Mas presidente izendatzea ez du baztertzen CUPek

Oinarriak kontra agertu arren, «aukera guztiak zabalik» daudela argitu du Bañosek.ERCk ohartarazi du Mas gabe ez dagoela prozesurik

SUSANNA SÁEZ / EFE.
Xabin Makazaga.
2015eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
«Ezin dugu gauza azkar bat egin, garai historikoak eskatzen duen sendotasuna izango ez duena». Lasaitasun mezua eman zuen atzo Antonio Baños CUPen talde parlamentarioko buruak, bezperan Kataluniako ezker independentistako oinarriak, gehiengoz, Artur Mas presidente ez izendatzearen alde agertu ostean. Beraiek «ahalik eta lasterren» irailaren 27ko hauteskundeek utzi zuten «agindu demokratikoa» gauzatuko duen gobernu bat eratzea nahi dutela nabarmendu du Bañosek, eta, presidentetzari buruz, «aukera guztiak zabalik» daudela argitu du.

Martxoan berriro hauteskundeak aurreratzea, Junts Pel Si ez delako urtarrilaren 10erako gobernu bat eratzeko gauza izan, ez dela CUPen gustuko aukera azaldu du Bañosek, igandeko batzarrean bigarren aukera izan arren: «Errepublika bat eratu eta aurrera egiteko aurkeztu nintzen. Gehiengo honekin ez badugu egiten, eta nahasten hasten bagara, niretzat porrot bat litzateke. Ezin dut argiago esan», adierazi zuen atzo Bañosek, RAC1 irratian.

Igandeko batzarrean, Manresan bildutako CUPeko 1.600 militanteen erdiek Generalitaterako Masen alternatiba bat bilatzea bozkatu zuten (823); hauteskundeak berriro egitea (574), Masen aldeko botoa ematea (434) eta Espainiako hauteskundeen ondorenera itxarotea(139) ziren beste aukerak. Bilera informatibo bat izan zela azaldu du Bañosek, ez duela ezertara behartzen, azkenean eskuak altxatuta bozketa egin zuten arren.

CUPen helburua «gaur egun independentista ez den jendea limurtu eta bilduko duen gobernu baten alde» lan egitea dela azaldu du Bañosek, Madrilen «erasoak» eskatzen duelako Kataluniako proiektu independentista «askoz jende gehiagok babestea».

Anna Gabriel diputatuak ere ildo beretik jo du: «Independentzia bozkatuko ez duen jende asko dago, ustelkeria eta murrizketak eragin dituen iraganarekin hausten ez den bitartean». Horregatik, independentzia «giza eraldaketarako palanka bat» dela erakutsi behar dutela adierazi du Catalunya Radion.

Gabrielek argi utzi du Junts Pel Sirekin negoziatzen jarraitzen dutela, eta erantsi du igandeko bozketak ez duela «aterik ixten». Bañosek ere Mas presidente izendatzeko aukera aipatu du, Junts Pel Sirekin akordio bat lortuz gero CUPeko militanteek egingo luketen bilkuran hala erabakiz gero: «Batzarrak esaten badu botoa Masi emateko, guk jendearen agindua beteko dugu».

Gobernurako planean JPS eta CUP ados jarriz gero, presidentetzaren korapiloa askatzen errazagoa izango dela argudiatu du Bañosek: «Zer, nola eta noiz, akordio serio eta konpromisozkoak egiten baditugu, bistan da nor hori asko arinduko dela».

ERCren ohartarazpena

Kataluniako Parlamentuan bi aldiz bozkatu du CUPek Mas presidente izendatzearen aurka, eta, igandean militante gehienek jarrera hori berretsi ostean, independentziarako bidea Mas bera presidente izango duen gobernu bat osatzea dela ohartarazi du ERCk: «Inork uste badu ERCk gehiago egin behar duela akordio bat lortzeko, esan dezala. Edozertarako prest gaude Kataluniako errepublika ezartzeko; baina, Mas gabe, ez da independentzia egingo», esan du Gabriel Rufian Espainiako Gorteetarako zerrendaburuak.

Junts Pel Siren presidentegaia, «ezbairik gabe», CDCko buruzagia dela argudiatu du Rufianek: «Akordiorik gabe ez dago prozesu konstituziogilerik, ez ekintza planik, ez independentziarik». Bozak aurreratzeko aukera baztertu du: «Ez dugu independentisten arteko borrokarik nahi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.