'El conquistador'-en finala zortzi urtean gehien ikusitakoa izan da

Asteleheneko finalak %28ko ikusle kuota lortu zuen. Mikel Perezek irabazi du aurtengo edizioa

Mikel Perez herenegungo finalaren ostean, ikurrina astintzen. BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Hamasei urte dira ETB2k El conquistador del fin del mundo abenturazko saioa martxan jarri zuela, eta azken sei urteetako ikusle kopuru handiena lortu du aurtengoak. Batez beste, astelehenero %22,7ko ikusle kuota lortu du El conquistador del Caribe-k Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Herenegun iluntzean reality programaren finala jokatu zuten, eta %28ko audientzia tasa lortu zuten. Momenturen batean 296.000 lagunek ikusi zuten programa.

Lehiaketaren irabazlea Mikel Perez izan zen, eta 20.000 euroko saria eskuratu zuen. Denetarik egin behar izan zuen finala irabazteko: eragiketa matematiko bat ebatzi, kayakean aritu eta tirolinan ibili.

Abentura programa bere hamazazpigarren edizioa prestatzen ari da dagoeneko. Lehiakideak aukeratzeko hautaprobetan izena emateko epea zabaldu dute, eta, aurrez aurreko castingetan parte hartzeko, hitzordua eskatu beharko da. Horrez gain, sarean ere egin ahal izango dira hautaprobak.

Eraso salaketa sarean

Astelehenean bertan, finalari lotuta 13.000 txiotik gora argitaratu ziren Twitterren, EITBk azaldu duenez. Dena den, atzo, finaleko une bat biltzen duen bideo batek hautsak harrotu zituen. Gazteriaren Kontseiluak eta Ikusgune Gasteizko LGTBIfobiaren aurkako behatokiak eraso salaketa egin zuten. Finaleko momentu batean, Julian Iantzi aurkezleak galdetu zion Eider Garcia Durana parte hartzaileari ea zer harreman mota zeukan bere emaztearekin. Kontseiluaren arabera, «garrantzitsua da horrelako jarrerak salatu, eta eredu positibo eta askotarikoak sortzeko beharra aldarrikatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.