'Zabalza auziaren' testuingurua emateko websail bat abiarazi dute

'Ahotsa.info'-k estreinatua du jada 'Galdutako objektuak'-en lehen atala. 'Non dago Mikel?' dokumentalerako egindako lana baliatu dute

Patxi Zamora Egin-eko erredakzioan, Galdutako objektuak websaileko lehen atalean. AHOTSA.INFO.
urtzi urkizu
2020ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Hilabete gutxi barru, Non dago Mikel? dokumentala estreinatuko dute Amaia Merinok eta Miguel Angel Llamas Pitu-k. Espainiako Guardia Zibilak Mikel Zabalza atxilotu ostean, desagertu eta hogei egunera azaldu zen gorpua 35 urte beteko dira aurten Zabalza hil eta Bidasoa ibaian agertu zenetik, eta auzi haren inguruko ikerketan murgilduta dabiltza. Dokumentalerako egindako ikerketatik material asko kanpoan gelditu zaizkiela aitortu du Pituk. «Eduki batzuek ez zuten harreman zuzenik Zabalzaren auziarekin, baina testuingurua azaltzeko, behar-beharrezkoa zen guretzat horren berri izatea». Horregatik, erreportajeen websail bat argitaratzea erabaki dute, Galdutako objektuak izenburupean. Aurreneko atala, Egin y las cloacas de Intxaurrondo, ikusgai dago Ahotsa.info atarian. Izan ere, Ahotsa.info-k plazaratuko ditu websaileko hurrengo atalak ere.

Websaila abiarazteko arrazoien artean, buruan zer izan duten argitu du Llamasek: «Azaldu beharko genuke zer zen Intxaurrondoko kuartela [Donostia]. Nola zen posible pertsona bat atxilotzea, kuartelera eramatea eta gero halako istorioak muntatzea. Gaur egungo gazte askok esango dute ea nola zen posible modu horretan pertsona bat desagerraraztea. Horretarako, ulertu behar da nortzuk zeuden Intxaurrondon lanean. Zer egiten zuten, zer harreman zuten narkotrafikoarekin eta gerra zikinarekin, eta nola torturatzen zuten jendea, inpunitate osoarekin». Websaileko aurreneko atalean, Egin egunkariko ikerketa taldeaz aritzen dira. Izan ere, Patxi Zamora Egin-eko ikerketa taldeko kide ohia elkarrizketatu dute egunkariaren egoitzan, Hernanin (Gipuzkoa). Egin-en bitartez garai hartako testuingurua azaltzeko modua izan dutela nabarmendu dute egileek.

Maiztasun jakinik gabe

Ahotsa.info-ko kidea da Llamas, eta websailaren bitartez materiala «pixkanaka-pixkanaka» argitaratzeko modua aurkitu dutela uste du. «Ez genuen grabatutako material hori guztia galtzea nahi». Websailaren atalek ez dute maiztasun jakinik izango. Baina, iragarri dutenez, zenbait atal Non dago Mikel? dokumentalaren estreinaldiaren aurretik argitaratuko dituzte, eta beste zenbait, estreinaldiaren ostean.

Websailean agertuko diren gaien artean, hauek egongo dira: Jon Arretxeren pertsonaia sakonean dokumentalean, jasandako torturen lekukotza agertuko da; Eva Foresten lana torturaren inguruan; Zabalzaren familia; Zabalzaren neska lagun Idoia Aierberen istorioa —harekin batera atxilotu zuten—; Nazio Batuetako kontalari edo errelatoreei egindako elkarrizketak; eta El Mundo egunkariko kazetari batekin Intxaurrondoko kuartelari buruz izandako elkarrizketa. Beste erreportaje bat, halaber, oso berezia izango dela iragarri du Llamasek: «Pako Etxeberria auzi medikua eta Iñigo Iruin abokatua elkartu, eta goizalde batean Endarlatsara [Nafarroa] joan ginen, Zabalzaren gorpua agertu zen tokira. Poliziak emandako bertsio ofiziala aztertu zuten, eta bertsio ofizial horrek zer-nolako hutsuneak dituen azaldu zuten. Oso interesgarria da haien ekarpena».

Proiektuari Galdutako objektuak izena jartzeak badu bere arrazoia. Izan ere, Zabalzaren ama 1985ean Intxaurrondora semeaz galdezka joan zenean, atean zen guardia zibil batek honela erantzun zion: «Semea galdu baldin baduzu, joan zaitez galdutako objektuetara».

Non dago Mikel? dokumentalak zinema jaialdietan izango du lehen estreinaldia; finantzaketa kolektiboan parte hartu zutenekin proiekzio pribatuak egingo dituzte gero; zinema aretoetan eta herriz -herriko proiekzioetan zabalduko dute; eta dagoeneko akordioa egin dute zenbait telebista katek eman dezaten. Izar Films ekoiztetxeak ere parte hartuko du dokumentalean —ekainean, intsumisioari buruzko lana estreinatu zuen Izar Filmsek—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.