«Entzierroak euskaraz ere nahi dituela erakutsi du jendeak»

ETB1eko 'Entzierroa' saioak hutsune bat bete duela uste du Nerea Reparaz aurkezleak. %10,3ko ikusle kuota izan du batez beste

Korrikalari bat, belauniko, Miurako zezenak pasatzen ari zirenean, herenegungo entzierroan. JESUS DIGES / EFE.
jakes goikoetxea
2022ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Sanferminetako berrikuntzetako bat izan da: ETB1ek euskaraz eta zuzenean eman ditu entzierroak. Entzierroa ordubeteko programa osatu eta eman du Iruñeko jaietako ekitaldi nagusietakoaren inguruan. Ikusleek babestu dute programa: %10,3ko ikusle kuota izan du batez beste; euskaldunen artean, ia halako bi (%21,3). «Entzierroak euskaraz ere nahi dituela erakutsi du jendeak», uste du Nerea Reparaz kazetari eta saioaren aurkezleak. «Datuek erakusten dute programak hutsune bat bete duela». Reparazek Joseba Olagarairekin batera aurkeztu du Entzierroa. K-2000k ekoitzi du programa.

Lantaldea pozik dago egindako programekin eta jasotako erantzunarekin. Hutsetik hasi behar izan dute, eta egunez egun lanak finduz joan dira.

Entzierroak izan dira saioaren oinarria. «Saioaren helburua zen entzierroari merezi duen garrantzia, errespetua eta seriotasuna ematea», azaldu du Reparazek. «Baina jai giroa ahaztu gabe, eta erakutsi nahi izan dugu sanferminak entzierroa baino askoz ere gehiago direla». Aurkezleak uste du lortu dutela bien arteko oreka. Saioaren lehen ordu erdia «serioagoa» izan da, entzierroei lotuagoa, eta hurrengo ordu erdia sanferminetako bestelako ekitaldiei eta protagonistei buruzkoa, «umore pixka batekin».

Reparazen iritziz, egunez egun ikasi dute tonua moldatzen eta martxa hartzen, «une bakoitzean zer behar zen ulertzen». Aurkezlearen arabera, bi aurkezleek soslai ezberdina edukitzea izan da saioan oreka eta tonu egokia lortzeko gakoetako bat: Reparaz albistegietan aritzen da, aktualitateko gaiak lantzen; Olagarai, berriz, entretenimendu programetan. Saioa hasi baino astebete lehenago ezagutu zuten elkar, eta ondo moldatu dira.

Lantaldeko kide gehienak nafarrak izan dira: aurkezleak, berriemaileak eta gonbidatuak. Horretan ahalegindu dira. «Uste baitugu tokiko ikuspegi batetik kontatzeak zerbait ematen diola saioari», Reparazen iritziz. «Jendeak ondo hartu du».

Aurkezleak entzierroei buruz ikasten aritu dira programaren aurreko egunetan, baina adituen esku utzi dituzte azalpen zehatzak. Ikusleak izan zitzakeen galderak egiten saiatu dira. Lantaldeak ahalegin berezia egin du entzierroei buruzko datuak biltzen, «entzierroetan datuak oso garrantzitsuak baitira».

Ez dute zailtasunik izan entzierroei buruzko aditu euskaldunak aurkitzeko eta programan azalpenak ematea lortzeko. Reparaz harritu egin da, konturatu baita «Euskal Herrian eta euskal komunitatean badela jende jantzia entzierroei dagokienez». Josu Vazquez korrikalari ohia eta Asier Alvite albaitari eta korrikalaria arduratu dira azalpen teknikoez. «Guztiek lagundu digute entzierroen erradiografia bat egiten».

Emakume gutxi

Reparazek badu arantza bat: platora emakume gehiago ez eraman izana. «Ez da izan saiatu ez garelako», azaldu du. «Baina oraindik ere gizonek hartuta daukate entzierroen plaza, eta, gero eta emakume gehiago badira ere, izugarri kostatu zaigu guregana gerturatzea».

Entzierroak urtero ikusten zituen Reparazek. Urtero, egun batean, bertatik bertara ikustera joaten zen Arbizutik Iruñera, familiarekin. Etzierroen inguruan «kontraesanak» dituela dio. «Inoiz ez dut zezenketarik ikusi, eta ez dut sekula ikusiko. Entzierroa mugan dago».

Erronka izan da entzierroei buruzko saioa aurkeztea. Harriduraz hartu zuen eskaintza, ohituta baitago albistegiak aurkeztera eta berriemaile lanetan aritzera: «Saioak gozatzeko eta lasaitasunez aritzeko aukera eman dit. Iruditzen zait halako esperientziek aberastu egiten dutela, eta badirela ohiko lanetan aplikatu ahal izango ditudan gauzak».

Udan opor egun batzuk izango ditu, eta, gero, ETB1eko albistegietara itzuliko da, Gaur Egun-era. Irailean albistegietan eta aktualitateko gaiak lantzen arituko da: «Albistegiak dira nire bidea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.