu.

Hilaren 23an, Navarra Hoy itzuliko da ETB2ra.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©MONIKA DEL VALLE / @FOKU

«Euskaraldia oso neorrealista da»

Urtzi Urkizu

ETB1ek 'Dailobit' saioaren bigarren atala emango du gaur, Euskaraldian izandako bizipenekin. Rutak Leire Palaciosekin batera aurkezten du programa. «Naturaltasunez agertzen saiatzen naiz».
Filip Albor, Amaia Karrere eta Arantxa Hirigoien, <em>Ttinka</em> disko-liburuaren egileak. ©MATHIEU HARANBURU/ BELARRI

«Ikusi dut gauza gutirekin anitz pasarazten ahal dela»

Ainize Madariaga

'Ttinka' disko-liburua plazaratu du Hirigoienek, Filip Albor eta Amaia Karrerekin batera.Ttipitik «on» denez kantuak eta ipuinak euskaraz entzutea, haurren beharretara egokitu dute obra.
Jon Zabaleta, HernaniKomik azokan emandako Joseph Camino saria eskuetan duela. ©JON URBE / FOKU

«Marrazteak goizero jaikitzen laguntzen dit»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Trazu ezberdin asko dituen bineta erraldoi bat da Zabaletaren bizitza, marrazkiz zirriborratu duena. Hernani bere jaioterrian saritu dute, eta euskal komikiari egindako ekarpena aitortu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.